Garraio Sailak EAEko mugikortasunaren kontrola eguneratu eta modernizatu du

2022-04-07
  • Garraioaren Behatokiaren webgunea berritu du, gardentasuna bermatzeko eta EAEko garraio-sistemaren ezagutza optimizatzeko
  • Garraioaren Informazio Sistema berriak datu-base berri bat du, eta 120 adierazle jasotzetik 200 baino gehiago izatera igaro da

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak berritu egin du Euskadiko Garraioaren Behatokiaren (OTEUSen) webgunea, Erkidegoko errepide, trenbide, itsaso eta airetiko mugikortasunari buruzko datu guztiak eskuragarriago jartzeko. Diagnostiko-analisien, joeren txostenen, azterketa prospektiboen eta jardunbide egokietarako proposamenen bidez, garraio-sistemaren portaerari buruzko ezagutza eta proiekzioa optimizatu nahi ditu.

Helburu nagusia da administrazio, sektore eta, oro har, herritar guztiei sarbide publikoko informazioa aurkeztea, berori modu intuitibo, erakargarri eta irakurterrazean eskuratu ahal izateko, eta Sailak bere jarduera guztietan printzipiotzat duen informazio publikoaren gardentasuna bermatzeko. Horrela, datu guztiak eskura dituztela, hartzaileek, enpresek edo erakundeek egoki iruditzen zaizkien erabakiak hartu ahal izango dituzte.

Euskadiko Garraioaren Behatokiak dituen eginkizunen artean dago garraio-sistemaren informazio eskerga bere modu guztietan eta salgaien eta bidaiarien arloetan integratzea, baita bere hiru lurralde-aldaeretan ere: Europako konexioa; hiriarteko barne-komunikazioak eta hiri- eta metropoli-mugikortasuna; horietako bakoitzerako garraio-azpiegiturei, zerbitzu-eskaintzari eta garraio-eskaerari buruzko informazioa barne. Horretarako, datu-base bat eta adierazle-sistema bat sortuko dira, behar bezala egituratuta eta erabiltzaileek erraz eskuratzeko moduan.

Testuinguru horretan, Garraioaren Behatokiaren web-orria eta Garraioaren Informazio Sistema (GIS), web-orria bera barne, eguneratu gabe zeuden, 2005etik egitura bera baitzuten, eta horrek bere funtzionalitateak mugatzen zituen, sarbidea zailtzen zuen eta kontsultak egiteko interesa galarazten zuen. Egoera horren aurrean, Sailak bere ardurapeko tresna guztiak digitalizatzea proposatu zuen, zerbitzu publikorako bokazioarekin eta informazioa sarbide askekoa, gardena, sistematizatua eta erakargarria egiteko asmoz, ezagutza sustatze aldera.

Birmoldaketa hori, webguneari dagokionez, dagoen informazio guztia modu eskuragarriagoan eta identifikagarriagoan sistematizatzean oinarritu da, dauden beste batzuen aldean balio erantsia duten edukiak azpimarratuta, eta web-orria askoz erakargarriagoa, eskuragarriagoa eta garai berrietara egokituagoa eginda.

Hala, informazio-kategoriak berregin dira, jarduera publikoari buruzko albiste guztiak aldian-aldian eguneratzen dira, Behatokiak egiten dituen azterketa eta txostenak eskuragarriago egiten dira eta Garraioaren Informazio Sistema berri bat sortu da. GIS honek helburu du Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren webgunearen bidez eta garraioaren sektorean inplikatuta dauden gainerako erakundeen bidez garraioaren arloko politikak garatu ahal izateko estatistika- eta informazio-oinarri bat ematea, sektoreko enpresei zein, oro har, herritarrei garraio-sektorearen datu publikoak emateaz gainera.

Orain arte, sistemak informazio-bolumen jakin bat baino ez zuen estaltzen, eta datuak Exceleko taula baten bidez aurkezten zituen. Taula hori neketsua zen kontsultatzeko eta kasu bakoitzean interesatzen zen informazio zehatza ateratzeko. Horren ondorioz, kontsulta gutxi egiten ziren eta ez zen hura erabiltzea sustatzen. Gaur egun, GIS berriak aukera ematen du kontsulta orokor edo espezifikoetarako informazio guztia modu publikoan eskuratzeko. Informazio hori zenbait formatutan deskargatu daitezkeen grafiko dinamiko gisa aurkezten da.

Ildo horretatik, GIS berriak 200 adierazle inguru ditu, GIS zaharrean zeuden 120en aldean. Adierazle gehienak urtero eguneratzen dira, salbu eta Mugikortasunari buruzko Inkestari dagozkionak (bost urtean behin egiten da) eta zenbait adierazle (hala nola garraioaren kanpo-kostuak eta inpaktu akustikoa), horiek aldian behin eguneratzen baitira. Datuen iturriek honako administrazio hauek barne hartzen dituzte, besteak beste: foru-aldundiak, udalerriak, Eusko Jaurlaritzako edo Estatuko administrazioetako sailak, garraio-operadoreak, garraioaren lurralde-agintariak, Estatuko merkataritza-sozietateak, portuetako agintariak, EUSTAT, INE... eta beste asko.

Ikusi Euskadiko Garraio Behatokiaren (OTEUSen) webgunea

Iruzkin bat
  • @v_en_c
    2022-04-07

    Comentario de Twitter:
    El Departamento de Transportes actualiza y moderniza el control de la movilidad en Euskadi https://t.co/Pf4glWT2n7

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko