‘Larreinetako funikularra: Burdinazko bidea’; Trapagarango historian zeharreko ibilbidea
- Euskotrenek erakusketa iraunkor bat inauguratuko du gaur funikularraren instalazioetan. Helburua da garraiobide horren berezitasuna eta meatze-haranaren garapen ekonomiko eta turistikoan duen garrantzia balioestea
- Iñaki Arriola eta Javier Hurtado sailburuek, Miguel Ángel Gómez Viar Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko foru-diputatuarekin eta Xabier Cuellar Trapagarango alkatearekin batera, 1926ko funikularraren kabina historikoa duen erakusketa bisitatu dute
- Ekimen hori erakunde arteko proiektu zabal baten barruan kokatzen da (Eusko Jaurlaritza, Aldundia eta Trapagarango Udala), zonaldean mugikortasun iraunkorra bultzatzeko
Euskotrenek, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren menpeko sozietate publikoak, erakusketa iraunkor bat inauguratuko du gaur Larreinetako funikularraren instalazioetan. Helburua da garraiobide horren berezitasuna eta Trapagarango meatze-haranaren garapen ekonomiko eta turistikoan duen garrantzia balioestea. Erakusketak gure historiaren zati garrantzitsu bat hurbiltzen die herritarrei, eta beste erakargarritasun bat eskaintzen die, besteak beste, Zugaztieta eta Peñas Negras Ingurumen Interpretazioko Zentroak osatzen duten babestutako gune naturalaz gozatzeko.
Erakusketa bi erakusketa-gune nagusitan banatzen da, La Escontrillako eta Larreinetako geltokiak, eta funikularrak elkartzen ditu. Hainbat azalpen-panel eta bideotan, haranaren bilakaera ekonomiko, sozial eta kulturalari buruzko ibilbide historiko bat egiten da; horren bidez, lanarekin eta ahaleginarekin inguruneko industria-hazkundean eta meatzaritzaren garapenarekin lotura estua duen langile-mugimenduaren sorreran lagundu zuten pertsonak omendu nahi dira. Izan ere, jatorrian funikularra Trapagarango goiko auzoetara salgaiak eta pertsonak garraiatzeko sortu zen, Zugaztietako meatze-jardueraren ondorioz populazioa esponentzialki handitu baitzuten.
Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak erakusketa bisitatu du gaur goizean, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuarekin, Miguel Ángel Gómez Viar Bizkaiko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko foru-diputatuarekin eta Xabier Cuellar Trapagarango alkatearekin batera.
1926tik, inauguratu zen urtetik, gaur arte, funikularra ezinbesteko garraiobidea da Trapagaranen bizi diren pertsonentzat. Hain zuzen ere, auzo-ekimen bat izan zen, Asociación Larreineta-Funicular elkarteak gidatua, hura kontserbatzeko neurriak bultzatzeko beharra agerian utzi zuena; neurriok, gaur egun, errealitatea dira 2014az geroztik, Kultura Ondasun gisa katalogatuta dagoelako, monumentu-multzo kategoriarekin.
Erakusketaren erakargarritasun nagusietako bat, egoiliarrentzako balio sentimentalagatik zein interes turistikoagatik, funikularraren kabina historikoa ikusteko aukera da. Kabina hori Euskotrenek zaharberritu du eta Larreinetako geltokiaren ondoko terrazan kokatu da. 1926ko egurrezko kabina originala da, 1985ean beste material mugikor modernoago eta erosoago batekin ordezkatu ondoren, erabilerarik gabe geratu zena.
Erakusketa erakunde arteko proiektu zabal baten barruan kokatzen da (Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Trapagarango Udala) zonaldean mugikortasun jasangarria bultzatzeko. Lankidetzaren barruan, parte hartzen duten hiru erakunde publikoek helburu bera dute: Trapagaran-Zugaztieta tartea zero isuriko garraio jasangarriko bektore bihurtzea. Lanean ari gara espazio deskarbonizatu eta mugikortasun jasangarriko espazio handi bat sortzeko, zero isurikoa, Escontrilla eta Zugaztietaren artean. Helburu horretan aurrera egiteko, Euskotrenek autobus elektriko bat izango du, tarte horretan anezka-zerbitzua eskainiko duena. Gainera, gaurtik aurrera funikularrean bizikletekin bidaiatzea doakoa izango da. Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailak bizikletak prest jartzeko eta mantentzeko bi puntu estreinatu berri ditu bi geltokietan.
Dibulgazio-jardueren barruan, taldeen bisitak bultzatuko dira ikastetxeekin eta hiru erakundeek koordinatuko dituzten elkarteekin lankidetzan, erakusketaren inaugurazioaren ondorioz sortutako txartel espezifiko batzuen bidez.
FUNIKULARRARI BURUZKO DATU INTERESGARRIAK
Bizkaiko Foru Aldundiak eraiki zuen Larreinetako funikularra, Sustapen Ministerioak 1921eko martxoaren 11n emandako emakidari jarraikiz, eta 1926ko irailaren 25ean inauguratu zen. Bere 95 urte baino gehiagotan, funikularrak zerbitzua eman du meatzaritzako langileak igotzeko eta burdin mea Zugaztietako ustiategitik fabriketara eramateko. Gainera, uztailaren 15eko 150/2014 Dekretuaren bidez, Kultura Ondasun gisa kalifikatu zen, monumentu-multzo izendapenarekin.
Larreinetako funikularra eta haren ingurua herritarrei euskal meatzaritzaren iragana hurbiltzeko elementu garrantzitsuak dira. Bere berezitasun nagusietako bat, zalantzarik gabe, plataforma horizontala duten ibilgailuak dira. Horien gainean, bidaiarien kabinak jar daitezke, edo haien azalera libre utzi, errepideko ibilgailuak zein era guztietako salgaiak eraginkortasun handiagoz garraiatzeko diseinatuta baitaude. Egitura metalikoa Suitzan eraiki zen jatorriz.
Pertsonak garraiatzeko kabinak Ortuellako Triano trenbidearen tailerretan eraiki ziren, ia hiru tonako pisuarekin. Zurezko pieza itxiak ziren, eta hiru atalek 60 pertsona hartzeko edukiera zuten, bai eta salgaiak garraiatzeko plataforma estali bat eta balkoi ireki bat ere. Jatorrizko kabina horiek 1985era arte erabili ziren, eta urte horretan diseinu berriko beste kabina batzuek ordezkatu zituzten. Irizar enpresak diseinatu zituen kabina berriak (Ormaiztegi, Gipuzkoa).