NIK Patrika Digitala
Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Gerra zibilean hildako 42 pertsona desagerturen gorpuzkiak berreskuratu dira Bilboko Begoñako hilerrian

2022-03-30
  • Orain arte Euskadin aurkitu den hobi komun haundienean, 46 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dira, horietatik 42 biktima desagertuak dira, gehienak, gudari eta milizianoak
  • Gogora Memoria Institutua lanean ari da lurpetik ateratako gorpuzkiak identifikatzeko, eta aldi berean, senidea Bilboren defentsan hil zen zantzuak dituzten familiei deia egin die Gogorarekin harremanetan jarri daitezen
  • Jakinekoa zen Begoñako hilerrian Gerra Zibilean hildako pertsonak lurperatuta zeudela, gehieneak banaka, baina ez zegoen hilobi komun honi buruzko dokumentaziorik
  • Begoñako hilerriko esku-hartze hau Aranzadi Zientzia Elkarteak bultzatutako Bilboko Udalaren Begoñako Argia proiektuaren esparruan egin da.

Bilbo, 2022/03/22

Beatriz Artolazabal, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, komunikabideen aurrean agertu da gaur Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin eta Juantxo Agirre Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusiarekin batera, Begoñako Argia proiektuaren barruan Bilboko Begoñako hilerrian orain arte egindako deshobiratzeen berri emateko.

Proiektu honetarako egindako dokumentazio lanaren ondorioz, jakinekoa zen Gerra Zibilean hildkao hainbat pertsonen gorpuzkiak zeudela Begoñan. Gehienak banaka lurperatuta zeuden, et guztiek zeukaten Dokumentazioa hilerriko erregistroan.

Aitzitik, azken asteetan, Aranzadi Zientzia Elkarteak orduko hilobi haundi bat aurkitu du, ezaguna ez zena, ez baitzegoen hari buruzko dokumentaziorik. Fosa hori lau zatitan banatuta dago eta 46 hildako eta hainbat objetktu aurkitu dira. Horrenbestez, Euskadin gaur arte aurkitu den Gerra Zibileko hobi komunik haundiena da.

Aurkikuntza honen eta bere ondorioen berri eman dute gaur goizean Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, Bilbon.

Beatriz Artolazabal sailburuak azpimarratu du aurkitutako “46 gorpuzkietatik 42 orain arte desagertutako biktimenak” direla. Hobia, bata bestearen jarraian dauden lau ehorzketa-gunetan banatuta dago. Lehengoan eta bigarrenean, hilerrian erregistratuta zeuden bina pertsonaren gorpuzkiak daude. Baina hirugarren eremuan beste 17 biktima zeuden eta laugarrenean beste 25.

“Guztira, hobi komun handi horretan erregistratuta ez zeuden 42 biktimaren gorpuzkiak agertu dira, eta, beraz, orain arte desagertuta zeuden. Eusko Jaurlaritzak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean, 2003an, Desagertutako Biktimen Bilaketa programari ekin zionetik, Gerra Zibileko gorpuzkien aurkikuntza haundiena da hobi hau”, esan du.

Indusketa-lanetan material ugari berreskuratu da: txanponak, objektu pertsonalak, zahatoa, hebillak eta bost identifikazio-txapa. Hobian aurkitutako lehen ebidentzia materialen arabera, gudarien eta milizianoen aztarnak dira. Itxura guztien arabera, 1937ko ekainaren 15etik 18ra bitartean hil ziren Bilboren defentsan, Artxandako batailan seguruenik. Gudari eta miliziano horiek Begoñan lurperatu zituzten, inolako erregistrorik gabe, hiria matxinatuen eskuetan erortzear zela.

Gorpuzkien identifikazio lanen lehen urratsak eta familiei deia

Hobian aurkitutako identifikazio-txapen lehen garbiketak hildakoak zein batailoirenak izan daitezkeen adierazten du. Beatriz Artolazabal sailburuak, Eusko Jaurlaritzako memoria-politiken arloko arduradunak, aurreratu duenez, San Andres Batailoiko gudariak izan daitezke, Eusko Gudarosteko unitatea, Euskal Langileen Elkartasuna sindikatu nazionalistari lotua; Jean Jaurés Batailoiko milizianoak, Langileen Batasun Orokorrari lotua; eta miliziano anarkistak ere egon daitezkeela uste da.

Artolazabalek gorpuzkiak identifikatzeko prozesua nola garatuko den azaldu du. Prozesu hori hasteko, lurpetik ateratako gorpuzkien laginak hartu eta analisi genetikoa egingo zaie, Gogoraren DNA Bankuaren laginekin alderatzeko. Hala eta guztiz ere, eta pertsona horiek identifikatu ahal izateko aukera areagotzeko asmoz, dei egin die beren senitartekoa Bilboren defentsan hil zen zantzuak dituzten familiei Gogorarekin harremanetan jartzeko eta, hala badagokio, DNA lagina emateko.

“Lankidetza oro ongi etorria izango da, urte gehiegitan lurpean egon diren eta senitartekoek non dauden ez dakiten pertsona horiek identifikatzen saiatzeko”. Eta gaineratu du: “Eusko Jaurlaritzan tinko eusten diogu Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren biktimen duintasuna berrezartzeko konpromisoari”.

Eusko Jaurlaritzaren Gerra Zibileko Desagertuak Bilatzeko programa

Bilboko Begoñako hilerritik ateratako gorpuzkien azterketa genetikoak eta forentseak amaitu bitartean, 2003an Eusko Jaurlaritzak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan, 46 exhumazio egin dira eta emaitza positiboa izan dute: 24 Bizkaian, 15 Gipuzkoan eta 7 Araban. Horrela, 110 biktimaren gorpuzkiak berreskuratu dira, 108 gizonenak eta bi emakumeenak. Horietatik 27 identifikatu ahal izan dira, horietako bat emakumea, Monica Barrón del Val.

Euskadin egindako desobiratzeez gain, jatorriz edo bizilekuz euskaldunak ziren beste 9 pertsonaren gorpuzkiak itzuli zaizkie haien familia. Nafarroan egindako 4 desobiratzeei eta beste 5 kokapenetan egindako desobiratzeei dagozkien emaitzak dira, azken hauek. 

euskal herriren bateko beste 9 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu eta haien familiei eman zaizkie. Nafarroako Foru Komunitatean egindako 4 exhumazio dira, eta beste 5 beste toki batzuetan.

Dokumentatutako lurperatzeak, desobiratzeen kronologia Begoñako hilerrian

Begoñako Argia proiektuaren barruan, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, Gerra Zibilean dokumentatutako hildakoen gorpuzkiak Begoñako hilerritik ateratzeko lanak hasi ziren 2021eko abenduaren 4an. Lehenbiziko esku-hartze horretan, hamalau gorpu atera ziren: Bilboko bonbardaketetan hildako bost pertsona, eta frontean edo ospitale militarretan gerrako zaurien eraginez hil ziren bederatzi gudari eta miliziano. Lanak ikusten Fenanda Laera egon zen, Fernando Laeraren alaba. Fernando Gerra Zibilean hil zen eta Begoñan lurperatu zuten, Gogora-ren dokumentazioaren arabera. Halere, ez da hilerriko erregistroan ageri.

2022ko urtarrilaren 29an, Santa Teresako bigarren zona batean gorpuak ateratzeko lanek aurrera jarraitzen dute. Egun hartan beste lau pertsonaren gorpuak atera ziren: hiru gudari eta bonbardaketan hildako pertsona bat. Lau pertsona horietako bat Tomás Rubín Marín zen. Haren semea, Ángel Rubín eta beste senide batzuk desobiratzean egon ziren.

Aurtengo martxoan, Aranzadiko lantaldea Santa Teresako azken zonara iritsi da. Bertan Gerra Zibilean hildako pertsonak banan-banan lurperatuta daude. Gainera, hilerriko erregistroaren arabera, hilobi komun txiki bat dago, lau gorpurekin.

Leku horretan banaka lurperatutako hamabi pertsona desobiratu dira: bost soldadu errepublikazale, frontean egondakoak; matxinatuen fronteko errekete bat, bonbardaketa batean hildako bi pertsona (ama-alaba bi), eta Bilbo tropa frankisten mende erori zenean zartatu gabe geratu zen obus baten leherketan hil ziren hiru pertsona. Desobiratze lanetan Martín Faboren iloba egon da: Martín gudaria zen eta 23 urte zituela hil zen gerran. José Luis Arriolaren ilobak ere bertan egon ziren. José Luis 26 urte zituela hil zen, 10 eta 11 urteko 3 umerekin batera, Begoñan obus bat lehertu zenean, 1937ko ekainean, matxinatuek Bilbo hartu eta egun batzuetara.

Euskadin gaur arte aurkitu den Gerra Zibileko hobi komunik handiena

Hala eta guztiz ere, banako ehorzketez gain, Santa Teresako eremu horretan hilobi komun handi bat dago, inongo dokumentaziotan aipatzen ez dena. Lau ataletan banatuta dago: lehenengoan bi gorpu daude, bigarrenean beste bi, hirugarrenean 17, eta laugarrenean 25. Guztira, 46 gorpu.

Hilobiko lehenengo bi ataletan lau pertsona daude lurperatuta. Ahoz gora zeuden, eta gutxienez batek exekutatua izanaren zantzuak zeuzkan (bala-zuloa garezurrean eta eskuak bizkarrean lotuta). Lau pertsona horiek hilerriko erregistroaren arabera hilobi komun batean lurperatuta dauden lau pertsonetatik hiru izan litezke. Laugarrena ez da erregistroan ageri, baina hilarria zeukan leku horretantxe. Dauzkagun dokumentuetako datuen arabera, gutxienez bi matxinatutako bandokoak izango lirateke, eta ziurrenik errepublikazaleek exekutatu zituzten, frankistek Bilbo hartu baino egun batzuk lehenago.

Hilobiko 3. eta 4. atalek 17 eta 25 gorpu dauzkate, hurrenez hurren. Eta, desobiratzeetan aurkitu den materialak erakusten duenez, guztiak Errepublikako soldaduenak dira (bai gudariak, bai milizianoak). Hirugarren atalean, berriz, gorpu guztiak ahuspez daude, eta laugarrenean, batzuk ahuspez eta besteak ahoz gora.

Material asko dago gorpuen alboan: txanponak, objektu pertsonalak (txiskeroak, arkatzak, orraziak, labanak, botoiak, ...), botak, munizio asko, soldaduen txapak eta gerriko-belarriren bat.

Desobiratze lanak amaitu barik daude. Oraindik Errepublikako zazpi gudari eta miliziano daude lurpetik ateratzeko Santa Teresako zonan, eta matxinatuetako bi Santa Luziako zonan. Datozen asteetan, haiek lurpetik aterako dira.

Gogora Institutuaren bidez, ADN probak egingo zaizkie agertzen diren gorpuzki guztiei, eta Begoñako hilerrian ehortzitako gerrako biktimen senideen ADNarekin alderatuko dira.

‘Begoñako Argia’ proiektua

Begoñako Argia memoria historikoaren arloko ikerkuntzako, zabalkuntzako eta formazio zientifikoko proiektu bat da, Aranzadi Zientzia Elkarteak bultzatua eta Bilboko Udalak diruz lagundua.

Haren barruan, unibertsitate-praktiketako campus bat antolatu da, historiaren, ondarearen eta antropologiaren arloetako ikerkuntzaren ingurukoa; proiektuan, zenbait unibertsitate-zentro eta entitate zientifiko integratu dira, batez ere Bilbon eta inguruetan kokatutako unibertsitateak (besteak beste Euskal Herriko Unibertsitatea, UNED...), baita Estatuko beste leku batzuetakoak ere (Granadako Unibertsitatea, Madrilgo Complutense Unibertsitatea, Santiago de Compostelako Unibertsitatea....).

Indusketa/desobiratze prozesuan sartzen dira:

- Indusketa mekanikoa edo eskuzkoa eta hezur-hondarren dokumentazio arkeologikoa (aire zabalean).

- Hondakin materialak garbitzea, analizatzea, sailkatzea eta tratatzea.

Eta, hori guztia, berreskuratzeko, ikertzeko eta zabalkunde zientifikoa egiteko prozesu baten barruan, betiere leku horri eta Bilboko memoria historikoari zor zaien sentsibilitate sozialarekiko begirunez.

 

Prentsaurrekoan emandako bideoa ikusteko: https://youtu.be/yWDpbkwMiB8

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
Beste gonbidatu batzuk
  • Juan Mari Aburto (Bilboko alkatea)Asier Abaunza (Bilboko Uda. Hiri-Plangintza, Obra, Zerbitzu, Hiri-Eraberritze eta Espazio Publikoko Zinegotzia); Juantxo Agirre (Aranzadi Zientzia Elkartean idazkari nagusia); Lourdes Herrasti eta Anartz Ormaza (Aranzadi)