
Trapagaranen 1.200 landaretik gora zituen kalamu plantazio bat desegin dute eta bi pertsona atxilotu dituzte
- Ertzaintzak 41 eta 46 urteko bi gizon atxilotu ditu Trapagarango industria-pabiloi batean, barruan kalamu plantazio bat aurkitu ondoren, osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta.
Polizia-operazioa atzo, asteazkena, arratsaldean egin zuten Trapagarango industrialde batean. Ertzaintzaren hainbat baliabide hurbildu ziren bertara eta zaintza-dispositibo bat ezarri zuten, itxuraz jarduerarik ez zuen pabiloietako batean kalamua hazten ari zitezkeela susmatuta.
Arratsaldeko zortziak aldera, agenteek pabiloira sartzera zihoan gizon bat identifikatu zuten, eta honek sartzen utzi zien. Barruan beste gizon bat identifikatu zuten, eta hiru gune bereizitan garapen-maila ezberdinetan zeuden 1.200 bat kalamu-landare, 8.000 aldaxka eta hazkuntzarako tresnak aurkitu zituzten.
Horren guztiaren aurrean, bi gizonak atxilotu zituzten droga-trafikoaren ustezko delitua leporatuta, eta polizia-egoitzara eraman zituzten zegozkion eginbideak hasteko. Amaitutakoan eginbideak Barakaldoko Guardiako Epaitegira bidaliko dituzte.