Berriak Kultura
Eu

Gazteriaren Euskal Legearen aurreproiektua onartu du Gobernu Kontseiluak (2011-10-07(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko urriak 07

Gazteriari buruzko Euskal Legea

Gobernu Kontseiluak ontzat eman du Gazteriaren Euskal Legearen proiektua, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Gazteria Zuzendaritzak egindakoa. Lege-proiektuak ikuspuntu berri batetik planteatu nahi ditu gazteen inguruko politika globalak, betiere gaurko gizartean gazteek bizi dituzten aldaketei egokituak.

Horrela, herri-administrazioek gazte-politika integrala bultzatzeko dituzten eskumenak eta eginkizunak arautzeko premiari erantzuten dio Gazteriaren Euskal Legeak. Politika horrek, batetik, gazteak emantzipatzea eta gizarteratzea posible egingo duten neurriak hartzen ditu barne, gazteriaren arloko zeharkako politikak planifikatuta, egikarituta eta ebaluatuta. Bestetik, gazteriaren sustapena hartzen du barne; berariaz gazteei zuzendutako jarduerak, zerbitzuak eta ekipamenduak eskainita, eta, betiere, gazteen euren partaidetza sustatuko duten prozesuak eta bideak erabilita, helburua gazteek herritar gisa dituzten eskubide eta askatasunak baliatuko dituztela bermatzea izan behar delarik.

Gazteriaren politikaren kontzeptua zabaltzerekin bat, azken urteotan, Gazteriaren Euskal Legearen hiru helburu handiak definitu dira:

-Gazteen autonomia eta emantzipazioa erraztea, zeharkako politikak sendotuz eta sailak eta erakundeak euren artean koordinatuz.

-Berariaz gazteria sustatzera bideratuta dauden zerbitzu eta ekipamenduetan gutxieneko kalitate-baldintzak bermatzea.

-Euskadiko gazteek parte hartzeko eta solaskide izateko bideak zabaltzea, tokiko eremuan ere bide egonkorrak sortuta, eta, era berean, bide horietan elkarteetako gazteak zein elkarteetatik kanpoko gazteak aintzat hartuta.

Hona, bada, gazteriaren politikak eduki behar duen helburu argi eta agerikoetako bat: gazteek -nagusiki 25 eta 29 urte bitartekoek- jatorrizko etxetik irteteko eta beren familia-gunea osatzea zailtzen edo eragozten dituzten oztopoak kentzea.

Zentzu horretan, lege honek gazte gisa garatzen eta helduarora iragaiten lagunduko dieten lanabesez hornitu behar ditu gazteak. Hori dela eta, gazteen autonomia pertsonal eta ekonomikoa sustatuko du, emantzipazioari begira. Horretarako planteamendu babesleegiak saihestu beharko dira, gazteen emantzipazioa eta partaidetza soziala atzera eta oztopa baititzakete.
Horretarako, Eusko Jaurlaritzak kudeaketa-mekanismoak behar ditu, bere eskumenak eraginkortasunez gauzatzen direla bermatzeko eta eskatzen zaizkion eginbeharrak azkartzeko.

Ildo horretatik, lege honek Gazteriaren Euskal Erakundearen sorrera jasotzen du, gazte-gaietan eskuduna den sailari atxikitako erakunde autonomiadun gisa. Jarduteko autonomia izango du legeak ezartzen dituen helburuak erdiesteko eta erakunde eta sail arteko koordinazio egokia garatzeko, betiere gazteei eragingo dieten neurrien zeharkakotasuna bermatuta eta sendotuta.

Gazteriaren Euskal Erakundearen helburua izango da gazte-politika integrala eta gazteen autonomiaren eta emantzipazioaren aldeko ekintza positiboko neurriak planifikatu, programatu, koordinatu, betearazi eta ebaluatzea, eta beste horrenbeste egingo du gaztetasuna sustatzeko neurriekin.

Orobat, legeak Gazteriaren Euskal Sistema sortzen du, hau da, erantzukizun publikoko eta gizarte-partaidetzako zenbait jarduera eta egitura antolatu eta egonkor, zeharkako esku-hartzeak eta gazteentzako jarduera, zerbitzu eta ekipamendu espezifikoak barne hartzen dituztenak. Helburua da, hain zuzen, egonkortasunez eta era jarraituaz laguntzea ume, nerabe eta gazteei, pertsona gisa gara daitezen eta haurtzaroa, nerabezaroa eta gaztaroa goza dezaten, betiere bizitzaren aro horiek duten alde bikoitzari onura aterata: hau da, berez balio eta esanahia duten bizitzaren garaiak diren aldetik, zeinetan pertsona bakoitza bere bizitzaren jabe den, herritar-eskubideen subjektua eta gizarte-sareko ezinbesteko parte; eta, beste alde batetik, apurka-apurka emantzipatzea ahalbidetzen duen aldia den aldetik, zeinetan norberaren gaitasunak eta sareko loturak osatuz, ikasiz eta sendotuz, helduarora arrakastaz eta atseginez igaro baitaiteke; izan ere, bizitzaren fase horretan lortu behar baita autonomia handiagoa erabakiak hartzeko eta norberaren bizi-proiektua gauzatzeko.

Iruzkin bat
  • @leire_cabado
    2012.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    El Consejo de Gobierno aprueba el Anteproyecto de Ley Vasca de Juventud (Acuerdo del Consejo de Gobierno del 07-10-201) http://t.co/NIy6oD4z

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan