Euskal herritarren herenek baino gehiagok hartzen dute kontuan ingurumena erosteko eta kontsumitzeko ohituretan

2022-04-18

Euskadiko Merkataritzaren Behatokiak Euskadiko kontsumitzaileek eta erabiltzaileek erosteko eta zerbitzuak erabiltzeko prozesuetan agertzen duten ingurumen-kontzientziazioaren mailari buruzko azterlan bat egin du

Euskal herritar gehienak kontzientziatuta daude, eta uste dute ingurumena zaindu behar dela erosteko erabakia hartzen denean, betiere kostuak gehiegizkoak ez badira edo herritarren kontura ez badira.

Euskadiko Merkataritzaren Behatokiak (Enfokamer) landu duen “Euskal herritarrak eta jasangarritasuna. Kontzientziaziotik ekintzara” azterlana aurkeztu da gaur. Azterlan horren helburua da euskal herritarrek ondasun eta zerbitzuen kontsumoari eta erosketari dagokienez ingurumenaren alde hartzen dituzten konpromiso zehatzen eta jasangarritasunaren inguruan nolako inplikazio-maila duten jakitea.

Txostenaren ondorio orokor nagusia honako hau da: euskal kontsumitzaileen % 68,2k adierazi dute ingurumena kontuan hartzen dutela ondasunak eta zerbitzuak kontsumitzeko ohituretan, horregatik erosotasun batzuk alde batera utzi behar badituzte ere, eta ekintza oro, txikia izanik ere, lagungarria den uste osoa dute.  Azterlanak agerian utzi duenez, zenbat eta handiagoa izan ingurumen-kontzientziazioa edo jasangarritasunari lotutako gaiekiko kezka, orduan eta handiagoa da, halaber, balio horrek euskaldunen erosketa-erabakietan duen garrantzia. Izan ere, euskaldun gehienek uste dute ingurumena babestu behar dela, betiere kostuak gehiegizkoak ez badira edo herritarren kontura ez badira. Gainera, inkesta egin duten pertsonen erdiek, gutxi gorabehera, ingurumenaren kontserbazioa defendatu behar dela uste dute, horrek kostu handiak baditu ere.

 

Etxeko kontsumoa

Zerbitzuak erabiltzeko neurriei dagokienez, % 39,2k adierazi dute etengabe dutela gogoan etxeko energia-kontsumoa, eta ahal den neurrian murrizten dutela zarrastelkeria. Horretarako, argiak eta etxetresna elektrikoak itzaltzen dituzte erabiltzen ez direnean, hozteko edo berotzeko aparatuen termostatoen graduak jaisten dituzte eta abar. Eta kontsultatutako pertsonen herenek uraren aurrezpena txertatu dute beren ohituren artean. Ildo horretan, % 31,1ek dutxa laburrak ematen dituzte bainuen ordez, ura berrerabiltzen dute edota txorrota ixten dute eguneroko jardueretan, hala nola harrikoa egitean edo hortzak garbitzean.

 

Mugikortasun jasangarria 

Mugikortasun jasangarriari dagokionez, azpimarratu beharra dago Arabako herritarrek mugikortasun jasangarria bultzatzen duten neurrien alde agertutako jarrera, batez ere hiriburuan. Izan ere, Gasteizek apustu irmoa egin du gizarte-erantzukizun handiko mugikortasun efizienteago baten alde.  Ildo horretan, herritarrak, oro har, bat datoz “hiriek edo udalerriek zentzuzko mugikortasun-soluzioak eta garraio jasangarriko sistemak behar dituztela” adierazten duen ideiarekin. Zehazki, % 44,8 erabat ados daude, eta % 37,7 ados samar. Kontsultatutako hamar pertsonatik ia zortziren (% 77,4ren) ustez, “bidegorriak hobetu eta zabaldu beharko lirateke, eta haien erabilera herritarrengan sustatu beharko litzateke”. Hiri-inguruneetan abiadura orduko 30 km-ra mugatzeari dagokionez, % 49,4 alde daude, neurri handiagoan edo txikiagoan. Kutsadurari aurre egiteko hirietako erdialdean elektrikoak ez diren ibilgailuak debekatzeko neurriaren kasuan, adostasun-tasa % 39ra iritsi da. 

 

Merkataritza eta kontsumoa

 

Azterlanak islatzen duenez, kontsultatutako pertsonen % 40,2k adierazi dute ia beti hartzen dutela kontuan “kontsumo arduratsua” eguneroko bizitzan.  Zehazki, % 44,2k adierazi dute beren poltsak eramaten dituztela elikagaiak erostera joaten direnean, material horren gehiegizko erabilera saihesteko. Era berean, % 43,4k janaria alferrik ez galtzeko ahaleginak egiten dituzte. Horrek, jakina, eragina du erosteko erabakietan, erosketa-planteamendu zentzuzkoagoa egiten baita. Bestalde, % 87,6k uste dute tokiko merkataritza txikia ekonomiaren funtsezko zati bat dela eta gizarte- eta ingurumen-jasangarritasunean lagunduko duten agente nagusietako bat izan beharko lukeela.

 

Garapen Jasangarrirako Helburuei dagokienez, honako datu hau azpimarratu behar da: herritarren % 63,5ek adierazi dute erabilera bakarreko plastikoak desagerrarazteak eta poltsa berrerabilgarriak erabiltzeak Euskadiko tokiko merkataritzak landu beharreko helburu edo konpromiso nagusia izan beharko lukeela.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak