Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskadik omenaldia jaso du Patraix-eko jaietan; datorren igandean amaituko dira jai horiek.

2011.eko urriak 14

Julian Celaya Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako zuzendaria izan zen Euskadiren ordezkaria. Valentziako milaka urteko hiri bat da, kultura ondare handia eta 60.000 biztanle baino gehiago dituena.

 

Arratsaldeko zortziak, María Jordan kalea, 6. zenbakia. Emakume batek egin die harrera Euskadiren ordezkariei; Valentziara iritsi berria da ordezkaritza. Emakumea Maite da, Luis Najarroren alaba, Patraixeko Euskal Etxearen presidentearen alaba. Haren aita -bizkaitarra, jaiotzez-, gaixoaldi batetik suspertzen ari da eta ezin izan du harrera egin eta protokolo ekitaldia bete. Etxe barruan dago zain eta euskarri berezi batzuetan lagunduta nekez zutitu da agur egiteko. 87 urte bete berri ditu eta aukera baliatu nahi dut euskal ordezkaritza agurtzeko. Julian Celaya Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako zuzendaria da ordezkaritza horren buru.

Osasun arazoengatik barkamena eskatuta, aurkezpena egin eta hizketaldi bizia hasi da hainbat gertaera azkar kontatuz. "Ez dugu denbora askorik", gogorarazi dio Maitek, "Patraixeko jaiak antolatzeko egoitzara joan behar dugu eta". "Euskarazko saio bat bukatzen ari gara", aipatu dute hango zenbaitek eta zenbait hitz idatzitako arbela erakutsi dute. Horiek guztiek ahalegina egin dute beren sustraiak gal ez ditzaten eta handicap txalogarria da hori, izan ere, euskal etxeko zenbait kidek Valentzian bizi dira duela berrogei urte baino lehenagotik eta horietako askok ez dute Euskadi ezagutzen hara egindako bisita laburren eta gurasoek seme-alabei ahoz emandako berrien bitartez baino.


Euskaditik pertsona asko iritsi izanak eta horiek autonomia erkidego espainiarrean sakon errotzeak ekarri du Patraixek aurtengo herriko jaietan Euskadi omentzea, horien euskal jatorria sendotzeko: Euskadiri aukera eman zaio pregoia irakurtzeko; kirolariak, dantzariak, txistulariak bertan izan dira; eta zenbait erakusketa antolatu dira.


Valentziako euskal etxearen instalazioetatik ibilaldi labur bat egiteak etxe horren aspaldiko historia erakusten du. "Gure euskal etxea 1948an sortu genuen, baina ez zen ofiziala izan 1950a arte", jakinarazi du Juan Dorronsorok, erakundearen presidenteordeak. Argazkiek eta beste ehunka oroigarrik ondo erakusten dute sasoi hasiberrien nostalgia, lanbide hobearen bila ehunka familia aldatzean bizkor heldutako sasoiena, hain zuzen.


Erakunde ordezkarien eta euskal etxeko kideen arteko elkarrizketa bizia kanpora igaro da. Ordutegi ingelesa bete behar zen, izan ere, Julián Celayaren zain zeuden Patraixeko Biztanle, Kultura eta Kontsumitzaileen Elkartearen egoitzan herriko jaiei hasiera emateko.


Elkartearen egoitzaren atean, besteak beste, Antonio Plá elkarteko presidentea zegoen eta eskerrak eman zituen Eusko Jaurlaritzak lagundu zuelako omenaldi programa antolatzen. Julián Celayaz gain, beste ordezkari instituzional batzuk ere bildu ziren hara: besteak beste, Juan Soto Generalitateko diputatua eta Luis Felipe Martinez Gobernuaren Valentziako ordezkaria.


Herritarren eta politikaren ordezkari askoren aurrean, zinta moztu zen, hitzaldiak izan ziren eta ibilaldia egin zen Euskadiri buruzko argazki eta lanabes zaharren erakusketan zehar. Herriko jaien inaugurazio ofizialaren aurreko ekitaldia inork galdu nahi izan ez zuen gizarte ekitaldi jendetsua izan zen. Horren ondoren, jendetzak Patraixeko plazan jarritako eszenatoki nagusirantz jo zuen. Bostehun aulki baino gehiago eta bi mila lagun zutik, guztiak prest herriko jaiei ongietorri ofiziala emateko.


Julian Celaya pregoilari ofizialak eskerrak eman zituen Euskadi Valentziako Erkidegoarekiko bilgune gisa aldarrikatzeko aukera izateagatik eta gure lurra bisitatzeko gonbidapena luzatu zien guztiei. "Funtsean antzekoak gara, kidekotasun asko ditugu", gogarazi zuen Eusko Jaurlaritzaren zuzendariak. "Bake itxaropentsua dugun honetan, espero dut mundua gehiago hurbiltzea guregana, zuek bezala, zuek ere horretarako aukera eman baitiguzue Euskadiri eskainitako omenaldi honen bitartez", eskertu zuen Celayak bere hitzaldian. "Patxi Lopez gure lehendakariaren agur bero bat helarazi nahi dizuet gure kultura ezagutarazten egin duzuen lan guztiarengatik". Hori esan zuen Julian Celaya Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako zuzendariak bukatzeko.


Celayarekin batera espainiar gizarteko hainbat pertsona garrantzitsu izan ziren eszenatokian, erakunde antolatzaileak saritu baitzituen horiek. Horietako bat, Televisión Españolaren Los desayunos saioa izan zen, Ana Pastorrek zuzendutako saioa, hain zuzen. Halere, unerik hunkigarrienetako bat izan zen Vallecas herri madrildarreko Asociación del Pozo del Tío Raimundo delakoaren ordezkariek saria jaso zutenekoa, herri horretan ehunka pertsona hil baitziren 2004ko martxoaren 11ko atentatuan. Gizartearen esker on ekitaldien ondoren, Erneiz taldeko txistulari eta dantzarien ekitaldia izan zen. Txalo ugari jaso zuten plaza mukuru betetzen zutenengandik. Antzeko zerbait gertatu zen hurrengo egunean valentziar herriko erdiko kaleetan zehar egin zuten kalejiran, Madrileko Euskal Etxeko Orfeoiaren ekitaldiari lekua utzi baino lehen. Taldeko berrogeita hamar kideek atsegin eman zieten bertaratutakoei euskal herri kanten saileko hainbat kanten bitartez. Agur Jaunak abestuz hasi ziren eta Maite kantatuz amaitu zuten, kanta horren bitartez bere lurretik kanpo dauden euskaldunekiko elkartasuna adierazteko, jatorrizko letraren eta adierazten duen herriminaren arabera: Lejos de aquel instante, lejos de aquel lugar, a un corazón amante siento resucitar. Vuelvo su imagen bella, en mi memoria a ver... Larunbatean berriro itzuliko da Patraixera euskal gaia. Iñaki Perurenak eta semeak harriak jasotzearen artea erakutsiko dute eta gogoraraziko dute Euskadi hurbil dagoela, "nahiz eta zenbaitetan Euskadik hurbildu beharra izan herrialde bietan jaiotakoek senidetutako erkidegoen gizarte eta kultura bizikidetza sendotzen den tokietara", adierazi du Celayak Patraixera egindako bidaiaren balantze bikaina egin ondoren.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Julian Celaya Loyola
    Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako zuzendaria (IX legealdia)