Berriak Segurtasuna

Euskadiko trafikoan Itzulia Basque Country 2022 probak izango dituen eraginak

2022-04-01
  • Lasterketa apirilaren 4tik 9ra bitartean egingo da Hondarribia eta Eibar artean
  • Ertzaintza eta udaltzaingoak arduratuko dira segurtasun-dispositiboaz eta txirrindulari-proban laguntzeaz

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak gaur goizean prentsaurrekoan zehaztu ditu Itzulia 2022 probak Euskadiko errepide-sareko zirkulazioan izango dituen eraginak eta ezarriko den segurtasun-dispositiboa. Lasterketaren 61. edizioa izango da aurtengoa, eta datorren apirilaren 4an irtengo da Hondarribitik eta Eibarren, Arrateko santutegirako igoerarekin, amaituko da hilaren 9an.

Eusko Jaurlaritzak koordinatuko du segurtasuneko eta txirrindulari-proban laguntzeko dispositiboa, eta guztira Ertzaintzako 260 agentek parte hartuko dute (Ertzain-etxeetako agenteek, Trafikoko unitateek, Brigada Mugikorrak eta Zaintza eta Erreskate Unitateak). Itzulia Basque Country 2022 probari buruzko informazio guztia web-orrien, aplikazioen eta Twitter kontu ofizialen bidez hedatuko da.

Gainera, herritarrek Eusko Jaurlaritzaren telefono-zenbaki bat, 011, erabil dezakete eguneko 24 orduetan trafikoari buruzko informazioa jasotzeko, bai eta www.trafikoa.euskadi.eus webgunea, @TrafikoaEJGV Twitter kontua edo TrafikoaEJGV aplikazioa ere. Era berean, Euskadiko errepide-sarean kokatuta dauden mezu aldakorreko panelen bidez ere emango da trafikoko eraginen eta murrizketen berri.

ERAGINAK TRAFIKOAN

ASTELEHENA, APIRILAK 4: 1. ETAPA – HONDARRIBIA-HONDARRIBIA

  • Etaparen kilometroak guztira: 51 km.
  • Eraginak: Herri osoan, goizetik arratsaldeko azken ordura arte.

ASTEAZKENA, APIRILAK 6: 3. ETAPA – LAUDIO-AMURRIO

  • Etaparen kilometroak guztira: 181,72 km.
  • Eraginak: A-625ean, Laudion eta Amurrion. Eragin puntualak 13:00etatik 17:00etara, gutxi gorabehera, bi noranzkoetan.

OSTEGUNA, APIRILAK 7: 4. ETAPA – GAZTEIZ-INGETEAM. ZAMUDIOKO PARKEA

  • Etaparen kilometroak guztira: 185,60 km.
  • Eraginak:
    • N-240an, Arabatik N-634 errepidera (Galdakao), 13:00etatik 15:00etara, gutxi gorabehera. Ibilgailu astunen eta garraio berezien zirkulazioa saihestea edo minimizatzea gomendatzen da. Garrantzizkoa da ohar hau salgaien garraio-elkarte profesionalei helaraztea, lanaldia egoera horretara moldatu ahal izan dezaten.
    • AP-8tik eta N-634tik N-240rako sarbideak itxi egingo dira:
      • AP-8 autobidearen 105. irteera, Galdakao-Ospitalea-Gasteiz, bi noranzkoetan itxiko da 13:00etatik 14:45era, trafikoa N-240era beheranzko norabidean sartzea eragozteko.
        Tarte horretan Galdakaoko Ospitalerako sarbidean larrialdietako zerbitzuak eta garraio publikoa bakarrik sartu ahal izango dira.
      • Tarteka itxiko da N-634 errepidea, N-240rekin lotzen den lekuan, Erletxe eta El Gallo arteko zatian, bi noranzkoetan, 13:00etatik aurrera. N-240ra doan trafikoa AP-8, N-634 eta BI-635 (Zornotzatik) errepideetatik bideratuko da.
      • Itxi egingo dira BI-631 errepidean (Santo Domingo gaina) BI-3741 errepiderako (Artxandatik Enekurirako errepidea) irteerako erreiak bi noranzkoetan 13:15etik 15:00etara.
      • Bilboko Enekuriko irteeretan eragin puntualak izango dira, lasterketaren burua iritsi baino 15 bat minutu lehenago, 14:40 inguruan eta txirrindulariak igaro arte.
      • N-637ko Asua-Enekuriko irteeran zirkulazioa desbideratu egingo da Getxorako noranzkoan, Asua-La Cadena biribilguneranzko trafikoa saihesteko, 14:40 aldera eta txirrindulariek Enekuri jaitsi arte.
      • Eragin puntuala Asua-La Cadena biribilgunean 14:54 aldera eta txirrindulariak igarotzen diren bitartean.
      • BI-737tik Zamudioko Parke Teknologikorako sarbideetan eragina izango du aldizka 16:15etik 17:30era bitartean; lehenengo, lasterketa igaroko delako eta gero bertan izango delako etapa-amaiera.
      • Eragina N-637an, Txorierriko korridorean. Lezamako eta Larrabetzuko 25. eta 27. irteerak itxiko dira, bi noranzkoetan, 16:15etik 17:30era bitartean, gutxi gorabehera.

OSTIRALA, APIRILAK 8: 5. ETAPA – INGETEAM. ZAMUDIOKO PARKEA-MALLABIA

  • Etaparen kilometroak guztira: 163,76 km.
  • Eraginak:
    • N-637 errepidearen 25. irteera, Txorierriko Korridorea, bi noranzkoetan itxiko da 12:45etik 13:45era, gutxi gorabehera.
    • Eraginak N-634 errepidean, Iurreta eta Abadiño-Durango artean, 16:30 aldera. Eragina handia izan daiteke bide-zati horretako ibilgailu astunen trafikoaren bolumena dela eta.

LARUNBATA, APIRILAK 9: 6. ETAPA – EIBAR-ARRATE

  • Etaparen kilometroak guztira: 135,69 km.
  • Eraginak:
    • GI-2634 errepidea itxiko da Azkaraten 15:00etatik 16:00era, gutxi gorabehera.
    • Arraterako igoera itxiko da lasterketa igaro behar denean. Hala ere, herritarrei aholkatzen zaie ez igotzeko ibilgailu partikularrekin.

BALIABIDEAK

  • Ertzaintzak guztira 260 agente hedatuko ditu.
  • Horietatik 35 Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako trafiko-unitateetako motoristak izango dira.
  • Proban laguntzeko eta segurtasuna bermatzeko dispositiboa udaltzaingoekin elkarlan estuan gauzatuko da.

GOMENDIOAK

Eusko Jaurlaritzak herritarrei dei egiten die garraio publikoa erabil dezaten, eta, gidatu behar izanez gero, ordezko ibilbideak erabil ditzaten, denboraz ibil daitezen eta Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarraibideei jaramon egin diezaieten. Bestalde, Arrate gainera ibilgailu partikularrekin ez igotzea gomendatzen du.

Era berean, errepideen egoera kontsultatzea gomendatzen du 011 telefono-zenbakian, www.trafikoa.euskadi.eus webgunean, @TrafikoaEJGV Twiterreko kontuan edo TrafikoaEJGV APPan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan