"Euskararen normalkuntzaren aukerak eta erronkak: gazteen eta udal teknikarien pertzepzioa" dokumentuaren aurkezpena

2022-04-05

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, Agirre Lehendakaria Center-ekin (ALC) batera, euskararen inguruan dauden pertzepzioak eta narratibak jaso ditu 2021ean gazteekin eta euskara teknikariekin egin den azterketa kualitatiboan. Eusko Jaurlaritzako Euskaldun berria aretoan egin dute aurkezpena ALCko kide diren Leire Cancio eta Julen Larrañagak, eta proiektuaren abiapuntuaz eta baliagarritasunaz aritu da Josune Zabala Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria. 

Lan hau gauzatu eta aurkeztearen oinarria Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP, 2012) berritzeko HPS egiten ari den aurre-lanetan kokatzen da. Izan ere, 2022an  dagokio Hizkuntza Politikako Sailburuordetzari gogoeta egin eta datozen urteetako estrategia definitzea. Horretarako, aurtengo urtean beharrezko izango diren input askotarikoak bildu nahi izan dira, eta hauxe da horietako bat: 2021ean, Agirre Lehendakari Centeren bidez gauzatu dena. 

ALCren egitekoa izan da bere marko teoriko eta metodologikoa baliatuz, entzute-prozesua egitea: gazteei begira, bereziki. 14 eta 35 urte bitarteko gazteekin egin dira harremanak. Euskal Autonomia Erkidegoko gazteek euskarari dagokionean dituzten pertzepzioak eta eraldaketarako gakoak zein diren jakin nahi izan da. Hartan, sei narratiba edo pertzepzio ezberdin bilatu dira. Oro har, azpimarratzekoak dira honako ondorioak: euskararen instituzionalizazioa gainditzeko beharra, jarrera aktiboak bultzatzeko premia, arnasgune soziofuntzionalak sortu eta zabaltzeko aukerak lantzea, euskara ikasi eta erabiltzeko modu berriak eraiki eta erraztea, euskarazko sorkuntzari leku ematea, tokikotasuna euskararen aldeko diskurtsoekin lotzea eta diskurtso berritzaileak jorratzea. 

Gazteen narratibetatik harago, udaletako teknikariek euskararen normalizazioaren inguruan eta ESEP berritzeari begira duten iritzia jaso du, bereziki, etorriko den plan berriak kontuan hartu beharko lituzkeen estrategia eta lan metodologikoa hobetzeko asmoz. Lan honetan ere EAEko euskara teknikariek hartu dute parte, eta lau narratiba ezberdin topatu dira teknikarien diskurtsoetan. Euskararen auzia bidegurutzean dagoenaren ideiak azpimarra izan du, errealitate bat eta bakarra baino ezaugarri oso ezberdinetako testuinguruetan hizkuntza politikak diseinatu eta lantzearen beharraz ere aritu dira. Euskara teknikarien ofizioak profesionalizazioan izan dituen aldaketak eta gaur egungo euskara zerbitzuetan garatu beharko liratekeen gaitasun berriei egin zaie erreferentzia. Toki horretatik, Kultura eta Hizkuntza Politika sailetik sortuko den dokumentu berri horretan euskara zerbitzuen errealitate anitzak eta aukera gaitasun askotarikoak kontuan hartuko dituen bidea proposatzea eta tresnak eskaintzeari eman zaio lehentasuna. Plan berriari, oro har, malgutasun handiagoa eta bateratzailea den ikuspegi zabala izan dezan eskatu zaio.

 

 

Iruzkin bat
  • @GEspiau
    2022-04-27

    Comentario de Twitter:
    Euskararen normalkuntzaren aukerak eta erronkak: gazteen eta udal teknikarien pertzepzioa @agirrecenter https://t.co/qNUMQwPLeM

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko