Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak Giza Eskubideen II. Nazioarteko Kongresuari hasiera eman dio

2022-04-06

Iñigo Urkullu lehendakariak, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak lagunduta, Giza Eskubideen II. Nazioarteko Batzarrari (Adierazpen Askatasuna)  hasiera eman dio, gaur arratsaldean, Bilboko Euskalduna jauregian.

Apirilaren 6a eta 8a bitarte ospatuko den Giza Eskubideen Nazioarteko II Batzarrak adierazpen askatasunaren erronkei buruz gogoeta egin nahi du, bere gaurko diagnostikoaz, bere gain zuzentzen diren mehatxuaz, baina, baita Askatasunaren Estatuaren bizkar hezurra den heinean gordetzen duen indarraz ere eztabaidatu nahi du.

Lehendakariak, bere hitzaldian, indarkeriarik ezan, printzipio eta balio etiko eta demokratikoetan, eta giza eskubideen defentsa aktiboan, babesean eta berme eraginkorrean oinarritutako elkarbizitza-ereduaren alde egin du. "Eskubide guztiak pertsona guztientzat", gaineratu du.

Ildo horretan, Bizikidetza, Giza Eskubideak eta Aniztasuna Sustatzeko Plana, “Udaberri 2024”, aipatu du. Plan horrek lau helburu dituen Giza Eskubideen Agenda Globala jasotzen du: herrialdeko politika guztiei giza eskubideen ikuspegia ematea; herritarrak sentsibilizatzea eta ahalduntzea, giza eskubideekiko konpromisoa aktibatzeko; eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalen agendan aurrera egitea; eta giza eskubideen nazioarteko proiekzioari buruzko programa espezifikoei jarraipena ematea eta bultzatzea.

Adierazpen askatasuna eztabaidagai izango da Kongresu honetan datozen egunetan. Lehendakariaren ustez, beharrezkoa da eztabaida hori, “adierazpen askatasuna zuzenbideko estatu demokratikoaren giltzarria baita”.

Une honetan, munduan giza eskubideen etorkizuna oso kolokan dagoenean, lehendakariak adierazi du adierazpen-askatasuna gerra guztien beste biktima bat dela. “Gaur egun kazetaritzako profesionalak hiltzen dituzte Ukrainan eta munduko beste toki batzuetan, gatazka odoltsuetan murgilduta. Mugarik Gabeko Erreportariak (RSF) erakundeari dei egiten diot, lanbideari errespetua eta babesa eskatuz, baita epaiketa azkar eta justu bat ere Pablo Gonzálezen kasuan”, adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak