Sestaoko udala Labe Garaia balioan jartzeko lanetan hasita dago Eusko Jaurlaritzak emandako 2,4 milioi euroko dirulaguntzari esker

2022-03-30

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak eta Sestaoko alkate Ainhoa Basabek Eusko Jaurlaritzaren 2,4 milioiko dirulaguntzari esker Labe Garaian egingo diren lanak azaldu dituzte gaur prentsaurrekoan.

Sestaoko Labe Garaiak 2005. urtetik du monumentu-kategoriako kultura-ondasun izendapena, eta Eusko Jaurlaritzak Lehentasunezko Jarduteko Guneetako batean (ZAP), hau da, egoera ahulean dauden eskualdeak bultzatzeko ekimenean sartutako proiektuetako bat da Sestaoko Labe Garaia.

Kultura ondare izendatutako monumentuaren babesa, kontserbazioa eta balioa bermatzen laguntzeko Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 2,4 milioi euroko dirulaguntza eman dio Sestaoko udalari. 400.000 euro 2021ean bideratu ziren eta gainontzeko bi milioiak aurten. Dirua Sestaoko Labe Garaia dagoen eremua urbanizatzeko obretan, bai eta kanpoko eta barruko irisgarritasuna errazteko obretan inbertituko da eta honako lan hauek eramango dira aurrera:

  • Hondeaketa-plana eta Ingurumen-baimena

Atal hau Labe Garaiko Parke Publikoa eraikiko den lursailen ingurumen-kudeaketan datza. Iraganean industria astuna hartu zuenez, lurzoruan laginketak egin dira, eta lortutako emaitzek baztertu egin dute hondakin kutsagarri aipagarririk dagoenik. Horrenbestez, ingurumen-agintaritzaren txostenak aldekoak izan dira, eta aurreikusitako urbanizazio-obrak egin daitezke.

  • Benediktara sartzeko Zubibidearen eta Labe Garaiko Parke Publikoaren arteko irisgarritasuna.

Jarduketa horretan igogailu bat eraikiko da, La Benedictara sartzeko zubibidearen eta etorkizuneko Labe Garaiko Parke Publikoaren artean dauden 26 metroko desnibela gainditzeko. Kontratua bihar, osteguna, esleituko da Sestao Berri sozietate publikoaren Administrazio Kontseiluan, 1.190.000 euroko zenbatekoan, BEZ barne. Beraz, lanak apirilean hastea espero da, eta urtea amaitu baino lehen amaituta egon beharko dute.

  • Bisita-zentroaren, Musealizazio- Guneen eta KIOrako Sarbideen proiektua.

Labe Garaiaren balioa sustatzeko planean jasotako ekintzetako bat KIOrako sarbidea eta bisita-zentro bat sortzea da. Zentro hori eraikitzeko 900.000 euro inguruko inbertsioa aurreikusi da. Gune berri horren proiektua dagoeneko egin da, eta Bizkaiko Foru Aldundiari bidali zaio, dagokion oniritzia lortzeko. Bihar, Sestao Berri sozietate publikoaren Administrazio Kontseiluan onartuko da obren lizitazioa, foru-erakundearen aurretiazko baimena iritsi bezain laster lanak kontratatu ahal izateko. 

  • Labe Garaia Zaharberritzea (proiektua idaztea).

Sestaoko labea Estatuaren jabetzakoa da, eta, ildo horretan, erakunde horrek esku hartu du kultura-ondasun hori bi fasetan birgaitzeko. Hala ere, denboraren joanaren eta begirada zabalago baten ondorioz, Eusko Jaurlaritza, Sestaoko Udala eta Espainiako Gobernua akordio batera iritsi dira, eta euskal administrazioak arduratuko dira proiektua idazteaz, proiektuaren fase batzuk aurreratze aldera. Dokumentu hori idazteko aldian dago, eta ekainean amaituta egotea aurreikusten da. Jaso ondoren, dokumentazioa Madrilera eta Bizkaiko Foru Aldundira bidaliko da, hura balioetsi eta aldeko txostena eman dezaten.

  • Proiektu osagarriak

Atal honen barruan, Bizkaiko Labe Garaien lantegian fabrikatutako lurrunezko tren-makina baten zaharberritzea dago. Lokomotora hori, birgaitu ondoren, Labe Garaiko Parke Publikoan instalatuko da. Bestalde, argiztapena aztertzeko ikerketa bat ere kontratatu da etorkizunean Labean argiztapen monumental bat jartzeko. Atal honetako hirugarren jarduketa beste azterlan bat kontratatzea da, Labe Garaiko alderdi museografiko osoari koherentzia emateko. Era berean, labea zaharberritzeko prozesuan herritarrei bisita-zerbitzu bat eskaini ahal izateko, “Obrengatik Irekia” programa planifikatzeko aukera aintzat hartuko da. Azkenik, Labe Garaiko monumentu-multzoaren kudeaketa-eredu egokiena aztertuko da, betiere iraunkortasun-irizpideak lehenetsiz.

Gaurko aurkezpenean Bingen Zupiria sailburuak azaldu duenez “Labe Garaia iragan industrial hurbilaren Europako ikono bat da. Eusko Jaurlaritzak apustu irmoa egin du ondare industriala baliotzat hartzeko, erabilera berriak aitortzeko eta bide horretan aldundiekin eta udalekin, eta kasu honetan, Kultura Ministerioarekin lankidetzan aritzeko. Eusko Jaurlaritzaren helburua industria ondarea berreskuratuta, beti ere iraunkortasun eta bideragarritasun irizpideekin, eskualdearen garapen sozioekonomikoa sustatzea da. Horretarako erakunde desberdinen arteko lankidetza beharrezkoa da eta Sestaoko Udala bidelagun dugu proiektu honetan”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak