Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
qrcode

EITBren programa-kontratu berria aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean Bingen Zupiria sailburuak eta EITBren zuzendari nagusi Andoni Aldekoak

2022-04-06
  • Dokumentuak 2016. urteaz geroztik indarrean zegoen Programa Kontratua berritzen du
  • Bertan ezartzen dira EITBren zerbitzu publikoaren misioa eta printzipioak, zerbitzu publiko horrek zerbitzu-emaile gisa hartzen dituen konpromisoak eta Eusko Jaurlaritzak EITBk zerbitzu hori eman dezan hartzen dituen finantzaketa-konpromisoak.

 

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta EITBren zuzendari nagusi Andoni Aldekoak Eusko Legebiltzarreko EITBren Kontrol Batzordean, beraiek eskatutako agerraldi batean, aurkeztu duten gaur EITBren programa-kontratu berria.  Gobernu Kontseiluak otsailaren 22an onartu zuen 2022-2025 aldirako indarrean egongo den akordioa eta EITBren Adminsitrazio Kontseiluak ere egun horretan jaso zuen programa-kontratuaren berri. Bi aldeek martxoaren 8an sinatu zuten.

Programa-kontratu berriak bi aldeen betebeharren eta konpromisoen esparrua berritzen du, Euskadin ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoa emateari dagokionez. Horrela, EITBren 5/1982 Sorrera Legearekin eta aplikatzekoa den gainerako araudiarekin bat etorriz, programa-kontratuak finkatu egiten ditu EITBk euskal gizarteari eskaini behar dion ikus-entzunezko komunikazioko zerbitzu publikoaren misioa eta printzipioak, besteak beste, pertsona guztiek irispidea izango dutela bermatzea, informazio anitz eta egiazkoa izateko eskubidea, euskararen sustapena eta normalizazioa, euskal kultura eta euskal kirola bultzatzea, euskal gizartearen bidelagun izatea eragile eraldatzaile moduan, ikus-entzunezko ekosistemaren garapenaren alde egitea, edota Euskadiren leihoa izatea munduan.

Zupiria sailburuak bere agerraldian azaldu duenez “ezinbestekoa da Euskadin dugun ikus-entzunezko komunikazio zerbitzu publikoa emateaz arduratzen den sozietate publikoak, EiTBek, joko-eremu egonkor eta egoki bat izatea hurrengo urteetan, ikus-entzunezko sektoreak aurre egin beharko dien erronka horiei guztiei ondo erantzuteko eta euskal gizarteari kalitatezko zerbitzu publikoa ematen jarraitzeko. Hori da Programa kontratu honen xede nagusia”. Gaineratu duenez, “Herri batek, bere garapenerako  ikus-entzunezko komunikazio zerbitzu publikoa behar du. Eta guk ere, Herri bezala, zerbitzu publiko hori, ikus-entzunezko komunikazioarena, behar dugu”.  

Bestalde, programa-kontratuak EITB finantzatzeko Eusko Jaurlarizaren aurreikuspena finkatzen du (ibilgetuaren inbertsioetarako, ustiapen-gastuetarako eta ikus-entzunezko ekoizpen europarrak finantzatzeko betebeharretarako). Aurreikuspen horren oinarria Eusko Jaurlaritzak 2022rako EITBri egingo dion ekarpena da, hau da, 161,5 milioi eurokoa.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)