FEI-k eta Elkargi-k 10 M €-ko finantzaketa-lerroa aktibatzeko hitzarmena sinatu dute ukitutako enpresetan gerraren ondorioak arintzeko

2022-03-30

Finantzen Euskal Institutuak (FEIk) eta Elkargi-k hitzarmena sinatu dute 10 M €-ko finantzaketa-lerroa aktibatzeko —behar izanez gero handitu daiteke—, gatazka honek ukitutako enpresei Ukrainako gerraren ondorioak arintzen laguntzeko. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak martxoaren 22ko Gobernu Kontseiluan aurreratu zuen orain formalizatzen ari den hitzarmenaren edukia.

Ekimen honen helburua da Ukrainako, Errusiako eta Bielorrusiako enpresak bazkide komertzial gisa dituzten ETE-en epe labur eta ertaineko zirkulatzailea finantzatzea, baldin eta enpresa horien jarduera eta transakzio ekonomikoak egungo gatazka armatuaren eraginpean badaude. Era berean, hitzarmenean jasotzen denez, haren xedea da inportatzaile errusiarrek edo ukrainarrek ordaintzeko dituzten fakturak finantzatzea, baita hitzartutako epeetan iritsi ez diren salgaien gainean egindako salmenta errepikatuak eta aurrerakinak ere.

Mailegu horiek emateko, finantza-baldintza hauek bete behar dira:

  • Gutxieneko zenbatekoa: 50.000,00 euro.
  • Gehieneko zenbatekoa: 1.000.000,00 euro.
  • Interes-tasa: Euriborra gehi % 1,25eko diferentziala.
  • Finantzaketa-epea: 3 urte.
  • Gabealdia: 12 hilabetera arte.
  • Kuotak: Hiru hilez behingoak, hiruhileko natural bakoitzaren amaieran.
  • Amortizazio aurreratuko eta kitapeneko komisiorik gabe.

Horretarako, FEIk eta ELKARGIk mailegu bermedunak emango dizkiete Ukrainarekin, Errusiarekin eta/edo Bielorrusiarekin zuzeneko harreman komertziala duten enpresei. Helburu finantzagarria izango dira eskualde horiekin egindako zuzeneko erosketak eta salmentak.

Lerroak ahalbidetuko du ordaindu gabeko salmenta-fakturak finantzatzea, gatazka hasi zen egunetik aurrera ordaindu behar zirenak, baita hornikuntza etetea ere, baldin eta berori aurreratu bada eta horren entrega-data aipatutako egunean bertan edo geroago programatuta badago.

Gainera, gerrak ohiko merkatu bat ixtea eragin badu aipatutako hiru lurraldeetako edozeinetan, lerroak merkatu horretako azken kontabilitate-urteko fakturazioa finantzatu ahal izango du.

Enpresa eskatzaileek ELKARGIn aurkez ditzakete mailegu-eskaerak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko