Berriak Hezkuntza

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari elkarrizketa Euskadi Irratian

2022-03-30

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan izan da gaur goizean. Bertan, hezkuntzarekin eta berak zuzentzen duen Sailarekin zerikusia duten hainbat gai izan ditu hizpide. Horien artean, bereziki azpimarratu ditu Hezkuntza Hitzarmena eta Finlandiara eta Estoniara egin berri duen bidaia, herrialde horietako hezkuntza-sistema ezagutzeko.

Estonia eta Finlandiara egindako bisitetatik, herrialde horietan hezkuntzak gizartearentzat duen garrantzia nabarmendu du Bildarratzek, Euskadin ematen zaion bezalakoxea. “Orain ikusi dugu Legebiltzarrean, alderdi politiken arteko adostasuna. Eta horrek esan nahi du alderdiek hezkuntza lehenetsi dutela, eta hurrengo urteetarako irizpideak markatu dituztela”.

Europa Iparraldeko herrialdeetan ezagututakoen artean, eta hango hezkuntza sistemen ezaugarrien artean, ikastetxeen autonomia, irakasleen prestakuntzak duen pisua, edo udalek hezkuntzan duten eskumena azpimarratu ditu sailburuak, beste zenbaiten artean.

Legebiltzarrean adostu den Hezkuntza Hitzarmenari buruz, betan jasotzen den zerbitzu publikoaren kontzeptuaz aritu da Bildarratz Hezkuntza sailburua. “Zerbitzu publiko horrek bi ardatz ditu. Bata ikastetxe publikoak, bai Gobernu honentzat eta Legebiltzarreko taldeentzat lehentasunezkoa; eta itunpeko ikastetxeak ere baditugu, zerbitzu publiko horren parte oso inportantea. Hauei giza inplikazio bat eskatzen zaie”, azaldu du.

Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordearen irizpen horrek segregazioari aurre egiteko neurriak ere jasotzen ditu, gai honi ere heldu dio sailburuak elkarrizketan. Azaldu duenez, Hezkuntza Saila ikerketa bat egiten ari da, “eta lan horren ondorioz gauza izango gara neurri horiek 2023 uretrako aplikatzeko”. Segregazio mota guztiei aurre egiteko neurri zehatzak aipatu ditu, hala nola, matrikulazio zentralizatua, ikastetxe guztiek jaso beharko dituztela egoera zaurgarrian dauden ikasleak eta ezberdintasunak, “alegia, berdin dio publiko zein itunpeko izan, guztien jaso beharko dituztela dauden errealitate desberdinak”.

Hezkuntza Hitzarmenaren harira, dokumentu horrek dituen indarguneen artean zuzendaritzak ahalduntzea eta hauen lidergo pedagogikoa nabarmendu ditu. “Ikastetxeak ahaldundu egin behar dira. Horretarako zuzendaritza indartsuak behar dira, eta hezkuntza komunitatea inplikatzea”, azaldu du, gurasoen eta udaletxeen inplikazioa ere gehituz. “Azkenean, gizarteaz eta gazteen etorkizunaz ari garenez, gizarte kohesioaz ari garenez, guztion zeregina da hezkuntza”.

Bildarratzen esanetan, Legebiltzarreko akordioarekin oso gauza inportantea lortu da. “Legebiltzarraren  %90ek etorkizuneko proiektu bat babestea. Hasiera horretatik, lanean jarraitu beharra dugu, eragile guztiak horretara biltzea, eta etorkizuneko hezkuntza hori martxan jartzea”, azaldu du.  

Amaitzeko, Ukrainako gerratik ihesi Euskadira iristen ari diren haurren inguruan, esan du, dagoeneko 231 ume daudela Euskal Hezkuntza Sisteman eskolatuak. “Helburu nagusia ikasle hauek gure ikastetxeetan beso zabalik hartzea da, eta ikastetxean dauden momentu horietan gutxienik goxo egotea”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak