Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

Biztanleriaren Mugimendu Naturalari buruzko lankidetza-hitzarmena INE eta EUSTATen artean (2011-10-07(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko urriak 07

Erabakia: Estatistikako Institutu Nazionalak eta Euskal Estatistika Erakundeak, lankidetza-hitzarmen bat sinatzea baimentzeko. Guztia ere, helburu honekin: biztanlegoaren mugimendu naturalen eta heriotzen (kausen arabera) estatistikak egiteko.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak Biztanleriaren Mugimendu Naturalari buruzko EUSTATen (Euskal Estatistika Erakundea) eta INEren (Estatistikako Institutu Nazionala) arteko lankidetza-hitzarmena onetsi du.

Biztanleriaren Mugimendu Naturalean jaiotza, ezkontza eta heriotzei buruzko estatistikak jasotzen dira. Bada, estatistika lantzen duten erakunde bi horien ohiko jarduera da, eta lankidetza-hitzarmen berri honek 1996tik indarrean zegoena ordezten du, hori ere 1986ko hasierako hitzarmena eguneratzeko egin zela.

Biztanleriaren Mugimendu Naturalari (BMN) eta Heriotzei (heriotza-kausaren arabera) buruzko estatistikak 2009-2012ko Estatistika Plan Nazionaleko eragiketak dira (urriaren 17ko 1663/2008 Errege Dekretuaren bitartez onetsi zen plan hori). Horrenbestez, Estatistikako Funtzio Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legeak ezarritakoaren arabera, estatu-helburuetarako estatistikak dira, eta Estatistikako Institutu Nazionalaren erantzukizuna da estatistika horiek lurralde nazional guztian egitea.

Bestalde, jaiotzen estatistika, ezkontzen estatistika eta heriotzen estatistika Euskal Autonomia Erkidegoaren interesekoak dira bere lurralde-eremuan, egun indarrean dagoen urriaren 21eko 4/2010 Legeak onetsi zuen 2010-2012 Euskal Estatistika Planak dioen bezala. Bertan ezarritakoaren arabera EUSTAT da horien inguruko erantzukizuna duen erakundea, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko berariazko estatistika-organoak heriotzen estatistiketarako informazioa bildu eta ustiatzeko faseetan parte hartzen du.

Estatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoak interes bera dute estatistika horiei dagokienez eta, beraz, Estatuaren eta autonomiaren jarduerak koordinatzea komeni da. Izan ere, Estatuak eskumen esklusiboa du estatu-helburuetarako estatistiketan (Konstituzioaren 149.1.31 artikuluan ezarritakoaren arabera), eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du bere helburu eta eskumenetarako Euskal Herriko estatistiketan (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onetsi zuen Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 10.37 artikuluan ezarritakoaren arabera).

Interes bera dutenez, ondoz ondoko lankidetza-hitzarmenak egin izan dira INE eta EUSTATen artean, erakunde bien ahaleginak bateratzearren, eta bikoiztasunak eta beharrezkoak ez diren eragozpenak saihestearren bai informazioa ematen dutenei azken batean Erregistro Zibilei bai eta informazioa erabiltzen dutenei ere, kalitateari buruzko berme handiagoa eskaintzen zaiela.

Hitzarmen honetako estatistikak egiteko erabili izan diren prozedurak nabarmen aldatu dira, aurreko hitzarmena sinatu zenetik (1996) teknologia berriak garatu baitira. Hori dela eta, aurreko hitzarmeneko klausula ugari zaharkituta geratu dira eta EUSTATeko eta INEko arduradunek beste bertsio bat aurkeztu behar izan dute

Nolanahi ere, hitzarmenaren oinarriak INEren eta EUSTATen arteko konfiantza, kasuan kasu aplikatu beharreko estatistika-metodologiei buruzko akordioa, eta erakunde bakoitzak egindako lanen inguruko errespetua dira. Horrela, batek egindako lana ez da beste erakundean errepikatu behar izango, eta nabaria izango da denbora eta baliabideak aurreztu egingo direla.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan