Garamendik dio transferentzien prozesuan Espainiako Gobernuaren hitzak eta ekintzak ez datozela bat

2022-04-13
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak dio akordioetara iristeko borondatean eta Gernikako Estatutua betetzean dagoela gakoa, “aitzakiarik gabe”.
  • Transferentziek euskaldunei emandako opari edo pribilegio gisa aurkezten dituzten aurreiritziak deuseztatzeko eskatzen du.

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak ekintzak eta ez soilik hitz onak eskatu dizkio Espainiako Gobernuari, egiteke dauden transferentzien prozesuari dagokionez. Pedro Sanchezen Gobernuari Gernikako Estatutua eta adostutako eskualdatze egutegia osatzeko eskatu dio, eta Estatuko Administrazio Orokorraren “birzentralizaziorako bulkada” salatu du, bai transferentziei dagokienez, bai autogobernua bide juridiko eta legegile desberdinetatik husteari dagokionez.

Herri Irratia-Radio Popular irratian egindako adierazpenetan, Garamendik esan du Espainiako Gobernuak transferentzien prozesuari buruz adierazitako borondateak ez datozela bat ekintzekin. “Borondate ona ikusten dut Estatuko Gobernuan, baina ez dut ekintzarik ikusten. Hitz politak dira, ekintzek bermatzen ez dituztenak. Horregatik, gure Estatutua betetzeko eskatzen jarraitu behar dugu”, adierazi du elkarrizketan.

Transferentzia prozesua amaitzeko ageriko borondate irmoa berretsi ondoren, Garamendik Espainiako Gobernuari eskatu dio buru-belarri jar dadila transferentziak gauzatzeko lanean, eta transferentziak opariekin edo pribilegioekin identifikatzen dituzten aurreiritziei amaiera emateko eskatu du. "Ez dira egiten dizkiguten kontsezioak, Gernikako Estatutua osatzea baizik. Nik horretan dihardut, Estatutua bururaino betetzeko lanean, eta ahalegin guztia egingo dut hala izan dadin. Madrili gauza bera eskatzen jarraituko dut, Lurralde Politikako Ministerioak agendako lehen lerroan jar dezan”, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak adierazi duenez.

Ildo horretan, gogorarazi du, transferentzia prozesua moteltzen ari denez, bere sailak erabaki duela ez geratzea Madrildik iristen zaizkion transferentzia proposamenen zain, baizik eta proposamen horiek egin eta hemendik bidaltzea. Horrela egin zen duela hilabete batzuk Meteorologia, Itsasertzaren Kudeaketa eta Zinematografia Babesteko Funtsarekin – Ministerioaren erantzunik oraindik jaso ez duten proposamenak- eta laster bidaliko da Euskaditik Immigrazioaren transferentziari buruzko proposamena. “Proposamen hori oso aurreratuta dago, eta bizkortu egin dugu, garrantzitsua baita Euskadi beti harrerako herri solidarioa izan delako”, adierazi du Ukrainaren inbasio errusiarraren eta migratzaile ukrainarren fluxuaren ondoriozko egoera aipatuta.

Garamendik Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren (IMV) eskualdatzeari buruz ere hitz egin du, eta gogorarazi du "bereziki zaila" izan dela, "Gizarte Segurantzari buruzko esparru bat ukitzen denean, nolabaiteko beldurra eta alarma dagoelako". Azaldu duenez, Estatuan "kosta egiten zaie, batzuetan, Konstituzioak eta Estatutuak aitortutako foru-berezitasuna ulertzea", "Ekonomia eta finantza erregimenaren berezitasuna". Pedro Sanchezen legealdia amaitu baino lehen Gizarte Segurantzaren kudeaketaren eskualdatzea egingo den ala ez galdetuta, Garamendik zehaztu du Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketaz ari garela, Euskadik bere gain har ditzakeen prestazio asko dituela, eta horrek ez diola eragiten ez sistemaren batasunari, ez lurraldeen arteko elkartasunari.

Herri Irratia-Radio Popular irratian egindako elkarrizketan adierazi duenez, autogobernuak esan nahi du bertotik kudeatzea, ezagutzatik abiatuta, "eta horrek ongizatean eragiten duela". Gainera, baieztatu du Estatuko Administrazioak beti izan duela "bulkada birzentralizatzailea", une bakoitzean gobernatzen ari den alderdi politikoa edozein delarik ere. Bulkada zentralizatzaile hori bide askotatik eman da; izan ere, Estatutua ez betetzeaz gain, "beste modu batzuk daude mugatzeko, aitortutako autogobernua inausteko", hala nola, Estatuaren oinarrizko arauen bidez edo Eusko Legebiltzarrak onartutako legeen eta arauen aurka, Auzitegi Konstituzionalaren aurrean, jarritako errekurtsoen bidez.

"Hori guztia zentralizazioa ere bada, eta horren aurka, etengabe, alertan egon behar dugu suposizio horiek zehazteko eta geure burua defendatzeko, itunaren bidetik bada, hobe, baina baita ere bide judizialetik hala behar bada", gaineratu du Garamendik. Gogorarazi du, halaber, Voxek helegitea jarri diola IMVri, eta espero duela aurrera ez egitea.

Ildo horretan, Garamendik adierazi du Eusko Jaurlaritza "foraltasuna" defendatzeko eta autogobernua "zaintzeko" egongo dela, eta horretarako, aldebiko harreman handiagoa eskatu du Estatuarekin, bide judizialera baikinateke ohitu beharko; izan ere, askotan, "autogobernua nolabait kaltetu ahal izan duen doktrina bat sortu du" bide horrek.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak