Berriak Segurtasuna

Euskadiko Larrialdietako Zerbitzuek Txindoki mendian istripua izan duen mendizale bat erreskatatu dute

2022-04-10

Biktima erori egin da Txindokin gora zihoala, eta izan dituen lesioen eta istripua gertatu den lekuko orografia zailaren ondorioz, Ertzaintzako baliabideek eta helikoptero batek erreskatatu behar izan dute. Biktima, 73 urtekoa, Gipuzkoako hiriburuko Donostia Ospitalera eraman dute.

Gaur eguerdiko hamabietan, Larrialdietako Zerbitzuari telefono dei baten bidez jakitera eman diote mendizale bat erori egin dela Abaltzisketako udal-barrutian, Aralarren, Txindoki mendian gora zihoala.

Lekura iristeko zailtasunak eta mendizaleak zituen lesioak ikusita, ezin baitzen mugitu dirudienez aldaka hautsita izan zezakeenez, Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko helikoptero baten eta Mendiko Atalaren laguntza eskatu dute. Lekura Donostiako suhiltzaileak ere hurbildu dira, eta biktima ibilgetu egin dute. Erreskate-lanak Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko teknikari batek koordinatu ditu.

Erreskatatzaileek eraman dute aireontzira 73 urteko mendizalea, eta honek Garberako suhiltzaileen heliporturaino eraman du. Handik anbulantzian eraman dute Donostia Ospitalera.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko