Berriak Segurtasuna

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, martxoa beroa izan da, baina intsolazioa ohikoa baino baxuagoa

2022-04-04
  • Izotz-egunak batez besteko klimatologikoaren azpitik ibili dira
  • Prezipitazioak normalak izan dira, baina ñabardurekin lekuaren arabera

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, martxoa oso beroa izan da isurialde kantauriarrean, beroa isurialde mediterranioan eta normala Arabako Errioxan. Euskadiko batez besteko tenperatura 0,9 °C-koa izan da, batez besteko normalaren gainetik, eta mende honetako seigarren martxorik beroena izan da, beraz. Aldi berean, eguzki-orduak batez besteko klimatologikoaren azpitik ibili dira, oro har, eta % 20 gutxiago izan dira.

Euskalmeten datuen arabera, martxoko batez besteko tenperaturak 13 °C ingurukoak izan dira itsasertzean, eta balioak 1,5 °C-ko anomalia positiboa suposatzen du; Arabako Lautadan, berriz, 8 °C inguruan ibili dira. Bestalde, izotz-egunak batez besteko klimatologikoaren azpitik ibili dira Euskadiko lurralde osoan, eta izotza, funtsean, mendialdeetan bakarrik egin du.

Martxoko tenperatura altuenei dagokienez, deigarria izan da Celia borraskarekin lotuta hilabetearen erdian iritsitako Saharako hautsa. Hauts-gandu biziaz gainera, isurialde kantauriarreko estazio batzuetan erregistratutako tenperatura minimo altuak nabarmendu dira (Andoain 17,5 °C, Zizurkil 17,2 °C), eta XXI. mendeko martxoko tenperatura minimo altuenak izan dira Andoaingo, Agauntzako eta Mantxinbentako estazioetan.

Hilabetea beroa izan den arren, intsolazioa hilabete honetan ohikoa dena baino baxuagoa izan da, batez ere Arabako Errioxan. Horrela, martxoan erregistratu diren eguzki-orduak batez bestekoa baino % 20 gutxiago izan dira, hau da, 100-120 eguzki-ordu Euskadin.

Prezipitazioari dagokionez, martxoan zehar erregistratutako prezipitazio-kopuruaren arabera hilabete normala izan da Euskadi osoan, nahiz eta agerikoak izan diren leku batzuen eta besteen arteko aldeak. Horrela, Durangaldean, Deba Garaian, Goierrin eta Araba hego-mendebaldeko zenbait lekutan hilabetea lehorra izan da, eta, aitzitik, Gipuzkoa ipar-ekialdeko eta Araba ekialdeko zenbait lekutan hezea izan dela esan daiteke. Prezipitazio gehien metatu duten puntuak Gipuzkoa ipar-ekialdean ditugu, 200 l/m2 inguru metatzera iritsi baitira (246,3 m2 (Eskas ) eta gutxien metatu dutenak Araban daude eta ez dira 30  l/m2-ra iritsi (Moreda 28,6 l/m2).

Bestalde, euri-egunak urte-sasoiko balore normaletan ibili dira, 10-14 egun orokorrean eta 6 egun Arabako Errioxan. Prezipitazio-egunak hilaren 1etik 17ra bitartean pilatu dira, eta hilabetearen azkeneko egunean; egun horretan negu-eguraldia hasi baitzen eta elur-maila 600-800 metrora jaitsi baitzen.

Muturreko fenomeno meteorologikoei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak 21 abisu hori aktibatu zituen martxoan zehar, horietatik 10 haizeagatik, 4 elurragatik, 4 kostako-inpaktuagatik, 2 olatuen altueragatik nabigaziorako eta 1 izotzagatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak