
Berdintasunerako Lege berria herritarrengana gerturatu du Emakundek informazio-saioen bidez
- Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak ireki du gaur lehen saioa Gasteizen
- Datozen egunetan bilkurak egingo dira Bilbon eta Donostian
Gaur goizean egin da Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan Eusko Legebiltzarrak 2022ko martxoaren 3an onartu zuen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legeari buruzko lehen informazio-saioa. Gaur Gasteizen aurkeztu ondoren, beste bi saio egingo dira apirilaren 6an Bilbon (17: 00etatik 18: 30era Eusko Jaurlaritzak Kale Nagusian duen ordezkaritzan, 85) eta apirilaren 7an Donostian (16: 00etatik 17:30etara). Bertara joateko, izena eman behar da esteka honen bidez.
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak ireki du Emakundek antolatutako saioa. Herritarrek lege berriaren onurak ondo ezagutzearen garrantzia nabarmendu du, eta gogorarazi du lege horrek indartu egiten duela “2005eko legean jada modu aitzindarian agertzen zen lotura: Emakumeen aurkako indarkeria emakumeen eta gizonen arteko berdintasun ezaren adierazpenik larriena bezala onartua izatea”.
Artolazabalek adierazi du legea aldatzeak baliabide ekonomikoak, giza baliabideak eta baliabide teknikoak indartzea ekarriko duela berdintasun-politikak garatzeko, eta hobekuntzak bultzatuko dituela administrazioko langileen berdintasunari buruzko prestakuntzan, ikasgeletan hezkidetzari buruzko lanean, haurrak eta nerabeak indarkeria matxistaren aurrean babestean, edo detekzio goiztiarreko sistemetan, besteak beste.
Bestalde, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gogorarazi du legea egiteko prozesuaren izaera parte-hartzailea, proiektuak 400 ekarpen baino gehiago jaso baititu, bai gizarte zibiletik, bai erakundeetatik. «Saio hauek gizarteari bere ekarpena itzultzeko modu bat ere badira», adierazi du. Landaidak lege-erreformaren bost helburu azpimarratu ditu: berdintasun-politikak sektore publiko osora zabaltzea; sektore pribatuko funts publikoetarako sarbidea berdintasun-arloko legedia betetzera baldintzatzea; desberdintasunak ezabatzea funtsezko esparruak indartuz, hala nola kultura, hezkuntza, enplegua, osasuna edo gizarte-zerbitzuak; zaintzak erdigunean jartzea; eta indarkeria-mota guztien aurreko erantzuna indartzea.
Ander Bergara Emakundeko kooperazio instituzionaleko arduradunak, bestalde, legeak 2005ekoarekin alderatuta hainbat eremutan izan dituen aldaketa esanguratsuenetako batzuk azaldu ditu:
Finantzaketa: EAEko Administrazio Publikoak bere aurrekontuen % 1, gutxienez, berdintasun-politiketara bideratzea sustatuko du. 2030erako % 1,5era iristea planteatu da.
Plangintza: Berdintasunerako planak izateko eta aplikatzeko betebeharra Eusko Legebiltzarrera, Batzar Nagusietara, Arartekora, Herri Kontuen Euskal Epaitegira, Euskal Herriko Unibertsitatera eta nagusiki kapital publikoa duten partzuergo, fundazio eta enpresetara zabaltzen da. Eta erakunde autonomoek, eskubide pribatuko erakunde publikoek, partzuergoek, fundazioek eta kapital publikoaren partaidetza nagusia duten eta 50 langile baino gehiago dituzten enpresek berdintasun-unitateak edo berdintasunean espezializatutako zerbitzuak izango dituzte.
Estatistikak eta azterlanak: Emakunderen barruan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Euskal Behatokia sortuko da, EAEko berdintasunaren eta indarkeria matxistaren egoeraren eta bilakaeraren ikuspegi orokorra eta iraunkorra izateko tresna gisa.
Langileen trebakuntza: Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko derrigorrezko prestakuntza ezartzen da euskal botere publikoetako langile guztientzat.
Hezkuntza: Ikastetxe guztiak behartuta daude hezkidetzako eta berdintasuneko arduradunak izatera, irakasleei eta ordezkaritza goreneko organoei behar bezalako prestakuntza emanda.
Etxeko eta zaintzako lanak: Euskal herri-aginteek zaintzaren gizarte-erantzukidetasuna sustatu behar dute, enpleguaren eta enpresa-kulturaren egiturak egokituz, zainketen hornidura unibertsala eta publikoa eginez eta gizonen erantzunkidetasuna sustatuz.
Enplegua: Euskal administrazio publikoek ekintza positiboak ezarriko dituzte emakumeak kontratatzeko ordezkaritza txikia duten lanbide eta sektoreetan, bereziki ekonomian estrategikoenak direnetan.
Beren eskumenen esparruan, zaintza-zerbitzuak ematearekin zerikusia duten sektore profesionalen enplegu-baldintzak hobetzea sustatuko dute, bereziki, familia-etxeko zerbitzuak.
Euskal sektore publikoko diru-laguntzak kontratatzen edo jasotzen dituzten enpresa eta erakundeek gardentasunaren eta gizonen eta emakumeen arteko soldata-berdintasunaren printzipioa bete beharko dute.
Emakumeen aurkako indarkeria matxista: Etxeko indarkeriaren eta sexu-indarkeriaren biktimei arreta emateaz gain, indarkeria matxistaren gainerako adierazpenen biktimak artatzeko sistema arautzen eta zabaltzen du, hala nola mutilazio genitala edo emakumeen salerosketa, besteak beste.
Babes handiagoa ematen die haur eta nerabeei, eta biktimatzat hartzen ditu indarkeria dagoen ingurune batean bizi direnean ere, indarkeriaren biktima diren umezurtzentzako laguntza espezifiko bat sortuz, urtean 5.000 euro ingurukoa.
Emakumeen aurkako indarkeria matxistatzat hartzen da biktimei babesa ematen dieten pertsonen aurka egindako indarkeria, bai eta haien ingurune hurbilaren edo afektiboaren aurka egindakoa ere, batez ere seme-alaben edo bestelako senideen aurka, emakumea atsekabetzeko borondatearekin.
Biktimen erreparaziorako eskubidea jorratzen du, eta kalte-ordaina bermatzeko neurriak proposatzen ditu.