Ardoaren eta arrainaren ibilbideak Euskadiko aniztasun eta aberastasun turistikoa erakusten du 166 km-ko ibilbidean

2022-04-04

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok, Oiongo alkate Eduardo Terrobarekin batera, GR38 ibilbidea aurkeztu du gaur (Ardoaren eta arrainaren ibilbidea). Antzinako ibilbide hori Oiongo mahastietan hasi eta Bermeo, Ondarroa eta Lekeitioko portuetaraino iristen da. Garai batean, portuetan mandoak arrainez kargatu eta itzultzean garia, gatza, ozpina eta ardoa ekartzen zituzten mandazainek erabiltzen zuten.

Gaur egun, Euskadi hegoaldetik iparraldera zeharkatzen duen 166 km-ko ibilbide luzea da. Sailburuak gogorarazi duenez, ibilbideak agerian jarriko du Euskadiko turismo-indar nagusietako 2ren balioa, hots, “gure baliabide naturalen eta turismo aktiboko baliabideen balioa, eta nazioartean ospe handia duen gastronomiarena. Ibilbide gastronomiko horiek Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak jasangarritasun turistikoan oinarritutako estrategia sendotzeko bultzatzen dituen apustuetako bat dira. Ibilbideek lurralde osoko mugimenduak sustatzen dituzte, eskaintza dibertsifikatzen dute, eta egonaldia luzatzen eta desestazionalizatzen laguntzen dute. Gainera, baliagarriak dira gure gastronomiari eta historiari lotutako ondarearen balioa nabarmentzeko, eta lurralde-kohesiorako ahalmen handiko elementuak dira”.

Aurkezpenean, sustapen-material berriak erakutsi dituzte, hala nola ibilbidearen mapa berria etapa bakoitzaren fitxekin, eta gure turismo-atariko informazio berritua. Gainera, sailburuak gogorarazi duenez, Euskadiko Turismo Jasangarritasuneko lehen Lurralde Plana osatzen duten 11 proiektuetako 2tan (Lekeitiokoan eta Lea Ibarrakoan) Ardoaren eta arrainaren ibilbidearen turismo-dimentsioa hobetzeko jarduketak aurreikusten dira, 2 milioi euroko zuzkidurarekin.

Era berean, 2022. urtean ibilbide hori bultzatzeko egingo diren ekintzak aurreratu dira, hala nola liburuxka eta etapen fitxak bideak zeharkatzen dituen herri nagusietan banatzea, sustapen-bideoak egitea, ibilbidea sustatzeko prentsa-bidaia bat egitea eta hedabide espezializatuak eta hainbat preskriptore ibilbidea eta hura osatzen duten baliabideak ezagutzera gonbidatzea.  Eta, azkenik, Euskadiko zikloturismo-estrategiaren ildotik, GR38aren ibilbide paralelo bat diseinatu eta garatuko da, eta bizikleta-ibilbide gisa aurkeztuko da.  

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak