
Lehendakariak eskolako bizikidetza eta ongizate emozionalari buruzko kongresua ireki du
-
“Ongizate emozionala eta bizikidetzarekin denok BAT” leloarekin, mailarik goreneko hizlariak ekarri ditu kongresuak
-
Hezkuntza Sailak antolatuta eta Bizikasi ekimenaren baitan, 600 lagun inguru elkartuko dira bi egunez Euskalduna Jauregian
Iñigo Urkullu Lehendakariak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera, Hezkuntza Sailak antolatu duen “Ongizate emozionala eta bizikidetzarekin denok BAT” kongresuari irekiera eman dio gaur goizez Bilbon. Kongresu hau eskola jazarpenaren aurkako eta bizikidetza positiboaren aldeko Bizikasi ekimenaren baitan kokatzen da.
Bi egunez, gaur asteazkena eta bihar osteguna, 600 lagun inguru elkartuko dira Bilboko Euskalduna Jauregian, hezkuntzako profesionalak, osasun mentalaren arlokoak zein unibertsitateko aditu eta ikerlariak. Eskolako bizikidetza eta ongizate emozionalaren inguruan ikuspuntuak eta hausnarketak partekatuko dituzte bertan. Era honetan, bizikidetzan eta bizikidetzarako hezteko erronka eta erantzukizuna jorratzeko topagune bihurtu da kongresua, ongizate emozionala zaindu eta sustatuko duen eskola abegikor eta segururako bideei buruz hausnartzeko foro egokia.
Erronka hori lortzen laguntzeko asmoz, Hezkuntza Sailak egitarau oparoa prestatu du. Maila goreneko hizlariak, bizikidetza positiboa eraikitzeko tresnen aurkezpenak eta helmuga lortzeko lanean jarraitzera animatzen duten esperientzia pedagogiko inspiratzaileak batzen ditu bi eguneko egitarauak.
Maila goreneko hizlariak
Lehendakariak kongresuaren irekiera egin ondoren, lehen hizlaria Boris Cyrulnik neurologo, psikoanalista eta psikiatra izan da, psikologia modernoko erreferenterik handienetako bat. “Hizkuntza eta atxikimendua” hitzaldian, neurologo frantziarrak haurrak txiki-txikitatik, baita amaren umetokian daudenetik ere, euren inguruan entzuten dituzten soinu eta hitzez nola jabetzen diren azaldu du, eta horrek eragiten duen atxikimenduaz ere aritu da.
Ondoren, Fina Sanz psikoterapeuta, pedagogo eta sexologoak hartuko du Cyrulnik irakaslearen lekukoa, “Tratuona” hitzaldiarekin. Terapeuta honek pertsonaren garapen integrala proposatzen du, problematikei dimentsio pertsonaletik, harremanetatik eta alderdi sozialetik helduz, nork bere buruaren ezagutza eta bizikidetzarako loturak sortzeko beharrezkoak diren aldaketak erraztuko dituztenak, berdintasunezko, errespetuzko eta tratuoneko harremanak erraztuko dituztenak.
Bizikasi: autodiagnostikorako tresna berria
Biltzarreko punturik nagusienetako bat Hezkuntza Sailak gaur egingo duen aurkezpenarekin iritsiko da: Bizikasi ekimenaren baitan, ikastetxeei zuzenduriko autoebaluaziorako erreminta berria aurkeztuko dute Lucia Torrealday Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak eta Alfonso Fernandez ikuskariak.
Hezkuntza Sailak bost urte daramatza, Bizikasi ekimenaren bitartez, ikastetxeen eskura jartzen irizpideak, prestakuntza eta material multzo bat, bizikidetza positiboa garatzeko esku-hartzeak hobetzeko eta jazarpena eta ziberjazarpena geldiarazteko. Era honetan erantzun positiboa ematen zaie eskola-jazarpenagatiko esku-hartze eskaerei.
Orain, Bizikasik beste urrats bat egin du, eta tresna berri hau abiatu du, ikastetxeek erabil dezaten bizikidetzarekin eta eskola-jazarpenaren aurreko esku-hartzeekin zerikusia duten hainbat izapidetan autoebaluazio egiteko lagungarri gerta dakien. Horrek berekin dakar lorpenei eta hobetzeko dauden arloei buruzko informazioa ere jasotzea. Beraz, tresna hezigarria da nagusiki, eta ez dago bizikidetza mailak neurtzera bideratuta.
Bihar, martxoak 31, kongresuak bestelako hainbat gairekin jarraituko du, honako gai hauek, besteak beste: ikasleen parte-hartze ereduak, bizikidetzako eskola-giroa hobetzen laguntzeko; osasun mentala eta jokabide suizidak hautematea; edo haur eta nerabeen artean gero eta hedatuago dagoen mundu digitalaren kode eta erreferenteetara hurbiltzea.
Jardunbide egokiak
Bi egun hauetan, Euskal Hezkuntza Sistema osatzen duten hainbat ikastetxek elkarbizitzaren eta ongizate emozionalaren arloetan garatzen dituzten proiektuak azaldu eta partekatuko dituzte, jardunbide egoki gisa.
Gaur, asteazkena, eta jardunaldiari amaiera eman aurretik, Bilboko Cervantes HLHIk, Otxandio HLHIk eta Gasteizko Presentación de Maria ikastetxeak beren esperientzien berri emango dute. Bihar, martxoak 31 osteguna, Gasteizko Koldo Mitxelena BHIren, Irungo Toki Alai BHIaren eta Errenteriako Bizarain HLHIren txanda izango da.
Kongresuari buruzko informazio guztia, egitarau osoa, hizlarien profilak eta aurkeztuko diren jardunbide egokiak HEMEN dituzue eskura.