Nekazaritzako Elikagaien PERTEa, jasangarritasun-neurriak eta Elikadura Katearen Legea, KONFEKOOPeko Nekazaritzako eta Elikagaien Sektoreko Kooperatiben Arloko Taldearen lehentasunak

2022-04-07

KONFEKOOPeko Nekazaritzako eta Elikagaien Sektoreko Kooperatiben Arloko Taldeak gaur Usurbilen egin duen III. Osoko Bilkuran hiru jarduketa-eremu nagusi ezarri ditu hurrengo hilabeteetarako: nekazaritzako elikagaien PERTEtik jorra daitezkeen proiektuetara bideratzea; ingurumenaren arloko premiak identifikatzea, eta Elikadura Katearen Legea betetzea. Horrez gain, Nekazaritzako eta Elikagaien Sektoreko Kooperatiben Arloko Taldeak laguntzak eta aukerak kudeatzen lagunduko du, Ukrainako gerra-egoerak eta amaitu berri den garraio-grebak larriki zigortu duten eremuaren egoeran laguntzeko eta egoera horretan hobera egiteko.

KONFEKOOPeko Nekazaritzako eta Elikagaien Sektoreko Kooperatiben Arloko Taldeak III. Osoko Bilkura egin du gaur, apirilak 7, osteguna, Usurbilen. Bertan izan dira Elena Perez Laneko sailburuordea eta Raúl Perez Iratxeta Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria, biak Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa. Bilera aurrez aurre egin da berriz ere, COVID-19aren eraginez azken bi urteetan egin behar izan den etenaldiaren ondoren.

Taldeko koordinatzaile Pablo Duranak ongietorria eman die 66 kooperatiba parte-hartzaileei, eta eskerrak eman dizkie parte hartzeagatik eta egindako ekarpenagatik. Bere hitzaldian, gaur egungo egoera sozioekonomikoa aztertu du, ziurgabetasunak markatua. Era berean, KONFEKOOPen jarduketa-ardatz estrategikoak azaldu eta 2021eko balantzea egin du, eta 2022rako aurreikusi diren lan-esparruak aztertu ditu.

Osoko bilkuraren ondoren, AZTIko zuzendari Rogelio Pozok hitzaldia eman du sektorearen gai eta erronketako bati buruz: "Elikaduraren sektoreko erronkak eta aukerak: nola izan lehiakorragoak". Jardunaldia amaitzeko, bazkaria egin dute Orona kooperatiba-sozietatearen jantokian. Bertan, hurbileko produktuekin egindako menuez gozatzeko aukera izan dute parte-hartzaileek. Kooperatibak aspalditik sustatzen du produktu horiek erabiltzea, eta, izan ere, hainbat aintzatespen jaso ditu horri esker.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak