Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak ziurtatu du Euskadi eraldaketa digitalari aurre egiten ari dela eta eredutzat Gestionet taldea hartu du

2022-04-13
  • Iñigo Urkullu duela 20 urtetik hona irtenbide digital berritzaileetan espezializatuta dagoen talde horren Erandioko instalazioetan izan da

Arantxa Tapia sailburuarekin batera, Lehendakaria Gestionet-eko zuzendaritza-taldearekin bildu da gaur goizean, eta Axpeko (Erandio) enpresa-eremuan kokatuta dagoen talde horren 20 urteetako ibilbidearen mugarri esanguratsuenetako batzuk ezagutu ditu; izan ere, talde hori espezializatuta dago erantzun digital berritzaileak edo softwareak garatzen inteligentzia edo adimen artifiziala edo big data erabiliz.

Iñigo Urkulluk hitzaldian eskerrak eman ditu, bertatik bertara ezagutu ahal izan duelako nolako ibilbidea egin duen “aitzindaria eta ekintzailea” den proiektu batek, eta Gestionet jarri du Euskadi eta Europa egiten ari diren eraldaketa digital, berde eta sozialaren “erreferentzia aurreratu” gisa.

Ziurtatu du pandemiak bultzada eman diola telelanaren eta urrutiko prestakuntzaren aldeko apustuari. Eraldaketa digitala bizkortu egin dela, eta Gestionet aitzindaria izan dela behar horiei erantzun eta konponbide berritzaileak ematen.

Adierazi duenez, Gestionetek bezala, Euskadin informazioaren gizartea bultzatzeak 20 urteko ibilbidea du dagoeneko, eta Eusko Jaurlaritzaren 2025 Eraldaketa Digitaleko Estrategia aipatu du. Estrategia horrek 1.400 milioi euro bideratuko ditu Administrazioan eraginkortasuna handitzeko eta industriari lotutako zerbitzu aurreratuen eskaintza garatzeko.

Amaitu du esanez Euskadi herri aktibo eta erakargarria dela. Joan den astean, Standard and Poors agentziak eta, gaur egun, Fitch agentziak, hobetu egin dutela Euskadiren nazioarteko kalifikazioa. Bi albiste on, gure Herriaren gaitasuna eta kaudimena egiaztatzen dutenak.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak