Eman odola!
qrcode

Eusko Jaurlaritzak filmazioen jasangarritasuna gehitu du bere laguntza-politiketako irizpideetan

2022-04-04

Eusko Jaurlaritza Euskadiko Zinema Jasangarriaren estrategia garatzen ari da 2022-2024 aldirako. Besteak beste, laguntza-politiketan jasangarritasun-irizpideak sartzea aurreikusten du, baita ingurumena gehiago errespetatzen duten ekoizpenak egiteko laguntza eta aholkularitza eskaintzea ere. Horretarako, Basque Green Film izeneko idazkaritza teknikoa jarriko da abian, Zineuskadik koordinatuta, eta sektoreko enpresei zuzendutako zerbitzuak eskainiko ditu. Horrela, Eusko Jaurlaritzak GJHekin (Garapen Jasangarrirako Helburuak) eta Europako eta Euskadiko estrategia berde eta zirkularrekin bat datozen eremuak zabaltzen jarraitzen du.

2021eko maiatzaren 12an, Eusko Jaurlaritzak etorkizun jasangarriagoa lortzeko ibilbide-orri bat aurkeztu zuen, Europako Itun Berdearekin bat eginez. Ibilbide-orri hori Basque Green Deal (BGD) da. Emisioak murrizteko eta energia berriztagarria sortzeko helburuak biltzen ditu, eta industria eta teknologia nabarmentzen ditu aldaketa-palanka nagusi gisa. Horretarako, zientziaren, teknologiaren, ekonomia zirkularraren, industriaren, energia-trantsizioaren eta elikadura-katearen bidezko garapena eta garapen jasangarria parekatu nahi dira.

Ikus-entzunezkoen sektoreak ere bat egin behar du konpromiso horrekin, eta, horregatik, zinema jasangarria bultzatzea erabaki da, euskal ekoizpenek ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izan dezaten.

Laguntza-irizpideak

2022tik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren laguntzak jaso nahi dituzten ikus-entzunezko produkzioek proiektuaren jasangarritasun-plan bat aurkeztu beharko dute. Zeregin hori errazteko, Basque Green Film-ek aholkularitza pertsonalizatuko zerbitzu bat, erreferentziazko dokumentazioa, prestakuntza-tailerrak, webgune espezifiko bat eta topaketa profesionalak jarriko ditu ekoiztetxeen eskura.

Halaber, 2024tik aurrera Green Film ziurtagiria Euskadiko ikus-entzunezko produkziorako laguntzen programan sartuta egotea aurreikusten da. Zigilu hori CineRegiok hartu zuen ziurtagiri berde komun gisa. Euskal Autonomia Erkidegoko Kultura eta Hizkuntza Politika Saila Europako zinemako eskualde-erakundeen sare honen kide da.

Jasangarritasun-plana egiteko ikus-entzunezko produkzioetan bereziki aztertu beharko diren elementuen artean, honako hauek azpimarratu behar dira: garraioa, energia, ostatuak, janaria eta edaria, materialen hautaketa, hondakinen kudeaketa, natur ingurunearen erabilera eta tokiko ekonomiari laguntza.

Erronka partekatua

Erronka hori partekatua da, sektorea Erresuma Batuaren, Frantziaren eta Estatu Batuen urratsak jarraitzen ari baita, herrialde horiek aitzindariak baitira arlo horretan. Hain zuzen, Europar Batasuneko, Norvegiako, Suitzako eta Erresuma Batuko 49 erakunde biltzen dituen CinemaRegiok badu jada lantalde berde bat, politika eta baliabide jasangarriak agerian jarri eta sustatzeko eta zinema- eta telebista-industriarako zein haien finantziazio-erakundeetarako bideragarri bihurtzeko. Antzeko beste ekimen batzuen artean, Green Screen aipatu behar da, Interreg Europa programak finantzatua. Programa horren helburua da sektoreak Europan duen karbono-aztarna murrizten laguntzea, ikus-entzunezko ekoizpenetan aplikatutako neurri iraunkorrak hobetuz eta estandarizatuz.

Euskadin, 2021ean, Gasteizko Udalak eta Donostia Film Commission-ek zinema jasangarria sustatzeko lehen ekimenak jarri zituzten abian. Lehenengo kasuan, jasangarritasun-ekintzak jasotzen dituzten proiektuei aparteko puntuak eman zaizkie laguntzak emateko balorazioetan, eta Gipuzkoako hiriburuaren kasuan, ikus-entzunezkoen ekoizpen jasangarrirako dekalogo bat egin da.

Aldi berean, Europa Creativa MEDIA bezalako beste laguntza-programa batzuk edo ICAA bezalako erakundeak pixkanaka hasi dira beren deialdietan jasangarritasun-irizpideak sartzen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak