Berriak Segurtasuna

Eusko Jaurlaritzak indartu egingo du furgoneten zaintza eta kontrola

2022-04-10
  • Era honetako aurreko kanpainan 257 ibilgailu ikuskatu zituzten, horietatik 9 ibilgetu zituzten eta 41 arau-hauste erregistratu ziren

Apirilaren 11n eta 12an Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, furgoneten zaintza eta kontrola indartuko du, eta kontrol-puntuak jarriko ditu ezbehar-tasa handieneko lekuetan eta merkataritza-zentroen, industrialdeen eta zamalanetako lekuen inguruan. Pisua izango da furgoneten kontroletan ikuskatuko den alderdietako bat.  

Ibilgailu horiek auto konbentzional batek baino bi edo hiru aldiz gehiago pisatzen dute, eta horrek eragina du horiek gidatzeko moduan. Hain zuzen ere, horregatik du bakoitzak gehieneko masa baimendua, eta ezin da gainditu. Era berean, zama behar bezala kokatu behar da ibilgailu barruan, frenatzean edo bihurgunea hartzean zuzen erantzun dezan. Alderdi horrek ere berebiziko garrantzia du istripu bat gertatzen denean, bai istripua eragiten duenarentzat bai inplikatutako gainerako ibilgailuetako bidaiarientzat.

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak gogoratu duenez, “furgonetek gidatzeari eta istripu-tasari dagokienez kontuan izan beharreko berezitasun batzuk dituzte.  Haizearen aurrean ezegonkorragoak dira, ikuspena desberdina dute eta altuera kontuan izan behar da tuneletatik pasatzean; horren guztiaren ondorioz, arreta berezia merezi dute. Kanpaina hauek istripuak saihesteko eta bide-segurtasuna eta Euskadiko errepide-sareko era guztietako ibilgailuen arteko elkarbizitza sustatzeko dira”.    

Era honetako aurreko kanpaina otsailean egin zen, eta ikuskatutako 257 furgonetetatik 9 ibilgetu zituzten eta 41 arau-hauste erregistratu zituzten:

  • 19 Araban
  • 12 Gipuzkoan
  • 10 Bizkaian

Furgoneten kontrola areagotzeko kanpaina hau Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko errepide-sareko bide-segurtasuna hobetzeko helburuarekin, trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko urte osorako programatu dituen 46 kanpainen egutegiaren barruan egingo da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak