Berriak Hezkuntza

526.000 euro Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeetako eskaintza partzialerako (Gobernu Bilera 2022-4-12)

2022-04-12

Gobernu Kontseiluak gauko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten Euskadiko itunpeko ikastetxe pribatuei zuzenduriko Agindu bat. Honen bidez, dei egiten zaie aipaturiko ikastetxeei 2022-2023 ikasturterako dirulaguntzak eska ditzaten, eskaintza partzialeko modalitatean heziketa-zikloak emateko. Deialdi honen baitan eman daitezkeen dirulaguntzen guztizko zenbatekoa 526.000 eurokoa da.

Kopuru hori honela banatuko da: %70 industria-eremuko zikloetara bideratuko da, eta %30 zerbitzuen eremuko zikloetara.

Eskaintza partzialak, modulu edo ikasgai solteetan matrikula egiteko aukera ematen dio Lanbide Heziketako ikasleari. Ohiko matrikulan, aldiz, ikasleek ikasturteko modulu guztietan matrikulatu behar izaten dute. Eskola orduetan bertaratzeak derrigorrezkoa izaten jarraitzen du modalitate honetan, baina denbora gutxiago eskaintzen zaionez, ikasleak bestelako jarduera batzuekin bateratu dezake modulu hauek ikastea.

Kualifikazio maila hobetu nahi duten 18 urtetik gorako pertsonei zuzendua izaten da eskaintza partziala, betiere Lanbide Heziketako zikloetara sartzeko baldintzak betetzen badituzte. Lanbide-modulu hori edo horiek gaindituz gero, ziurtagiri akademikoa eta lortutako konpetentziei gehitzeko akreditazio partziala eskuratzen ditu ikasleak. Matrikulazio epea ikasturte hasieran ireki ohi da.

2021-2022 ikasturte honetan, Lanbide Heziketako itunpeko 11 ikastetxek eskaintzen dute eskaintza partziala. Zehazki, 14 heziketa-ziklotako 76 modulu, erdi mailakoak nahiz goi mailakoak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko