Berriak Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa
qrcode

Ireki da turismo-jasangarritasuneko planen bigarren deialdirako epea

2022-03-29
  • Euskadik, gainera, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak enogastronomiaren arloan autonomia-erkidegoen eskura jarriko duen 50 milioi euroko ezohiko partida eskuratu ahal izango du

  • Euskadik, halaber, 3,9 milioi euro jasoko ditu turismo-ostatuen energia-hobekuntza lortzeko laguntzetarako

Gobernuak eta autonomia-erkidegoek helmugako turismo-jasangarritasuneko planen ezohiko edizio berri bat abiaraztea adostu dute. Edizioak 720 milioi euroko finantzaketa jasoko du Europako Next Generation EU berreskuratze-funtsetatik. Aurrekontu horren % 7 enogastronomia ardatz duten proiektuetarako izango da. Izan ere, 2022rako identifikatutako lehentasun nazionala izango da enogastronomia.

Euskadik 67 milioi euro jasoko ditu hiru urtetan turismo-jasangarritasuneko lurralde-planetarako. Haietatik, 24 milioi euro dagoeneko baliatzen ari dira 2021ean onartutako 11 proiektutan. 2022ko proiektuetarako eskaera-epea apirilaren 1ean hasiko da. Toki-erakundeek eta autonomia-erkidegoek maiatzaren 17ra arte aurkeztu ahal izango dituzte beren proiektuak Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioan.

Programak toki-erakundeek aurkeztutako ekimenak (Estatuko Idazkaritzak eta Autonomia Erkidegoak batera ebaluatu beharrekoak) zein autonomia-erkidegoek diseinatutako helmugen arteko kohesio-ekintzak finantzatzen ditu.

Energia-efizientzia

Gainera, gaur bertan Konferentzia Sektorialean berretsi denez, Euskadik 3,9 milioi euro jasoko ditu turismo-ostatuen (hotel, kanpin, turismo-ostatu eta landetxeen) energia-efizientziako eta ekonomia zirkularreko proiektuetarako.

Diruz lagundu ahal izango diren jarduketek honako hauek izan beharko dituzte xede: inguratzaile termikoaren energia-efizientziaren hobekuntza, energia berriztagarrien erabilera berokuntza, hozte, klimatizazio eta etxeko ur beroko instalazio termikoetan, eta argiztapen-instalazioen hobekuntza.

Jarduketek energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoaren % 30eko murrizketa lortu eta justifikatu beharko dute, abiapuntuko egoerarekin alderatuta.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)