Elkarlan Sariak
Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
qrcode

Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia pandemia aurreko kopuruetara itzuli zen iaz eta 315 kontrol egin zituen

2022-04-01
  • Guztira 83 misio egin zituen agentziak 2021. urtean, gehienak, %53, izaera autonomikoko probetara
  • Dopinaren Euskal Agentziak bi kirolari zigortu zituen iaz EPO eta Terbutalinarekin positibo emateagaitik 

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondok Dopinaren Aurkako Euskal Agentziaren 2021eko jardueraren balantzea aurkeztu du gaur. Jon Redondorekin batera Josu Ayok Agentziako arduradun medikoak ere parte hartu du prentsaurrekoan.

Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia Eusko Jaurlaritzaren mendekoa da eta Euskadin dopinaren aurkako borrokan du eskuduntza. Iaz guztira 83 misiotan 315 kontrol egin ziren. Horrela 2019ko maximo historikoa gainditu da orduan 311 kontrol egin ziren eta. 2020an nabarmena izan zen pandemiaren eragina eta kirol proba gutxiago egon zenez kontrol gutxiago, 145, egin ziren. 2021ean aldiz, kirol jarduera berreskuratu eta inoizko dopinaren aurkako kontrol kopururik handiena egin zen. 2021ean bi kirolari zigortu ziren positibo kasuengatik. 

2021eko 83 misioetatik 64 kirol probetara egin ziren, konpetizioan, eta 19 entrenamenduetara, hau da, konpetiziotik kanpo. Horrela guztira 274 lagin konpetizioan jaso ziren eta 41 konpetiziotik kanpo. Generoari dagokionez kontrolen xede izan ziren kirolarien %83 gizonezkoak izan ziren eta %17 emakumezkoak. 

Guztira 17 kirol modalitatetan egin ziren dopinaren aurkako probak ugarienak arraunean (108 proba), errepideko txirrindularitzan (58), errepideko atletismoa (24), ziklokrossa (20) eta sokatira (19).

Kirola  

Kontrolak

Arrauna  

108

Errepideko txirrindularitza

58

Errepideko atletismoa

24

Ziklokrossa

20

Sokatira

19

Atletismoa-Krossa

15

Halterofilia

11

Txirrindularitza MTB

10

Pelota Pala

8

Harrijasotzaileak

7

Aizkolariak

7

Esku Pilota

6

Duatloia

6

Mendiko lasterketak

5

Euskal pentlatoia

5

Herri Kirolak (mistoak)

4

Segalariak

4

GUZTIRA

315

 

Dopin-kontrol gehienak, %53, erkidego mailako kirol probetan egin ziren, %31 estatu mailakoetan eta %16 nazioartekoetan.

2021eko 315 kontrol probetan profil esteroidal aldatua duten 11 emaitza analitiko atipiko eman ziren. 10 kasutan analisi osagarriak egin eta edozein anomalia baztertu zen. Beste baten boldenona atzeman zen (debekatutako sustantzien zerrendan dago (S1 taldea. Agente anabolizanteak) baina gernu-infekzio batek eragindakoa dela baieztatu eta jatorri exogenoa baztertu zen. 83 misioetan atzemandako hiru kasutan kontrako emaitza analitikoak atzeman ziren. Bi kasutan terbutalina (S-3 taldea. Beta-2 agonistak) atzeman zen. Kasu baten kirolariak medikuaren baimena aurkeztu eta zehapen espedientea itzi zen. Terbutalinaren ondorioz positibo emandako beste kirolariari zehapen espedientea abiarazi eta zigorra jarri zaio. Hirugarren kontrako emaitza analitiko bat ere atzeman zen iaz. Kasu horretan EPO edo Eritropoietina atzeman zen (S-2 taldea. Eritropoyesiaren estimulatzaileak). Kasu honetan ere kirolariari zehapen espedientea abiarazi eta zigorra ezarri zaio.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondok adierazi duenez “Dopinaren Aurkako Euskal Agentziaren datu hauek argi erakusten dute Eusko Jaurlaritzak dopinaren aurkako borroka irmoa eramaten duela aurrera. Gogoratu 2005ean hasi zela agentzia kontrolak egiten eta dopinik gabeko kirola lortzeko eta dopinarekin zero tolerantzia kultura ezartzea lortzeko lan egiten duela. Kirolaren beneko balioak baliostea da helburua: ahalegina, nork bere mugak gainditzea edo kiroltasuna”.

Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia

Dopinaren Aurkako Euskal Agentziaren zeregina eta eskumena da Euskadin dopinaren aurkako borroka kudeatzea. Espainiar estatuan dagoen bi agentzietako bat da Euskadikoa, bestea Estatu mailakoa da. Legealdi honetako helburua da Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legea Dopinaren aurkako munduko kodean egindako aldaketetara moldatzea. Lehenengo aldaketa 2018an egin zen eta nazioarteko araudia bost urtean behin aldatzen denez, Gobernu Kontseiluak joan den urte amaieran, 2021eko abenduaren 28an, onartu zuen Legearen moldaketa berria. Eusko Legebiltzarreko prozedura hasita dago eta datozen hilabeteetan onartuko da Kiroleko Dopinaren aurkako Legearen bigarren aldaketa.

Bestalde aste honetako Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia Dopinaren Aurkako WADA-AMA mundu agentziari atxikitzeko eskariari. Kirolean Osasuna Sustatzeko Espainiako Agentziak eta Euskal agentziak beharrezkotzat ikusten dute nazioarteko erakundeak euskal agentziari aitorpena egitea eta Euskal Autonomia Erkidegoan dopinaren aurkako borrokan jarduten duen erakunde erabat independentea delako.

Dopinaren Euskal Agentziaren zereginen artean formazio eta aholkularitza zerbitzua ere badago. Iaz kirolarientzat, federazioentzat formazioa eman zen eta besteak beste Getxoko Munduko Sokatira Txapelketaren harira sokatira probetan dopinaren aurkako programak zehazteko antolatzaileekin lankidetzan eta aholkularitza eskaintzen aritu zen Dopinaren Euskal Agentzia.

 

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @iozamizu
    2022-04-01

    Comentario de Twitter:
    La Agencia Vasca Antidopaje volvió el año pasado a cifras anteriores a la pandemia y realizó 315 controles https://t.co/7sqbuv6Cqs

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)