Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailak 29,5 milioi euroko laguntzak emango ditu garapen lankidetzako proiektuetarako

2010.eko urtarrilak 12

• Gizarte Gaietako sailburuaren hitzetan, "funts horiek euskal herritarren nazioarteko elkartasunaren adierazpen garrantzitsua dira, zalantzarik gabe".


Fernando Fantova Gizarte Gaietako sailburuak eta Marta Ares Garapen Lankidetzarako zuzendariak balantzea aurkeztu dute gaur, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin hainbat herrialdetan garatzen ari diren garapen-lankidetzako programei buruz.

Garapen Lankidetza Sustatzeko Funtsaren (GLSF) azken deialdian, 2009. urtekoan, 29,5 milioi euroko laguntzak eman dira, aurreko urtean baino % 10 gehiago. "Munta handiko kopuruak dira, zalantzarik gabe, eta nazioarteko elkartasun-adierazpen garrantzitsua dira euskal herritarren aldetik; izan ere, garapen-lankidetzako euskal politika eusten baitute haien zergen bitartez", adierazi du Fantovak.

Gizarte Gaietako sailburuordeak gogora ekarri du gure herria nozitzen ari den krisi ekonomiko "latza". "Hala eta guztiz ere, une hauetan kontuan izan behar dugu krisi honek eragin handiagoa duela oraindik beste gizarte eta herrialde batzuetan, zeinetan gure garapen-lankidetzaren beharra baitute, orain inoiz baino gehiago".

Horrez gain, Fantovak nabarmendu duenez, euskal gizartearen eta Gobernuaren ahalegina ez litzateke posible izango garapenaren aldeko gobernuz kanpoko erakundeen lankidetza eraginkorrik gabe. "Erakunde horiek, batetik, profesionaltasuna eta eraginkortasuna erakusten dute laguntza herrialde hartzaileetara bideratzean eta, bestetik, antolatutako gizarte zibila eta boluntariotza aktiboa osatzen dute geure gizartearen baitan, geure herrialdea sentsibilizatu eta hezteko lan eginez".


99 proiektu 2009. urtean

Bestalde, egun Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren sostengua duten Garapen Lankidetza Sustatzeko Funtsaren (GLSF) 2009. urteko deialdiko kopuruen berri eman du Garapen Lankidetzako zuzendariak.

Marta Aresek nabarmendu duenez, 233 proiektu aurkeztu dira; horietatik, 99 onartu ziren (toki-garapeneko beharrizanei buruzko 76, ekoizpen-garapen eta laguntza teknikoko 4 eta garapenerako hezkuntzako 19). Erakunde bakoitzak 600.000 euro jaso ditzake gehienez.

Aresek zehaztu duenez, proiektuen % 86 oinarrizko eta tokiko garapen-beharrizanetara zuzenduta daude, Hegoamerikako, Ertamerikako, Mexiko eta Karibe aldeko herrialdeetan nagusiki. "Era beran, garrantzitsua da aipatzea Afrikan finantzatutako proiektuen hazkundea, baliabideen % 22 jaso baitute. Beharrezkoa da toki horietan lanean jarraitzea, izan ere, desnutrizioak, gaixotasun sendaezinek eta pobreziak eragindakoen kopuru izugarri eta dramatikoak nozitzen ari baitira".

Horrez gain, emakumeak ahalduntzeko proiektuak indartu dira (baliabideen % 20). Eskuartze estrategikoak dira, eta horien bidez berdintasunezko gizartearen eraikuntza sustatzen da toki horietan, non matxismoa eta genero-indarkeria ohikoak diren eta emakumeak kalteberatasun eta babesgabetasun egoeretan dauden.

Gogorarazi behar da, azkenik, 2009ko deialdiari dagozkion egitasmoez gain, Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak badituela beste 329 proiektu, laguntza hauek arautzen dituen 34/2007 Dekretuak aurreikusten duen luzapenaz baliatu direlako betearazpen-fasean daudenak.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
  • focad.ppt 1 MB (application/vnd.ms-powerpoint)
Beste gonbidatu batzuk
  • Viceconsejero de Asuntos Sociales