Lehendakariordeak “lana gaixotzeko edo hiltzeko zergatia ez izateko” arrazoietan jardutearen alde egin du

2022-03-30
  • Mendiak 2021-2026 Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategia aurkeztu du gaur Legebiltzarrean

Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiak gaur defendatu du “lana ez dadin izan norbait gaixotzeko edo hiltzeko arrazoia”, eta ziurtatu du “langileen osasuna dela inbertsiorik onena enpresentzat eta Euskadirentzat”.

Mendia Eusko Legebiltzarreko Lan eta Enplegu Batzordean agertu da gaur, berak hala eskatuta, 2021-2026 Laneko Segurtasun eta Osasunaren Euskal Estrategia aurkezteko. Harekin batera, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Pérez Barredo eta Osalaneko zuzendari nagusi Lourdes Íscar agertu dira.

Aurkezpenean, lehendakariordeak honela definitu du estrategia: “errealitate ekonomiko berriaren, enplegu berrien, biztanleria landunaren errealitate demografikoaren eta osotasun fisikoa eta psikikoa desberdintasunaren faktore erantsia ez izateko ezinbestekoa den genero-ikuspegiaren aurrean segurtasuna eta osasuna bermatzeko ibilbide-orria”.

Azaldu duenez, "Zeharkako estrategia integral eta parte-hartzaile” honen gakoa zera da, kausetara jotzen duela eta pertsona jardueren ardatzean jartzen duela. “Lanari dagokionez, gizonek eta emakumeek baldintza eta egoera sozial eta ekonomiko desberdinak baditugu, ezbehar-tasa berdina al da? Arlo horretan genero-ikuspegirik ez badago, desberdintasun-iturri bat gehiago izan daiteke? Nola eragiten die adinak arriskuei?”, mahaigaineratu du.

Estrategiak honako gai hauetan ere sakontzen du, besteak beste: estresa, telelanaren ondorioz lan-esparrutik kanpo lanak egitea, edo isolamenduak edo hiperkonexioak eragindako arriskuak nola prebenitu. Horregatik, Mendiak arrazoietara joatearen alde egin du, “galdera berriak egitea, erantzun berriak eskaintzeko”.

12 helburu estrategiko

2021-2026 Laneko Segurtasun eta Osasun Estrategiak 12 helburu estrategiko eta 33 helburu operatibo ditu, lehentasunezko 50 ekintzatan deskribatzen direnak. Berrikuntza da pertsonak sartzea jardueren ardatz gisa, eta ez soilik lantokia, gure Erkidegoko langileen lan-bizitzaren kalitatea hobetzearren.

Horretarako, lehentasuna ematen dio Eusko Jaurlaritzaren politiken helburuen artean laneko osasuna sustatzea eta prebenitzea izateari, bereziki generoagatik, adinagatik, jatorriagatik eta dibertsitate funtzionalagatik, besteak beste, osasunean desberdintasun handienak izan ditzaketen pertsonei dagokienez. Era berean, laneko istripuen eta gaixotasun profesionalen (orokorrak eta sektoreka) intzidentzia-tasak murriztea du helburu. Horregatik, hainbat saiotan landu den moduan, prebentzio-beharra duten arrisku-faktore gisa txertatu dira generoari, biztanleria landunaren zahartzeari edo arrisku psikosozialei buruzkoak.

Euskal Estrategia bat dator XII. Legegintzaldiko Gobernu Programarekin, bai eta beste sail batzuetako plan estrategikoekin, “Europar Batasunaren Laneko Osasun eta Segurtasunaren arloko Esparru Estrategikoarekin (2021-2027)” eta “Laneko Segurtasun eta Osasunaren Espainiako 2015-2020 Estrategiarekin” ere, berritzear dagoena. Lan eta Enplegu Sailak OSALAN–Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari agindutako prestaketa-prozesuan prebentzioan inplikatutako agente guztiei eman zaie hitza eta parte-hartzea.

Estrategiak Eusko Jaurlaritzaren politiketan eragin nahi du, eta, beraz, Jaurlaritzako sailek eta erakundeek parte hartu dute estrategia egiten. Gainera, beste bi lantalderen parte-hartzearekin egin da: bat, hori onartu duten enpresa- eta sindikatu-erakundeena, eta bestea, prebentzioko profesionalen taldearena, prebentzio-zerbitzuena.

 

2 iruzkin
  • 2022-03-31

    Solitari@n lan-baldintza hobeak eskatzeak kaleratzea ekarri ohi zuen, baita langileen ordezkari diren pertsonak informatzea eta afekzioa etxera eramatea ere. Erkidego batean ere, ikuskatzaileek esan zidaten enpresara deitu zutela pasatu aurretik, pasatu zenean, kaltetutakoak aldeko ikuskapena izan zuela. Ikuskapen-lana aldez aurretik jakinarazi gabe egitea ikertu beharreko balizko faboritismo gisa oztopatzea bezala. Eta gero epaitegian esan defentsak denbora asko igaro duela afekziotik eta defentsaren bat erretiratu egin dela.

  • 2022-03-31

    Reclamar mejores condiciones laborales en solitari@ solía implicar el despido por lo menos incluso informando a personas representativas del personal trabajador, y llevarse la afección a casa. Incluso en una Comunidad el personal inspector me dijo que llamó a la empresa antes de pasar cuando pasó se encontró lo afectado con inspección favorable. Como que encima hacer la labor inspectora sin previo aviso se entorpeciera como un posible favoritismo a investigar. Y luego en el juzgado decir la defensa que ha pasado mucho tiempo desde la afección y alguna defensa retirarse.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak