Berriak Lehendakaritza
qrcode

Eusko Jaurlaritzak salbuespenezko neurriak hartu ditu obra-kontratu publikoen prezioak berrikusteko, lehengaien kostuak izandako gorakada dela eta

2022-04-05
  • Eusko Jaurlaritzak eskura dituen baliabide guztiekin laguntzen jarraitzeko eta Espainiako Gobernuaren beharrei azkar erantzuteko borondatea erakutsi du, inbasioak eragindako kalteei erantzuteko

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.

Azken asteotan bizi dugun prezioen garestitzeak kontratu publikoetan izan dezaken eraginaz jabeturik, eta lehengaien kostuetan izandako igoera handiaren aurrean, Zupiria bozeramaileak iragarri du  Jaurlaritzak obra-kontratu publikoen prezioak berrikusteko salbuespenezko neurriak aplikatzea erabaki duela. Zupiriak azaldu duenez, prezioen gorakada horrek zailtasun handiak eragin ditu kontratu horiek gauzatzerakoan eta kontratistek kontratu publiko orotan bere gain hartu beharreko arriskuak gainditzen ditu.

Prezioen ezohiko berrikuspena onartuko da obra-kontraturako erabilitako materialen kostuaren igoerak eragin zuzenekoa eta garrantzitsua izan duenean kontratuaren ekonomian berau indarrean dagoen bitartean. Berrikuspenaren zenbatekoa ezin izango da kontratuaren adjudikazio-prezioaren % 20tik gorakoa izan.

UKRAINAR ERREFUXIATUAK

Bestetik, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Ukrainatik ihesean Euskadira etorri direnen egoeraren jarraipena eginez, azken orduko datuak partekatu ditu.

Atzo eguneratutako datuen arabera, badirudi 535 direla egun Ukrainatik iritsitakoak eta Euskadin gaitutako guneetan artatuta daudenak, eta uste da 1.000-1.500 pertsona inguru bizi direla hurbilekoen etxeetan eta harrera-familietan.
Eskolatutako adingabeen kopuruari dagokionez, Hezkuntza Sailak 284 haur inguru matrikulatu ditu dagoeneko, eta talde horretatik 170 Gipuzkoako ikastetxeetan daude.
Halaber, bozeramaileak gogorarazi du joan den astean onartu zela Ukrainako pertsonei harrera egiteko bigarren Kontingentzia Plana,  hilabete baterako prestatu dena. Bigarren plan hori, lehenengokoa bezala, krisi honen inguruko zirkunstantzien bilakaeraren mende dago eta sor daitezkeen beharretara moldatzeko malgutasuna dauka.

Hala ere, eta zalantza guztien gainetik, Bingen Zupiriak azpimarratu du Jaurlaritzaren eta aldundien borondate tinkoa dela egoera honen aurrean eskura dauden baliabide guztiekin laguntzea eta eskumena duenak, hau da, Espainiako Estatuak, behar duenari azkar erantzutea.

Sailburuak gogorarazi du Gurutze Gorriaren 945 222 222 zenbakian edo errefuxiatuak@euskadi.eus helbidean edozein laguntza-eskaintza bideratu daitekela.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Gobernu Kontseiluak jakin du Gipuzkoako hainbat udalek beren hilerrietan musulmanen errituagatik lurperatu ahal izateko lursailak gaitu nahi dituztela. Zeregin honetan aurreratuenak dauden herriak Tolosa, Ordizia eta Elgoibar dira eta urte bukaerarako espazio hauek eskaintzeko aukeran egongo direla uste da. Zupiriak azaldu duenez, Trantsizio Sozialeko eta Agenda 2030erako Idazkaritza Nagusiak koordinatzen duen ADOS Batzordearekin eta Euskadiko komunitate islamikoekin urtebeteko lan-prozesuaren ondoren gauzatu da hiru udaletxe hauen iniziatiba. “Hilerri musulman hauek martxan jartzearekin batera, udal horiek gero eta pluralagoa den errealitate erlijiosoari eta kulturalari erantzuten diotela uste dugu, baita oinarrizko askatasunen eta eskubideen errespetuari ere”, adierazi du.

Segurtasun sailari lotuta, Gobernu Kontseiluak Dirulaguntzen 2022ko Plan Estrategikoa onartu du. Politika publikoak planifikatzeko dokumentu honetan elkarteek, erakundeek edo organismoek Segurtasun Sailetik jasoko dituzten dirulaguntza guztiak daude jasota. Horien artean, nabarmentzekoak dira jokoarekiko adikzioei aurrea hartzeko eta herritarrek larrialdiei aurre egiteko euskal sisteman parte hartzea sustatzeko programak, edota gorroto-delituei aurre egiteko UPV/EHUrekin batera egiten den lana.

Halaber, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman du Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak gardentasun mailak monitorizatzeko asmoz egin ohi den azterlanaren berri eman diola gaur Gobernu Kontseiluari. Azterlan horretan, Eusko Jaurlaritzak gardentasunaren ikuspegitik herritarrekin dituen interakzio kanalen funtzionamendu egokia nabarmentzen da. Horrela sailburuak nabarmendu du informazio eskaerak eta erreklamazioak bideratzeko gehien erabiltzen den bidea elektronikoa da (% 82), ondoren postala (% 15) eta aurrez aurrekoa (% 3). Gobernu Irekiaren Zuzendaritzak egindako 2021eko balantze-txostenak erakusten duenez, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea eta publizitate aktiboa urtetik urtera hobetzen ari dira. Areago, txostenaren datuak gardentasun eredua indartzen dute, pertsona orok herri-administrazioen esku dagoen informazio publikoa eskuratzeko duen eskubidea bermatzen baitu.

Hezkuntza arloan, Gobernu Kontseiluak adostu du 2022 urtean “Unibertsitatea-Gizartea-Enpresa” Kontratu-Programarako UPV/EHUri, Deustuko Unibertsitateari eta Mondragon Unibertsitateari emandako finantzazioa 2.200.000 euroan handitzea. Programa horien helburua ikasleen laneratzea erraztea da eta enpresa-ekintzailetzako proiektuak aktibatzea. Helburu hauek lortu nahiean, Erkidegoko hiru unibertsitateek 11,6 milioi euroko laguntza  jasotzen zuten, orain bi milioi gehiago gehitu zaiona, programa horren eragin positiboaren ondorioz.

Azkenik, osasunari lotuta, Eusko Jaurlaritzak osasun-arloko ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntzetarako 2022. urteko deialdia —5,6 milioi eurokoa— onartu du gaur.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak