Enplegu Plan Estrategikoak 2.071 milioi euro aurreikusten ditu 80.000 enplegu sustatzeko eta 23.000 enpresa laguntzeko 2024ra arte (Gobernu Bilera 2022-4-12)

2022-04-12

2021-2024 Enplegu Plan Estrategikoak 2.071 milioi euro bideratzea aurreikusten du 80.000 enplegu sortzea sustatzeko, 23.000 enpresa laguntzeko eta 48.100 langabe birkualifikatzeko. Bere helburuen artean, kalitatezko enplegua sustatzea nabarmentzen da, pertsona guztiak gizarteratzeko eta laneratzeko baldintzetan. 

Jaurlaritzaren Kontseiluak, Idoia Mendia Lan eta Enpleguko sailburu eta lehendakariordearen proposamenez, 2021-2024 Enplegu Plan Estrategikoa onartu du gaur. Plan horren bidez, Euskadik postpandemian bultzada sozioekonomikoa ematen lagundu nahi da, hiru trantsizioak ezarriz, digitala, energetiko-klimatikoa eta demografikoa, bai eta enplegu inklusiboa eta kalitatezkoa sustatzea ere, kontratu sozial berri baterako. 

Planaren erronka ez da soilik enplegu gehiago sortzea, baizik eta enplegu gehiago sortzea kalitatezkoa eta pertsona guztiak erabat gizarteratzeko eta laneratzeko aukera emango duten baldintzetan. Gizarte-eragileen artean beharrezko orekak lortzea da helburua, ekonomia lehiakor eta globalizatu batean helburu hori posible izan dadin. 

Planaren helburu kualitatiboak honako hauek dira: enpleguaren behin-behinekotasuna, nahi gabeko partzialtasuna, lan-istripuak, lan-merkatuan genero-berdintasuna sustatzea, gazteen enplegua, iraupen luzeko langabezia murriztea eta enplegatuen nahiz langabeen enplegua eta prestakuntza babestea hiru trantsizioetarako. Era berean, talde kalteberei eta enplegurako orientazio-, ekintzailetza-, laguntza- eta berrikuntza-zentroen sareari laguntzea bilatzen du, LANBIDEn esku hartzeko eredu berri bat garatzea, laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak garatzea eta Enpleguaren Euskal Legea egitea. 

Kopuru handiak honako hauek dira: 80.000 enplegu sustatzea, 23.000 enpresari laguntzea, 43.000 pertsonaren gaikuntza eta kualifikazioa hobetzea, beste 16.000 pertsona prestatzea gaitasun digitaletan, 5.000 pertsona gaitzea zaintzaren sektorean, 52.000 langileren enplegagarritasuna hobetzea eta langabezia-tasa % 10etik behera jartzea. 

Plan hori bat dator Enpleguaren Espainiako Estrategiarekin, Gizarte Eskubideen Europako oinarriarekin, Garapen Jasangarrirako Helburuekin, 2030 Agendarekin, Next Generation UE programarekin, Ekonomia Berreskuratu, Eraldatu eta Biziberritzeko Planarekin, legegintzaldi honetako 2020-24ko Gobernu Programarekin, Euskadiko Suspertze Ekonomikorako eta Enplegurako 2020-24ko Berpiztu Programarekin eta saileko beste plan eta programa batzuekin. Era berean, enpleguaren arloan hiru foru-aldundiek eta hiru euskal hiriburuetako udalek kontuan hartzen dituzten planak eta programak deskribatzen ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko