Berriak Osasuna

Osakidetzak Haurren Osasunerako Programa hedatu du Lehen Mailako Arretako zentroetan, haurren eta nerabeen osasuna hobetzeko

2022-03-30
  • Programak pediatriako kontsultarako bisiten egutegia ezartzen du, bai eta haurra jaio aurretik 14 urte betetzen dituen arte egiten diren aldizkako jarduerak ere
  • Jarduera berriak jasotzen dira, besteak beste, jaioaurreko bisita, gaixotasun zeliakoaren baheketa, depresio handiaren baheketa nerabezaroan, eta bronkiolitis akutua prebenitzeko gomendioak

Osakidetza Haurren Osasunerako Programa (HOP) berria sare osoan hedatzen hasi da. Programaren helburua da haurtzaroan eta nerabezaroan prebentzioa eta osasuna sustatzea, aldizkako bisita eta jarduera programatuen bidez. Hedapenak Lehen Mailako Arretako sarea du oinarri, eta, zehazki, pediatriako taldeak.

Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduik programaren ildo nagusiak eta berritasunak aurkeztu ditu gaur, ESIetako pediatra eta erizainez osatutako lantaldearekin batera, haiek egin baitute dokumentua. Lantaldearen eginkizuna izan da haurrei zuzendutako jarduera sanitarioen berrikusketa zientifikoa egitea eta programa komun eta eguneratu bat ezartzea, ebidentzia zientifikoaren arabera. Osakidetzaren sare osoa hartu da kontuan, osasun-zentroaren arabera arretaren aldakortasuna murrizteko eta, horrela, kalitate gorena bermatzeko. 

HOPek ekintza komunak definitzen ditu haurrak eta nerabeak artatzen dituzten osasun-zentro guztientzat, hala nola:

  • Bisita-egutegi estandarizatua eta adinaren araberakoa, haurra jaio aurretik hasi eta 14 urte betetzen dituen arte.
  • Bisita bakoitzean egin beharreko jarduerak. Adibidez: garapen fisikoa gainbegiratzea, baheketak, aho-hortzen osasuna zaintzea, bronkiolitisa prebenitzea, txertaketa.
  • Jarduera bakoitzean esku hartzen duten profesionalak eta jarduerari eskaini beharreko denbora.
  • Familientzako informazio eta dokumentazio homogeneoa, paperean ez ezik, Osakidetzaren atariko Osasun Eskola atalean ere laster eskuragarri egongo dena (bertako informazioa zabaltzen eta eguneratzen joango da).
  • Paziente bakoitzaren historia klinikoaren erregistroa hobetzea, eskura dagoen informazioak kalitate handiagoa izan dezan.

Hori guztia bi helbururekin: batetik, osasun-arazoak saihestea gertatu baino lehen (lehen mailako prebentzioa) edo arazo horiek goiz detektatzea, ahalik eta goizen ekin ahal izateko (bigarren mailako prebentzioa); bestetik, familiak ahalduntzea eta haiei orientazioa eta laguntza ematea seme-alaben zaintzarako, ohitura eta hazkuntza osasungarrien mesede (osasunaren sustapena). 

JARDUERA BERRIAK 

Jarduera sanitarioen berrikusketa zientifikoari, nazioarteko gomendioei eta Praktika Klinikoko Gidei esker, orain arte modu sistematikoan jasotzen ez ziren jarduerak txertatu dira HOP berrian, edo lehendik zeuden batzuk eguneratu dira. Adibidez:

  • Jaioaurreko bisita pediatrikoa: progresiboki ezarriko da, eta haurtxo bat izango duten familiei pediatriako taldea aurkeztuko zaie; hala, lehen lotura ezarri eta zalantzak pediatriaren ikuspegitik argitu ahalko dira.
  • Lau baheketa berri ezartzea: gaixotasun zeliakoarena eta hiperkolesterolemiarena (biak arrisku-taldeei zuzenduak), hipertentsio arterialaren baheketa, eta nerabeen depresio handia detektatzekoa.
  • Kontsulta pediatriko guztietan bronkiolitisaren ibilbidea garatzea, haurtxoen ospitaleratzeen lehen kausa den osasun-arazo bat prebenitzeko.
  • Programa egokitzea muturreko goiztiarrentzat edo pisu oso txikia duten jaioberrientzat eta Down-en sindromea dutenentzat. Kasu horietan, HOPen jasotako bisita-egutegiaren eskema eta beharrezko jarduera espezifikoak egokitu dira.

Berrikusketak ere balio izan du ebidentzia zientifikoan oinarritzen ez diren jarduerak ezabatzeko, hala nola haurdunaldian eta edoskitzaroan iodoa sistematikoki ematea.

PEDIATRIAKO KONTSULTETAN ERABILTZEKO MATERIAL BERRIA

HOP hedatzearekin batera, pediatriako kontsultak material berriaz hornituko dira, eta horrek pazienteen osasun-egoeraren jarraipena egitea erraztuko du, zalantzarik gabe. Zehazki, osasun-zentroetako pediatriako kontsultetan material hau banatzen ari da: 244 eskoliometro, ikusmen esteroeskopikorako 187 test, 106 optotipo estandarizatu, 70 podoskopio, 121 tentsiometro digital mahuka pediatrikoarekin, 133 atlas hezur-adina kalkulatzeko eta 146 orkidometro, baita elikadura osasungarria sustatzeko materiala ere, hala nola nutriplatera edo mahai-oihala. Guztira, 426.000 euroko inbertsioa aurreikusi da materialean.

HOP-AREN BERRIKUSKETAREN JUSTIFIKAZIOA

Haurren Osasunerako Programak urte asko daramatza ezarrita Osakidetzan, eta oinarri sendoa du. Halere, ikusi zen prozesu egituratu baten beharra zegoela, irizpideak bateratu eta etengabeko ebaluazioa egin ahal izateko. Hortaz, gaur ezagutarazi den HOP programa bertsio eguneratua da. Asmoa da pertsonak ardatz dituen arreta integraleko eredu bat eskaintzea herritarrei, aniztasun kulturala, soziala, familiarra eta pertsonala kontuan hartuta.  

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak