Iparraldeko eragileak sustatzeko, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak 1.930.000 €-ko fondoa eratuko dute aurten

2022-04-04
  • 2021-2025 epealdirako esparru-hitzarmenaren 2022ko eranskina sinatu dute gaur, lankidetzaren lan-ildoak eta diru-ekarpenak zehaztuz.
  • Ipar Euskal Herriko eragile pribatuen lana diruz laguntzeaz gain, bi erakundeek elkarrekin lanean jarraituko dute hainbat gai eta egitasmoren inguruan, helduen euskalduntzea, inkesta soziolinguistikoa edo hizkuntza teknologiak.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Antton Curutcharry Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) lehendakariak 2021-2025 epealdiari dagokion esparru-hitzarmenaren aurtengo eranskina izenpetu dute gaur Baionan egindako prentsaurrekoan. Eranskin honek zehazten ditu, alde batetik bi erakundeek 2022an elkarlanean burutuko dituzten egitasmoak, eta bestetik erakunde bien diru-ekarpenak. 2022 urterako,  bi partaideek erabaki dute 1.930.000 €-ko diru-funts komun baten bideratzea Ipar Euskal Herriko eragile pribatuen jarduerak diruz laguntzeko. Aurten, Euskararen Erakunde publikoak 1.530.000 € ezarriko ditu xede horretarako eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 400.000 €.

Miren Dobaran sailburuordeak nabarmendu du bi erakundeen arteko elkarlanaren eraginkortasuna: « azpimarratu nahi dut, Eusko Jaurlaritzatik euskararen lurraldeen arteko harremana sendotzen jarraituko dugula. Izan ere, harremanak sendotuz, informazioa trukatuz, baliabideak bateratuz, proiektuak partekatuz… eraginkorragoak izango gara euskararen sustapenean”.

Bestalde, Antton Curutcharry-k epe luzeko lankidetza honen izaera estrategikoa azpimarratu du: “izan eragileei bi partaideek elkarrekin emandako laguntza ekonomikoagatik, edo dauden lankidetza teknikoengatik, hizkuntza politikaren arlo eta proiektu zehatz batzuen garatzeko, Iparraldean helduek euskara ikasteko esparrua egituratzen laguntzeko adibidez, edo inkesta soziolinguistikoaren obratzeko, baita euskararen presentzia indartzeko inguru digitalean, Itzuli itzultzaile neuronala bezalako tresnen bidez”. 

Esparru-hitzarmena

Gaur aurkeztutako dokumentua lotua da 2021eko martxoaren 31n sinatutako 2021-2025 epealdirako esparru-hitzarmenari. 2007an hizkuntza politika gaietan bi erakundeen arteko lankidetza jarraitua abian jarri zenetik laugarren akordioa da. Lankidetza esparru berriarekin, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak euskararen hizkuntza-politikako gaietan mugaz-gaindiko lankidetza garatzearen aldeko borondatea berretsi zuten, zehaztuz hizkuntza-politika mailako lankidetzak segitzen zuela herri-erakunde bakoitzaren erabaki-autonomia eta funtzionamendu-arauak errespetatuz.

Esparru-hitzarmenak elkarlanerako lau alor zehazten ditu: euskararen transmisioa, hizkuntzaren presentzia eta erabilera, hizkuntzaren kalitatea, eta azkenik, euskararen transmisioaren eta erabileraren aldeko motibazioaren azkartzea. Esparru-hitzarmenak lankidetzarako testuingurua definitzen badu ere, lankidetza urtero zehazten da eranskin baten bidez. 

2022ko eranskina

Dokumentu honek, alde batetik urtean zehar elkarlanean garatuko diren egitasmoak zehazten ditu. Aurten elkarlanean eramango diren lanak honakoak dira:

  • Gaitasun agiriak: Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuen laguntzarekin, alde batetik B1 mailaren agiriaren baliokidetza gauzatuko da, eta bestetik, B2 mailako agiriaren sortze lanek segituko dute.
  • Helduen euskalduntzea: Iparraldean alor honen egituraketarentzat baliagarri izango den EAEko laguntza-dispositiboei buruzko diagnosia burutuko da.
  • Inkesta Soziolinguistikoa: 2021ean burututako landa-lanaren ondotik, bereziki datuen ustiapena eta emaitza nagusien azterketa egin ondoren, lehen emaitzak zabalduko dira.
  • Euskararen Adierazle Sistema: aurreko urteetan bezala, partaidetzan sortutako EAS sistema elikatuko da eta adierazleen egokitzapen lanak segituko dira.
  • Itzuli eta Itzuli+: Eusko Jaurlaritzak garatutako Itzuli itzultzaile neuronalean euskara/frantsesa eta frantsesa/euskara bertsioaren garapen lanak jarraituko dira, eta bestalde Eusko Jaurlaritzak garatutako Itzuli+ barran EEPren Nolaerran.org hiztegia txertatzeko lanetan arituko dira bi partaideak.

Bestetik, esparru-hitzarmenari dagokion 2022ko eranskinak, Ipar Euskal Herriko eragile pribatuen lana diruz laguntzeko diru-ekarpena zehazten du. Iaz bezala, 1.930.000 € izango dira aurten horretarako, Euskararen Erakunde Publikoak 1.530.000 euro ezarriko ditu, eta Eusko Jaurlaritzak 400.000 €. Lankidetzarako aurrekontu hori bi multzotan banatuko da:

  • 1.801.500 € ezarriko dira Iparraldeko eragile jakin batzuk diruz laguntzeko, hitzarmen bidez.
  • 128.500 € ezarriko dira beste edozein eragile pribatuk aurkeztutako proiektuak diruz laguntzeko, Hizkuntza Jarduera Proiektu Deialdiaren bidez.

Dirulaguntzen banaketaren inguruko erabakiak udan emango dira. Iaz, hitzarmen baten bermea duten 15 eragile pribaturen lana diruz lagundu zen, eta horrekin batera, Hizkuntza jarduera proiektu deialdiaren bidez beste 41 proiektu lagundu ziren.

Eranskin honen izenpetzearekin batera ere, bi partaideek antolatutako 2022ko Hizkuntza Jarduera Proiektu deialdia irekitzen da, eragile pribatuek euskararen transmisioaren eta erabilpenaren arloan garatzen dituzten ekimenak laguntzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak