Berriak Segurtasuna

Eusko Jaurlaritzak Neguko Bidezaintza Planaren fase operatiboa aktibatu du

2022-03-31

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du Neguko Bidezaintza Plana aktibatuko dela gaur 21:00etatik aurrera, Euskadi barnealdean elurra egiteko arriskua dagoenez. Gaur arratsaldean elkartu da Trafikoa Koordinatzeko eta Larrialdiak Kudeatzeko Txurdinagako Zentroan (Bilbo) Euskadiko erakunde guztien ordezkariek osatutako Koordinazio Organoa, aurreikuspen meteorologikoen eta Euskadiko errepideetan eguraldiak izaten duen eraginaren arabera mobilizatu beharko liratekeen baliabideak koordinatzeko.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak, prebentzio moduan, 7 garabi astun jarriko ditu errepide-sare nagusian gurutzatuta gera litezkeen kamioiak erretiratuko direla ziurtatzeko. Gainera, baliabide gehiago jarriko ditu kudeaketa-gelan eta telefono-arretan, bai 011n (trafikoko arreta) bai 112an (larrialdien arreta), eta gidariei informazioa emango die, besteak beste, mezu aldakorreko panelen eta sare sozialen bidez.

Bileraren buruan Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea izan da, Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariarekin, Fernando Izagirre Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariarekin eta Aitor Lete Segurtasuna Koordinatzeko zuzendariarekin batera.

Neguko Bidezaintza Plana 2021-2022

Eusko Jaurlaritzak koordinatzen duen 2021-2022ko Neguko Bidezaintza Planean jasota dagoenez, elurra kentzeko foru aldundien eta autobideen 201 makina, tona askotako ibilgailuak erretiratzeko puntu estrategikoetan kokatuko diren 7 garabi astun eta koordinazio- eta zaintza-lanetan laguntzeko beste 130 ibilgailu aktibatu daitezke. Horiei Ertzaintzaren trafikoko lurralde-unitateetako patruilak batu behar zaizkie, eta patruila-kopurua ertzain-etxeetako baliabideekin indartu eta osatu ahal izango da. Planean aurreikusten da 2021-2022ko negurako 27.600 tona gatz eta 760.000 litro gatzun izatea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak