Elkarlan Sariak
Berriak Segurtasuna
qrcode

Vitoria-Gasteizek eutsi egin dio delituen kopuruaren beheranzko joerari, eta % 5,5 jaitsi da 2020arekin alderatuta eta % 13tik gora 2019arekin alderatuta

2022-03-31
  • Delitu gehienak ondarearen eta gizarte eta ekonomiaren ordenaren aurkakoak dira, guztien % 72,14, hain zuzen ere.
  • Internet bidez egindako delituek behera egin dute 2021ean, baina, hala ere, arau-hauste penal guztien % 15,5 dira dagoeneko, eta gero eta garrantzi eta eragin handiagoa dute gizartean.
  • Pertsonen aurkako delituei dagokienez, eutsi egin zaio 2019arekin alderatuta genero-indarkeriaren arloko delituen beheranzko joerari, eta 2021ean % 30 jaitsi dira etxeko indarkeriaren arloko delituak ere, etxeratze-neurriak arindu ondoren.
  • Ertzaintzaren eta Gasteizko Udaltzaingoaren ekintza bateratua oinarrizkoa izan da delituei aurrea hartzeko, bai eta horiek argitzeko ere, eta bide horretan jarraitzea funtsezkoa da, beraz, Arabako hiriburuan dagoen segurtasun-sentipena sendotzeko.

Araba izan da, bertako hiriburua, Gasteiz, barne dela, 2021ean delituen arloan, orokorrean, beherazko joera adierazten duten datuak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko bakarra. Ez da ahaztu behar 2020. urtearekin konparatzean sortzen diren datuak ez direla errealak pandemiak eragindako murrizketen ondorioz, eta balantze honetan, beraz, ez dira erreferentzia gisa hartzen 2020ko datuak bakarrik, baizik eta 2019ko datuak ere aztertzen dira, mugimendu-askatasunik ezak eta ezarritako murrizketa-neurrien ondorioek ez baitzuten eraginik izan delituen tasan.

Orokorrean, Euskal Poliziak Gasteizen jakin dituen arau-hauste penalek behera egin dute 2020arekin alderatuta, eta 13.984tik 13.217ra jaitsi dira (767 gutxiago), eta beherakada % 5,5ekoa izan da, beraz.  Konparazio hori 2019ko datuekin egiten bada, beherakada % 13,4koa izan da. Hori dela eta, Arabako hiriburuan 1.000 biztanleko delituen tasak ere behera egin du urtetik urtera 2019tik hasita, eta 2021ean 52,22an kokatu da.

DELITU MOTAREN ARABERAKO ANALISIA

Ondarearen eta gizarte eta ekonomiaren ordenaren aurkako delituak Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak jasotako delituzko arau-hauste guztien % 72,14 dira. Horien artean, ebasketak dira salatutako egitateen ia erdia (% 48,41), iruzurren aurretik (gehienak Internet bidez egindakoak), eta hauek % 21,52 dira (urtean zehar 2.052 salaketa jaso dira), bai eta kalteen aurretik ere, eta hauek guztien % 14,91 dira. Ebasketak 2020ko 4.048tik 2021eko 4.616ra igo diren arren, pandemia aurreko urtean, 2019an, erregistratutako zifren azpitik (% 33 azpitik) jarraitzen dute.

Egoera horixe bera islatzen da gizartean nolabaiteko eragina duten eta alarma sortzen duten beste delitu batzuetan ere. Pandemiarik gabeko urtearekin, 2019arekin, alderatuta, etxeetan eta eranskinetan indarra erabiliz egindako lapurretak 532tik 279ra jaitsi dira (2020an 255). Enpresetan, saltokietan eta bestelako eremu itxietan egindako lapurretek ere nabarmen egin dute behera: enpresetakoak 46tik 27ra jaitsi dira (2020an 23), saltokietakoak 333tik 245era (2020an 214). Indarkeria edo beldurra erabiliz egindako lapurretek % 10 egin dute gora, 2021ean askatasun deanbulatorioa handiagoa izanik, eta 2019an baino % 23 gutxiago izan dira oraindik ere.   

Azken urteotan etengabe gora egiten ari den delitu-mota iruzurrarena da, batez ere Internet bidez egiten dena, eta, zalantzarik gabe, areagotu egin zen pandemiak eragindako murrizketa-neurrien ondorioz. Zehazki, merkataritza-establezimenduak ixteak eta mugitzeko ordutegiak murrizteak Internet bidez erosketa eta beste era bateko jarduera gehiago egitea ekarri zuten, eta 2020an % 92 egin zuten gora, beraz, baina 2021ean tasak behera egin duen arren (2.776 delitutatik 2.052ra), goranzko joera nabarmena hautematen da era horretako delituetan.

Pertsonen aurkako delituei dagokienez, eta giza hilketen atalean, 2021ean delitu-mota honekin erlazionatutako 7 delitu zenbatu dira, eta horietako 2 dolozko homizidio burutuak izan dira. 2021eko otsailaren 10ean gizon bat hil zen Flandria kalean, beste pertsona batek labanaz zauritu ondoren, eta erasotzailea Ertzaintzak atxilotu zuen. Bestalde, urriaren 12an homizidio matxista bat gertatu zen, eta gizon batek emaztea hil zuen Sansomendi auzoko familiaren etxean. Homizidio-delituetan sartzen diren delitu guztiak (saiakerak eta bestelakoak) argitu zituzten Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak.  

Sexu-askatasunaren aurkako delituei dagokienez, 2021ean 26 sexu-eraso erregistratu ziren, 2020an baino 3 gehiago, eta horien heren bat baino gehiago genero-indarkeriaren esparruan gertatu ziren. Sexu-askatasunaren aurkako bestelako arau-hausteetan 2020an baino 25 kasu gehiago erregistratu dira (67tik 92ra), eta argitu diren kasuen tasa oso handia da, bai kasu batzuetan egilea ezaguna delako bai biktimen eremu pribatuan gertatu direlako.

Igoera horren arrazoia izan liteke gizartea, oro har, eta, bereziki, gazteak gero eta kontzientziatuago daudela era horretako delituak salatzeko. Kontuan izan behar da “EZ DA EZ” informazio eta hedapen kanpainak oso hedatuta daudela gaztetxoen artean, bai eta era horretako delituen arloan gizartean egiten den pedagogia-lana ere.

Atal honekin amaitzeko, eta genero-indarkeriaren arloko delituei dagokienez, aurreko urtearekin alderatuta 12 kasu gehiago izan dira (2021ean 610, 2020an 598, 2019an 728), baina kopuruak pandemia aurreko urteetan baino txikiagoak dira. Etxeko indarkeriaren arloan, delituen beherakada nabarmena hauteman da: 2020an baino 140 kasu gutxiago izan dira.  

Segurtasun kolektiboaren aurkako delituetan, droga-trafikoak zertxobait behera egin du, % 7,83, alegia, baina ez alkoholaren eta drogen eraginpean gidatzeak, % 50,91 egin baitu gora (2020an 220 kasu izan ziren eta 2021ean 332 izan dira), neurri handi batean askatasun deanbulatorioa berreskuratu izanaren ondorioz.

Ordena publikoaren aurkako delituen kasuan ere eragin handia izan du pandemiak, pertsonen haserrekortasuna areagotu baitu, eta horren ondorioz 2019tik 2020ra 176tik 387ra igo ziren kasuak (desobedientzia-delituak, agintaritzaren aurkako atentatuak, etab.). 2021ean, krisi honetatik pixkanaka leheneratu ahala, ordena publikoaren aurkako delituzko arau-hausteek % 40 egin dute behera.

ERTZAINTZAK ETA UDALTZAINGOAK 1.229 PERTSONA ATXILOTU ETA 5.772 IKERTU DITUZTE GASTEIZEN

2021ean 2020an baino delitu gutxiago izan diren arren, ez da gauza bera geratu atxilotuekin edo ikertuekin, zifra horiek gora egin baitute. Arau-hauste penalak ustez egin izanagatik polizia-eginbideetan agertzen diren pertsonak guztira 7.001 dira, eta kopuru horietan delitugile berrerorleak egon daitezke.

ESTRATEGIA BATERATUA: PREBENTZIOA, KOORDINAZIOA, INFORMAZIOA ETA ANALISIA

Gasteizko hiritarrek duten segurtasun-sentipena sendotzeko oinarrizko elementua izan da bertako Udaltzaingoa eta Ertzaintza azken urteotan egiten ari diren lan bateratua. 2020an, pandemiak markatutako urtean, bi polizien arteko lankidetza eta koordinazio lana ohiko jardunbidea izan zen, eta ezarritako estrategia bateratu horrekin jarraitu beharko da etorkizunean ere delitu-egintzak gutxitzearen eta horiek azkar eta eraginkortasunez ebaztearen mesederako.

Alde horretatik, Euskal Poliziako bi polizia-kidegoek sarri egiten dituzte bilera bateratuak, besteak beste, giza baliabideei eta baliabide teknikoei eta materialei probetxu hobea ateratzeko, delituei eta gertaerei buruzko datuak aztertzeko, polizia-operatibo koordinatuak ezartzeko, industria eremuak eta auzoak mugatzeko eta lortutako emaitzak ebaluatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)