Berriak Segurtasuna

Josu Erkoreka Itzulia Basque Country 2022 probaren hirugarren etapa prestatzeko Ertzaintzaren briefing bileran izan da

2022-04-06
  • Ertzaintzaren Trafikoko Lurralde Unitateetako (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) baliabide planifikatu guztiek, guztira 35 agente motoristek, parte hartuko duten lehenengo proba izango da.

Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian izan da gaur goizean, eta Itzulia Basque Country 2022 txirrindulari-probaren etapa bakoitzaren aurretik Ertzaintzak etapa prestatzeko egiten duen briefing bileran egon da, Miren Goitia Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordearekin eta Victoria Landa, Sonia Díaz de Corcuera eta Malentxo Arruabarrena Ertzaintzako, Trafikoko eta PLEAko Administrazio eta Zerbitzuetako zuzendariekin batera.

Informazio-bileran Laudio eta Amurrio artean egingo den Itzuliaren hirugarren etapan segurtasuna bermatzeko eta lagun egiteko dispositiboaren programazioa azaldu da. Ertzaintzaren Trafikoko Lurralde Unitateetako (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) baliabide planifikatu guztiek, guztira 35 agente motoristek, parte hartuko duten lehenengo proba izango da. Dispositiboan Vitoria-Gasteizeko, Llodioko eta Ibaizabaleko ertzain-etxeetako, Zaintza eta Erreskate Unitateko eta Brigada Mugikorreko baliabideek eta Udaltzaingoko agenteek ere parte hartuko dute.

Guztira 181,72 km izango dituen hirugarren etapa honek A-625 errepidean, Laudion eta Amurrion, izango du eragina 13:00etatik 17:00etara bitartean, eta bi noranzkoetan. Itzuliak Euskadiko errepide-sareko trafikoan izango dituen eraginei buruzko informazio osoa hemen kontsulta daiteke.

GOMENDIOAK

Eusko Jaurlaritzak herritarrei dei egiten die garraio publikoa erabil dezaten, eta, gidatu behar izanez gero, ordezko ibilbideak erabil ditzaten, denboraz ibil daitezen eta Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarraibideei jaramon egin diezaieten.  

Era berean, errepideen egoera kontsultatzea gomendatzen du 011 telefono-zenbakian, www.trafikoa.euskadi.eus webgunean, @TrafikoaEJGV Twiterreko kontuan edo TrafikoaEJGV APPan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak