Berriak Kultura
Eu

Blanca Urgell sailburua Bogota bisitatzen

2011.eko urriak 11

"Hizkuntza baten normalizazioa oinarri demokratikoetatik eta gutxiengoen eskubideen errespetutik baino ezin da egin"

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua zein Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Lurdes Auzmendi, Hizkuntzak Irakasteari eta Ebaluatzeari buruzko II. Mintegian ari dira parte hartzen.

 

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Blanca Urgell, eta Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Lurdes Auzmendi, parte hartzen ari da Hizkuntzak Irakasteari eta Ebaluatzeari buruzko II. Mintegian, Bogotako Unibertsitate Zentralean. Mintegiaren inaugurazio-ekitaldian izan dira, besteak beste, Guillermo Páramo Rocha, Unibertsitate Zentraleko errektorea, Gabriel Muyui, Kolonbiako Herri Indigenen Garapen Osorako Lehendakaritzaren programako zuzendaria, Mauricio Perfetti del Corral, hezkuntzako ministrordea, María Claudia López, Kulturako ministrordea, eta Aurelio Iragorri Valencia, Kolonbiako Herrizaingo ministroa.

Urgell sailburuak 'Recuperación lingüística y democracia' hitzaldia eman du. Bertan, euskara berreskuratzeko prozesuaren azken urteetako historiari buruz hitz egin du, eta, azpimarratu duenez, edozein normalizazio-prozesutan erabakigarria da hiztunek hizkuntz nortasunari eta berezitasunari eusteko borondatea izatea. Sailburuaren iritziz, "ez luke ezertarako balio izango gobernu batek bere diru- eta lege-baliabide guztiak hizkuntza baten sustapenean erabiltzea, baldin eta hizkuntza hori hitz egiten dutenek ez balute inolako interesik azalduko". Era berean, hitzaldian nabarmendu duenez, borondate hori bezain garrantzitsua da hizkuntzaren inguruan akordio politikoa lortzea; izan ere, ez da sinesgarria pentsatzea hizkuntza bat normalizatu daitekeela gizartearen baldintzak kontuan izan gabe eta normalizazioak eskatzen duen kostu ekonomikoa onartu gabe.

Blanca Urgellentzat, euskaldunok onartu egin dugu gure hizkuntzaren historia, eta horrek esan nahi du hizkuntza den bezalakoa dela eta ez nahi genukeen bezalakoa. Euskarak, mendeetan zehar, bizirik iraun du, Europako mendebaldeko hizkuntza prerromatar guztiak desagertu direnean, eta horren arrazoietako bat, hain zuzen ere, beste hizkuntza batzuetatik esapideak eta adierazpideak hartzeko gaitasuna izan da, beharbada.  "Hizkuntza batek, batik bat hizkuntza gutxitu batek, ingurune aldakorrera egokitzen neurrian bakarrik iraun dezake bizirik, eta horrek esan nahi, besteak beste, beste hizkuntza batzuen eraginera irekita egon behar duela".

Sailburuak hizkuntza-normalizazioa lortzeko adostasun sozialaren eta politikoaren garrantzia azpimarratu du. Euskararen sustapenaren kasuan, neurri positiboen bidez lortu da hori, betiere gure hizkuntza ez dakitenen bereizketa saihestuta. Hau da, "euskaraz hitz egin nahi dutenei eta ikasi nahi dutenei, erraztasun guztiak ematea, baina hori egin nahi ez dutenei ez inposatuz, hizkuntza baten normalizazioa oinarri demokratikoetatiko baino ez daiteke egin, eta, betiere, gutxiengoen  eskubideak errespetatuta", azpimarratu du.

Blanca Urgellen iritziz, munduari frogatu diogu euskara hizkuntza modernoa eta malgua dela, gaur egungo bizitzarako guztiz baliagarria dela, eta herri guztiaren ahaleginari esker lortu dela orain dela hiru hamarkada alde batera utzita zegoen eta ia guztien burla eta utzikeria jasaten zituen hizkuntza baten normalizazioan aurrera egitea. "Niri gustatzen zait esatea euskara ez dela Europako hizkuntzarik zaharrena, izendapen hori ez baitagokio, nahiz eta askok hala errebindikatzen duten; gazteenetarikoa dela esatea gustatzen zait, bizia delako, eta hiztun ugari haurrak direlako, gure inguruneko beste hizkuntza batzuetan baino proportzio askoz ere handiagoan", esan du amaitzeko.

Bogotako bidaia amaitzeko, Kolonbia, Venezuela eta Erdialdeko Amerikako Euskal Ordezkaritzan harrera ofiziala egingo diote eta Mariana Garcés Córdoba Kolonbiako kultura-ministroarekin bilduko da, tokian tokiko hizkuntzen inguruko ulermen-protokoloa berritzeko; bilera horretan izango dira, halaber, Moisés Medrano, Herrietako zuzendaria, Nancy Maldonado, Nazioarteko gaietako koordinatzailea, Diego Mantilla, Nazioarteko ataleko aholkularia eta Josefa Hernández, Herrietako ataleko aholkularia.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Kultura sailburua