Aukerak Suspertzen programaren aurrekontua 300.000 euro handitu da Ukrainatik heldu diren adingabeak integratzeko

2022-04-13
  • Eten digitala murrizteko eskolaz kanpoko laguntza-programak 2123 haur eta nerabe artatu zituen 2021ean, hau da, aurreko urtean baino %90,57 gehiago
  • Baliabide hori erabili duten familien kopurua ere handitu egin da, 928tik 1673ra pasatuz
  • Gipuzkoa da erabiltzaile adingabeen hazkunderik handiena izan duen lurralde historikoa: 576 erabiltzaile 2021ean eta 118 erabiltzaile 2020an

Vitoria-Gasteiz, 2022/04/13

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek Aukerak Suspertzen 2021 programaren jardueraren txostena eta ekitaldi honetarako berrikuntzak aurkeztu ditu gaur. Familien eta Haurren Zuzendaritzak sustatu eta Agintzarik kudeatzen duen eskolaz kanpoko hezkuntza programa honen helburua da eten digitala murriztea eta gizartean desabantailan dauden haur, nerabe eta familien gaitasunak indartzea, tokiko sare komunitarioa aktibatuz.

Gaur goizean Bilbon egin den ekitaldian Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Oscar Granado Agintzari SCISen Aukerak Suspertzen programaren koordinatzaileak ere parte hartu dute.

Bere hitzaldian, Artolazabalek iragarri du Eusko Jaurlaritzak “300000 euro gehituko dituela aurrekontuan, Ukrainatik etorri diren adingabeei ere laguntzeko”. Izan ere, Aukerak Suspertzen programaren helburua, sailburuak gogorarazi duenez, “gizarte-balioekin konprometitutako gizartea sortzen laguntzea da: berdintasunezkoagoa, parte-hartzaileagoa, gaituagoa eta solidarioagoa”.

Aukerak Suspertzen 2021, datuetan

2021eko balantzeak oso datu positiboak eman ditu, programa sendotu dela baieztatzen dutenak. Eskolaz kanpoko hezkuntza-laguntza jaso duten adingabeen kopurua %90,57 hazi da aurreko urtearekin alderatuta. Guztira 2123 haur eta nerabek hartu dute parte ekimen horretan (2020an baino 1009 gehiago). Datu horietatik, %75 ikastetxe publikoetatik etorritakoak dira eta %25 itunpeko ikastetxeetatik.

Hazkunde hori EAEko lurralde guztietan gertatu da; hala ere, bereziki nabarmena izan da Gipuzkoan, 2020an 118 adingabe izatetik 2021ean 576 izatera igaro baita. Igoera proportzionala izan da beste lurraldeetan ere: Bizkaian, 725etik 1118ra, eta Araban, 271etik 429ra.

Familiei dagokienez, aurreko urtean Aukerak Suspertzen programaren onuradunak nabarmen igo dira (%80,28): 1673, aurreko urteko 74en aldean. Profilari dagokionez, familia gehienak bi gurasokoak (% 53) eta guraso bakarrekoak (% 38) dira.

Ildo horretan, Aukerak Suspertzen-ek 156 gailu eta 81 konektagarritasun-txartel eman ditu joan den ikasturtean, eta, aldi berean, eskolako lanetan lagundu eta ikasteko teknikak indartu ditu.

Aukerak Suspertzen programaren kostua 966.489,43 eurokoa izan da 2021ean.

Beatriz Artolazabalek azpimarratu duenez, 2021ean Aukerak Suspertzen programan artatutako 2123 adingabeen %40 “Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetatik bideratu ziren; horiek desabantaila sozialeko egoeran dauden familiak identifikatzen dituzte”. Gaineratu duenez, “adingabeak eta familiak programaren buru den Agintzari kooperatibara bideratzen dira, eta hortik laguntza ematen duten hogei elkarteetako bakoitzera”.

Ideia horretan sakondu du Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburuak ere, eta nabarmendu du beharrezkoa dela “guztiok batera aurrera egitea, arreta berezia behar duten ikasleei eta familiei arreta berezia eskainiz”, horrela “hezkuntza-sisteman berdintasuna eta ikasle guztien aniztasunari erantzuna bermatzeko, eskola inklusiboaren esparruan beren garapen pertsonala eta soziala bultzatzeko”.

Bestalde, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok adierazi duenez, “diskriminazio teknologikoa pobrezia eta gizarte-bazterkeria mota bat da, herritar batzuei aukera-berdintasunean garatzeko funtsezko baliabideak kentzen baitizkie. Berdintasunaren alde lan egin behar dugu, eta ahaleginak egin behar ditugu inor atzean gera ez dadin”.

Tokiko komunitate-sarearen aktibazio horri esker, 2021ean 12tik 64ra igo da parte hartzen duten erakundeek eskolaz kanpoko hezkuntza-laguntza ematen dieten udalerrien kopurua, gizartean desabantailan dauden haur, nerabe eta familiei.

Lankidetza-sarea handitu egin da

Agintzari buru dela, Aukerak Suspertzen programan parte hartzen duten erakundeen kopurua hirukoiztu egin da urtebetean. Hala, gaur egun, 22 erakunde eta 3 elkarte laguntzaile ditu hiru lurraldeetan; 2020an, berriz, 8 erakunde eta 7 elkarterekin hasi zen programa.

Oscar Granado Aukerak Suspertzen Agintzariko koordinatzailearen hitzetan, programaren bidez sortutako lankidetza-sare gero eta handiagoari esker, “beharrak hobeto hauteman dira eta arreta integralagoa eta lankidetzakoa da”, eta, aldi berean, “komunitate erresilienteak sortzen laguntzen du, adingabeek erreferentzia-figurak izan ditzaten, beren ikasketa akademikorako eta bizitzarako gaitasun egokiak gara ditzaten eta konpromisoan, elkartasunean eta bizikidetzan oinarritutako balioez elikatzen dira”.

Aukerak Suspertzen Inor Atzean Utzi Gabe COVID Funtsaren bidez, Eusko Jaurlaritzak, 2020an, pandemiak eragindako edo areagotutako arrisku-, bazterketa- edota pobrezia-egoerei erantzuteko sustatu zituen zortzi programetako bat da.

Artolazabalek gogorarazi duenez, “programa hori entzute aktibotik sortu zen, administrazio publikoaren eta Hirugarren Sektore Sozialaren arteko eraikuntza partekatuari bide emateko. Ondoren, COVID funtsetik erakunde propioa eskuratzera pasatu zen, Familien eta Haurren Zuzendaritzaren aurrekontuen barruan, eta hazten eta finkatzen jarraitu du”, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren zerbitzuen barruan.

“Erronkak ditugu programa gizartean gehiago indartzeko eta familia ahul gehiagotara iristeko”, esan du sailburuak. Horretarako, 2022rako ezarritako helburuen artean dago sortutako sarea sendotzea eta hedatzea; parte hartzen duten erakundeen kopurua handitzea; eta, oinarrizko gizarte-zerbitzuekin eta bestelako tokiko eragileekin lankidetzan, programari atxikitako udalerrien kopurua handitzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Juan Mari Aburto(Bilboko alkatea); Koldo Narbaiza Olaskoaga(Bilboko udaleko Euskara eta Hezkuntzako Zinegotzia); Juan Ibarretxe(Bilboko udaleko Gizarte Ekintzako Zinegotzia)