Euskal kontsumitzaileen herenek baino gehiagok erosteko ohiturak aldatu dituzte, pandemiaren aurreko jokabidearekin alderatuta

2022-04-14

Euskadiko Merkataritzaren Behatokiak euskal kontsumitzaileek ezegonkortasun handiko testuinguruan agertzen dituzten kontsumo-jokabideei eta erosteko erabakia hartzean prezioari ematen dioten garrantziari buruzko azterlan bat egin du.

Euskal herritarrek zentzuzko kontsumitzailetzat jotzen dute beren burua erosteko erabakian prezioa kontuan hartzean, baina ez dute arazorik gehixeago ordaintzeko produktuak kalitate handiagoa eskaintzen badu.

 Euskadiko Merkataritzaren Behatokiaren (Enfokamer) azterlan baten ondorioak argitaratu dira gaur. Azterlan horretan, azken hilabeteetan energiak eta lehengaiek izan dituzten igoerek, inflazioak izan duen gorakadak eta, orain, Ukrainako inbasioaren ondorio ekonomikoek erosteko ohituretan nolako eragina izan duten aztertu da.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado sailburuaren ustez, analisi horren helburua da “jakitea pandemiaren ondoren eta egungo testuinguruan erosteko erabakiei lotutako alderdiak kontsumitzailearen gogoan berrantolatu diren eta dagoeneko prezioak kontsumo-erabakietan zeregin garrantzitsua betetzen duen”. Txostenak ildo horretan aurreratzen duenez, euskal kontsumitzaileen % 35,2k neurri handiagoan hartzen dute kontuan prezioa, eta erosteko ohiturak aldatu dituzte COVID-19ak eragindako pandemiaren aurreko jokabidearekin alderatuta. Azterlanari erantzun dioten euskal herritarrek, oro har, zentzuzko kontsumitzailetzat jotzen dute beren burua, baina prezioa kontuan hartzen badute ere, ez dute arazorik gehixeago ordaintzeko produktuak kalitate handiagoa eskaintzen badu. Euskal kontsumitzaileak kontsumitzaile praktikoa, zorrotza eta informatua dela dio.

Ildo horretan, azterlanak azpimarratzen duenez, gizarteak, gizarte-estratua edozein izanik ere, erosketa dibertsifikatua egiten du prezioari dagokionez, produktuari ematen dion balioaren arabera. Kontsumitzaileak erosketaren egokitasuna baloratzeko gehieneko eta gutxienekoen muga subjektibo bati jarraitzen diola dirudi, eta hiru kontsumitzailetik batek preziorik onena lortzeak sari psikologiko atsegingarriak aktibatzen dituela dio. Azpimarratu beharra dago pandemiaren ondoren kontsumo-ohitura jakin batzuk txertatu direla gizartean, hala nola marka zuriko produktuak erostea edo fidelizazio-txartelak erabiltzea. Erosteko ohiturak gehien aldatu dituzten kontsumitzaileak 49 urtetik beherakoak dira. Halaber, emakumeek neurri handiagoan hauteman dute kontsumo-ohituren aldaketa.

 Ohiko kontsumo-ondasunei (elikagaiak, garbiketa-produktuak eta drogeria-produktuak) dagokienez, euskal kontsumitzaileak balio handiagoa ematen die saltokiaren hurbiltasunari eta kalitatearen eta prezioaren arteko erlazioari. Erosteko erabakian eragina duten elementu nagusien artean, produktuen kalitatea azpimarratu beharra dago lehenik eta behin, hau da, espero den kalitatea. Inkesta egin duten pertsonen % 67,6k hori kontuan hartzen dutela adierazi dute. Bestalde, honako hauek bilatzen dira: hurbiltasuna (% 58,0), prezioa (% 57,5), erosteko erosotasuna (% 21,1) eta arreta pertsonala (% 17,9).

Ildo horretan, kontsultatutako pertsonen % 70 oso ados edo ados samar agertu dira elikagaien kasuan kalitateko produktu batengatik gehixeago ordaintzea axola ez zaiela zioen adierazpenarekin. Azterlanak, azken batean, euskal kontsumitzaileak elikagaiaren kalitateari prezioari baino lehentasun handiagoa ematen diola uzten du agerian. Hala ere, pertsona gehienek adierazi dute zentzuzko erosketaren irizpideari jarraitzen diotela, batez ere hautemandako prezioen igoeraren ondorioz, eta ez diotela begirik kentzen amaierako tiketari.

 Jasangarritasun-irizpideei dagokienez, kontsumitzaileen % 17,9k karbono-aztarnan inpaktu txikia eragingo duten erosketa jasangarriak egin nahi izaten dituzte.

Noizbehinkako ondasunei (arropa, liburuak, elektronika, zaletasunak eta altzariak) dagokienez, euskal kontsumitzaileek ez dute neurri handian hauteman noizbehinkako ondasunen prezioen igoera, prezio horien bilakaerarekiko kezka agertu badute ere. Nolanahi ere, ondasun horien kasuan, eskariak behera egin du pandemiaz geroztik.
Euskal kontsumitzaileek adierazi dutenez, azken hiru urteetan ez dituzte aldatu noizbehinkako ondasunak erosteko ohiturak, baina adierazleek kontrakoa diote. Alde batetik, produktu batzuen online erosketak gora egin du. Bestetik, noizbehinkako ondasunen kontsumoa eta gastua pandemiaren aurretik baino txikiagoa da. Azterlanaren azken ondorioak ezartzen duenez, etorkizunean euskal kontsumitzaileek, erosteko erabakia hartzeko garaian, neurri handiagoan hartuko dituzte kontuan prezioak, sustapenak eta eskaintzak, eta balio erantsi txikiagoko produktuetan gastuak murrizteko joera bat egongo da.

2 iruzkin
  • 2022-04-15

    Era berean, batzuek pila egokia erabiltzen dute baimenekin eta ekoizle-banatzailearen lana egiten dute.

  • 2022-04-15

    también haya quien emplee una pila adecuada con permisos y haga de persona productora.distribuidora

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak