Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

José María Piris Carballo, terrorismoaren biktima izan den umeari omenaldia

2022-04-02
  • Haren familia 42 urte geroago elkartu da Fernando García Lópezekin, hildako adingabearen lagunarekin; atentatuan larri zauritu zuten
  • Artolazabal: “Bonba hori ez zen inoiz jarri behar, ez dagoelako indarkeriaren bidez defendatzea merezi duen ideia edo proiektu politikorik”
  • Javier Zubizarretak, Azkoitiko alkatea, esan du: “Etengabe, arrazoiaren indarra gutxietsi, eta indarrari eman zaio arrazoi. Horrek, basakeriara, sufrimendura eta injustiziara eraman gaitu”

 

Azkoitia, 2022/04/02

1980ko martxoaren 29an, Jose María Piris Carballo Azkoitian futbol-partida bat jokatzetik itzuli zen. Fernando García López lagunarekin zihoan. Jose Mariak 13 urte zituen; Fernandok, 12. Biak Gipuzkoako kaleetatik zihoazen, kalearen erdian pakete bat ikusi zutenean. Jose Maria aurreratu egin zen eta ostiko bat eman zion. Denbora gelditu egin zen.

Pakete hura guardia zibil baten autoaren azpian jarritako bonba bat zen. Agenteak ibilgailua mugitu zuenean, bonba erori eta kalean gelditu zen. Jose Maria eta Fernando iritsi ziren arte. Eztandak haurra berehala hil zuen; haren laguna larri zauritu zen.

“Ama naiz eta imajina dezaket” esan du Beatriz Artolazabal sailburuak gaur goizean Azkoitian egindako omenaldian. “Baina ezinezkoa da egun hartan amak, aitak eta familiak sentitu zenuten urradura, mina, pena sentitzea. Oroitzapenak, mina eta maitasuna batzen gaitu gaur. Gaur gure konpromisoak batzen gaitu”. Artolazabalek hitz hauek zuzendu dizkio Juan Antonio Pirisi, Jose Mariaren anaiari, familiaren izenean omenaldira joan baita.

“Bonba hori ez zen inoiz jarri behar; ez dagoelako indarkeriaren bidez defendatu beharreko ideia edo proiektu politikorik… inoren aurka”, esan du sailburuak.

Piris Carballo familiak Extremadurara, bere jaioterrira, itzultzea erabaki zuen, harik eta gaur, 42 urte geroago, Azkoitira itzuli den arte, Jose Mariaren bizitza oroitzeko eta, batez ere, Fernandorekin elkartzeko.

Ekimena Terrorismoaren Biktimen Extremadurako Elkartetik abiatu zen, eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak antolatu du, Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzaren bidez, eta Azkoitiko Udalaren kolaborazioarekin.

“ETAk akatsaz hitz egin zuen, baina Jose Maria eta Fernando ez ziren akats baten biktima izan, ez dira albo-kalteak. ETAren terrorismoa eta haren sorrera akats bat izan ziren. Terrorismoak ez du albo-kalterik utzi, biktimak utzi ditu, bidegabeki hil ziren pertsonak. Ez gure izenean. 1980ko larunbat hartan haur bat kendu ziguten; gure askatasunaren zati bat kendu ziguten”, esan du Artolazabalek.

Beste behin ere, hitzaldiaren amaieran, sailburuak biktimengana jo du, eta “inoiz ez zarete bakarrik sentituko” dioen konpromisoa berretsi die. Eta hau ondorioztatu du: “Oroimenez betetako etorkizunarekiko konpromisoa; Jose Mariaren memoria, terrorismoaren biktima guztien eta giza eskubideen urraketaren oroimena”.

Azkoitiko alkate Javier Zubizarretak, berriz, anfitrioi lana egin du, eta omenaldiaren ekitaldiak jaso ditu Udaletxean. Bere hitzaldian, Zubizarretak arrazoiari heldu dio, ezberdintasunak konpontzeko bide gisa.

“Ikasketa garaietan, esaten zidaten animalia arrazoidunak izateak bereizten gintuela gizon-emakumeak, gainerako izakietatik. Alegia, arrazoitzeko gaitasunak. Baina errealitatean, gure historiaren zati askotan, arrazoibidearen gabezia nagusitu izan da. Etengabe, arrazoiaren indarra gutxietsi, eta indarrari eman zaio arrazoi. Horrek, basakeriara, sufrimendura eta injustiziara eraman gaitu, eta halakoetan, beti errugabeak ateratzen dira kaltetuen”, esan du Zubizarretak.

Biktimaren anaiak eta zauritutako beste haurrak, egun heldua den Fernando Garcíak ere hartu dute hitza, eta, Jose María Piris Carballoren omenezko lore-eskaintzan parte hartu dute. 1980an jarri zuen Román Sudupe alkate ohiak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
Beste gonbidatu batzuk
  • Javier Zubizarreta (Azkoitiako alkatea)