Administrazio orokorrean gardentasuna sustatzeko eta ezartzeko urratsak egiten jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak (Gobernu Bilera 2022-4-5)

2022-04-05
  • 2021eko balantze-txostenak informazio publikoa eskuratzeko mekanismoen eta publizitate aktiboko tresnen hobekuntza nabarmentzen du
  • Iaz gora egin du informazio publikoko eskaeren kopuruak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean eta haren sektore publikoan gardentasunaren ezarpena sendotzen ari da. Gobernu Irekiaren Zuzendaritzak egindako 2021eko balantze-txostenak erakusten duenez, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea eta publizitate aktiboa urtetik urtera hobetzen ari dira. Areago, txostenaren datuak gardentasun eredua indartzen dute, pertsona orok herri-administrazioen esku dagoen informazio publikoa eskuratzeko duen eskubidea bermatzen baitu. Hori erakusten dute, besteak beste, Gardena gardentasun atariak, Legegunea webguneak, Open Data Euskadik (datu irekiak eta berrerabilgarriak eskaintzen ditu) edo kontratatzailearen profilak.

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak gardentasun mailak monitorizatzeko asmoz egin ohi den azterlanaren berri eman dio gaur Gobernu Kontseiluari. Azterlan horretan, Eusko Jaurlaritzak gardentasunaren ikuspegitik herritarrekin dituen interakzio kanalen funtzionamendu egokia nabarmentzen da. Informazio eskaerak eta erreklamazioak bideratzeko gehien erabiltzen den bidea elektronikoa da (% 82), ondoren postala (% 15) eta aurrez aurrekoa (% 3).

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak gardentasunaren eta gobernu onaren arloko sentsibilizazioa sustatzea du xede, irisgarritasunean hobekuntzak aplikatuz informazio publikoa eskuratzeko eskubidea gauzatzeko, eta eskainitako informazioa eguneratuz eta handituz. Txostenean ikus daitekeenez, gora egin du azken urteetan jasotako informazio publikoko eskaeren kopuruak, eta joera hori indartu egin da 2021ean, %65ean igo baita 2020. urtearekin alderatuta. Jaurlaritzako sail guztiek izan dute eragina igoera horretan, baina bereziki honako hauetan: Osasuna (% 35,5), Segurtasuna (% 15), Garapen Ekonomikoa, Jasangarritasuna eta Ingurumena (% 15) eta Hezkuntza (% 12,5).

Publizitate aktiboaren ikuspegitik Gardena edo Legegunea bezalako atariek duten garrantzia nabarmentzen du txostenak. Atari horiek izapidetze prozeduran espedienteen edukiak argitaratzea ahalbidetzen dituzte eta Eusko Jaurlaritzaren baliabide juridikoak biltzen dituzte, betiere herritarrei modu ordenatuan eta sarbide argi eta errazekin emateko. Legegunearen kasuan, datuek erakusten dute erregistroek gora egin dutela: 2020ko 40.842tik iazko 43.566ra. 

Open Data Euskadi da urtez urte zenbakiak hobetzen dituen publizitate aktiboko beste tresna nabarmen bat. Tresna honen bidez, Eusko Jaurlaritzaren esku dauden datu publikoak azaltzen dira, beste edonork horietatik eratorritako zerbitzuak sor ditzaten. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren eta mendeko erakundeen 6.007 datu-multzo ditu eskueran, aurreko urtean 5.365 izan ziren bitartean. Horiei guztiei gehitu behar zaizkie beren katalogoan sartzen diren foru eta toki administrazioen 1.742 datu-multzoak. Joan den urtean, Euskadiko trafiko dentsitateari buruzko datuak ipini ziren eskura, baita sasoiko langileak hartzeko higiezinen erregistroa, erakunde publikoek emandako laguntzak, euskal administrazio publikoen kontratuen erregistroa eta Covid-19aren pandemiaren bilakaerari buruzko datuak ere.

Bestalde, kontratuekin lotutako informazio guztia automatizatu egin da Ekonomia eta Ogasun Sailak kudeatzen duen Euskadiko kontratazio publikoko plataformaren datu-iturrian oinarrituta. Gainera, lanpostuen zerrenda – informazio oso erabilia– bilatzaile baten bidez aurki daiteke automatikoki eta egunero eguneratuta.

Datu horiek guztiek agerian uzten dute Eusko Jaurlaritzak gardentasun adierazleen argitalpenean aurrera egiteko eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidea bermatzeko apustua egin duela, gobernu on baterako funtsezko praktika den aldetik. 2022rako beste erronka batzuk dira Gardena atarira bisitak areagotzea, eguneratuta eta informazioa areagotuta edota Open Data sariak sustatzea, bere bi aldagaietan: datu irekiak berrerabiltzeko ideien lehiaketa eta datu irekiak erabiliz web eta mugikor zerbitzuak edo aplikazioak sortzeko aplikazioen lehiaketa.

Txosten hori Gardena gardentasun atarian argitaratuko da, Jaurlaritzak gardentasunarekin eta kontuak ematearekin duen konpromisoaren erakusgarri.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko