Elkarlan Sariak
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Eusko Jaurlaritzak Ukrainako pertsonak hartzeko bigarren Kontingentzia-Plana aktibatu du hilabete baterako

2022-03-31
  • Lau atal ezartzen dira: lehen harrera, integrazioa, bizitegi-konponbide egonkorra eta harrerako eta integrazioko baliabide osagarriak
  • Berriz ere bi egoera planteatzen dira, baina oraingo honetan ez da kriterio kuantitatiborik ezartzen, ezin baita iritsieren kuantifikazio fidagarririk egin
  • Indarraldi mugatua eta behin-behinekoa du, premien arabera modulatzeko, eta harrera duina bermatzen du, bai eta gizarteratzea eta bizikidetza ere
  • Beste behin ere, euskal erakundeek eskatzen dute elkartasuna koordinatua eta antolatua izan dadila

Eusko Jaurlaritzaren Ukrainako errefuxiatuei harrera egiteko Jarraipen Mahaiak bigarren Kontingentzia Plana aktibatu du, lehenengoa gaur bertan amaitzen baitzen. Bigarren plan honetan bi egoera ezartzen dira lau esku-hartze eremutan. Agertokien definizioa Estatuko Harrera eta Integrazio Sistemak (SAI) dituen edo zabaltzen dituen baliabideen okupazio-mailak zehaztuko du. Agertokien definizioa ez dute zehazten Ukrainatik iritsitako pertsonen atalase kuantitatiboek. Plan honetan, Estatuko Harrera eta Integrazio Sistemak (SAI) dituen edo zabaltzen dituen baliabideen okupazio-maila da agertokiak zehazten dituena. Izan ere, oraingoz eta erregistro ofizialik gabeko edo iragaitzazko iritsiera kopuru zehaztugabea dagoenez, ezinezkoa da Euskadira iristen diren desplazatuen kopurua zehaztasunez kuantifikatzea.

Oraingoz, martxoaren 30era arte, honako datu hauek bildu dira: Martxoaren 30ean IZZn eskuragarri dauden bizitokietan lehen harrerako plaza bete duten pertsonen kopurua 478koa da. Polizia-etxeetan nazioarteko aldi baterako babesa aitortzeko eskatu duten pertsonak, oraingoz, 850 dira 265 adingabek aurkeztu dituzte matrikulazio-eskaerak. Bestalde, Ukrainatik etorritako 746 pertsona artatu dituzte Euskadiko Lehen Mailako Arretako zentroetan, otsailaren 24tik.

Bigarren kontingentzia-plan hau, lehenengoa bezala, oraindik ere argitu gabeko hainbat faktorek baldintzatzen dute. Lehenik eta behin, ezin da kalkulatu zenbat pertsona iritsi ahal izango diren Euskadira edo estatu osora datozen aste eta hilabeteetan, ezta zein epetan edo kontzentrazio-mailarekin ere. Oraindik ez dakigu harrera zer neurritan planteatuko den Estatuko Harrera eta Integrazio Sistemak asilo-arloan aurreikusitako parametroen barruan, edo beste bide edo neurri mota batzuk artikulatuko diren. Familia-erreferenterik gabeko adingabeak aldi baterako hartzeko estaldura juridiko espezifikorik ere ez dago oraindik zehaztuta, nahiz eta foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak irizpideak eta prozedura bat adostu dituzten.

Baldintza horiekin, bigarren Kontingentzia Planak hilabeteko indarraldia izango du, zehazki apirilaren 1etik 30era. Informazio berria eta zehatzagoa eduki bitartean, behin-behinekoa izango da. Haren aurreikuspenak indarraldia amaitu baino lehen luzatu edo berrikusi edo aldatu ahal izango dira, beharrezkoa izanez gero.

Nolanahi ere, helburua harrera duina bermatzea da. Lehen plana hasierako edo premiazko harreran oinarritzen zen, eta bigarren plan honek, berriz, gizarteratze- eta komunitate-prozesuak indartzeko eta familiei laguntza material eta psikosoziala emateko asmoa du.

Lau jarduera-eremu nagusi

Lehenengo harreran informazio zerbitzua eskaintzen da aireportuetan, hiriburuetako eta Irungo tren eta autobus geltokietan. 945 222 222 harrera-telefonoa eta harrera- eta informazio-bulegoak hiru hiriburuetan.

Planak, halaber, larrialdiko bizitoki-premiei erantzuteko estrategia bat jasotzen du, bai 1. agertokirako (ohiko baliabide indartuen bidezko harrera), bai 2. agertokirako (baliabide gehigarrien bidezko harrera). Era berean, laguntza psikosozialeko programa bat abian jartzea aurreikusten du, bai lekualdatutako pertsonentzat, bai Txernobylgo bazterkeriatik gertu dauden eremuetako haurrak eta elkarrekin bizi diren familia harreragileak hartzen dituzten pertsona eta familientzat.

Familia-erreferenterik ez duten adingabeei dagokienez, foru-aldundiek adingabeen balorazioa egingo dute, eta behin-behineko zaintza beren gain hartuko dute. Udalekin batera, arrisku-egoerak edo babesgabetasun-egoerak detektatzen diren kasuak baloratuko dituzte. Harrera-familien balorazioa ere egingo dute. Horretarako, Kontingentzia Planaren Jarraipen Mahaiak adingabeen batzorde bat sortu du gerta daitezkeen egoerak konpontzeko.

Planaren bigarren jarduera-eremua Integrazioan zentratzen da. Eremu horretan, erroldatzeari, udal-zerbitzuetan arreta emateari, hezkuntzari, osasun-zerbitzuei eta enpleguari dagokienez bi agertokietan behar diren baliabideak ezartzen dira.

Planaren hirugarren eremua etxebizitza egonkorrari buruzkoa da, errefuxiatuei lehen harrerako lehen etapa bete ondoren eman behar zaiena. Eremu honetan, bi etxebitzitza mota nagusi aurreikusten dira: erakundeek eskainitako etxebizitzak edo eskaintza sozialekoak eta harrera-familien etxebizitzak. Bi kasuetan, planak jarraituko den prozesua zehazten du. Gogoan izan behar da etxebizitzak elkartasunez eskaintzeko eta aldi baterako harrerako familiak eratzeko aldez aurreko prestasuna errefuxiatuak@euskadi.eus posta elektronikoaren bidez bideratu behar dela. Dokumentuak zehazten duenez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak laguntza-lerro bat prestatuko du familia harreragileek egiten duten ahalegin solidarioa babesteko.

Azkenik, laugarren jarduera-eremua harrera- eta integrazio-baliabide osagarriak deskribatzen ditu. Sei baliabide osagarri mota zehazten dira: itzultzaile boluntarioen sarea, Ukrainatik lekualdatutako pertsonei harrera egiteko gida, Emakumeen eta adingabeen salerosketaren prebentzioa indartzea, bizi-sostengurako laguntza ekonomikoa, solidaritatea artikulatu eta antolatzea, eta laguntzeko gaitasuna duten beste erakunde edo entitate batzuekiko koordinazioa.

Bizitzeko laguntza ekonomikoari dagokionez, eta behar dutenei bizirauteko oinarrizko laguntza ekonomikoa bermatzeko Estatuak erabiliko duen mekanismoa zehaztuta ez dagoen bitartean, Eusko Jaurlaritzak hitzarmena egingo du arlo horretan esperientzia duten gizarte-erakundeekin, laguntza behar duten pertsonak eta familiak bideratzeko eta helarazteko.

Gizartea egituratzeari eta antolatzeari dagokionez, herri bakoitzean boluntarioen tokiko taldeak sortzeko saiakera egingo da, udalerri horretan bizi diren familientzako erreferentzia-puntu gisa eskaintzen direnak. Hiru helburu izango dituzte: (1) lekualdatutako pertsonei laguntza, konpainia eta giza berotasuna ematea, (2) hizkuntza ikasten laguntzea eta (3) beren bizitza-ingurune berrira ohitzen laguntzea, bai zerbitzuen, saltokien edo garraioen erabileran, bai aisialdirako, autonomiarako edo gizarte- eta lan-egokitzapenerako aukeren ezagutzan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko