Elkarlan Sariak
Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Eusko Jaurlaritzak 32 milioi euro bideratuko ditu garapenerako lankidetzako proiektuetara eLankidetzaren bitartez

2022-04-16
  • Proiektuak zuzenduko dira pobretutako herrialdeetako biztanleen garapen jasangarriari laguntzera eta errealitate horiek euskal gizartera hurbiltzera

 

Gobernu Kontseiluak aste honetan bertan oniritzia eman dio garapenerako lankidetzako proiektuetarako 2022ko deialdiari. eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailean dagoena, 32 milioi euro bideratuko ditu desberdintasunei aurre egingo dieten eta pobretutako herrialdeetako biztanleen bizi baldintzak hobetuko dituzten proiektuetara.

Deialdia GGKEei zuzenduta dago eta hiru modalitatetan banatuko da: garapenerako lankidetzako proiektuak; garapen produktiboko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuak, eta gizartea eraldatzeko hezkuntza proiektuak.

eLankidetzak funtsen %20 Saharaz hegoaldeko Afrikan gauzatutako proiektuetarako gordeko ditu eta %10 emakumeen ahalduntzea eta genero desberdintasunak ezabatzeko ekimenetarako. GGKEek hilabeteko epea izango dute proiektuak aurkezteko, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Deialdia maiatzean ateratzea aurreikusten da. 

 

Hiru dirulaguntza lerro

Garapenerako lankidetzako proiektuak 26 milioi euro jasoko dituzte guztira. Proiektuek balioko dute pobreziaren eta desberdintasunen aurka borrokatzeko eta Hegoaldeko herrialdeetan ahalduntze prozesuak indartzeko.

2021ean, Euskadiko 36 GGKEetako 77 proiektu onartu ziren. Horien artean, nagusiak ziren honako hauek: emakumeen ahalduntzea eta horiek jasaten dituzten indarkeria anitzen aurkako borroka; giza eskubideen eta LGTBI+ eskubideen defendatzaileen babesa Etiopian, El Salvadorren edo Brasilen; herri indigenen eskubideak sustatzea Bolivian, Guatemalan edo Indian; ekonomia sozial eta solidarioko alternatibak jorratzea Hondurasen edo Boli Kostan, edo komunikazio proiektuei laguntzea Mexikon edo Senegalen, besteak beste.

Garapen produktiboko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuei dagokionez, 1,2 milioi euro bideratuko dira. Iaz, lau proiektu onartu ziren; adibidez, Habanako erdigune historikoa birgaitzeko edo Kolonbiako Cauca Iparraldeko emakumeei ekonomia alternatiboen inguruko prestakuntza emateko.

Azkenik, Euskadin egingo diren gizarte-eraldaketarako hezkuntzako proiektuek 4,8 milioi euro jasoko dituzte. Helburua da herritarren inplikazioa eta elkartasuna sustatzea eta beste errealitate batzuk Euskadira hurbiltzea.

2021ean onartutako 20 proiektuk giza eskubideak, feminismoa, balioetan oinarritutako hezkuntza edo ekonomia sozial eta solidario gisako gaiak jorratu dituzte; gehienek, Hegoaldeko biztanleen errealitateetako lotura zuten.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)