Berriak Osasuna

Osasuneko sailburuak iragarri du intzidentzia-tasa eta ospitaleetako-presioa murriztuko direla Euskadin

2022-03-29

 

Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak, gaur goizean, agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren ondoren ohikoa den prentsaurrekoan, eta EAEko egoera epidemiologikoaren eta asistentzialaren berri eman du, bai eta Web bidezko hitzorduari buruzko datuen eta COVID-19ari aurre egiteko zaintza- eta kontrol-estrategiaren berri ere.

Hori horrela, Sagarduik EAEn koronabirusaren intzidentziaren datu eguneratuak eman ditu, eta esan du datuek pentsarazten digutela datozen egunotan eta asteotan ez dugula aldaketa handirik izango pandemiaren bilakaeran. “Baliteke pixka bat behera egitea kutsatuen zifretan, baldin eta azken egunotako datuak finkatzen badira”, esan du. Ospitaleen egoera dela eta, sailburuak esan du azken hilean onera egin duela, eta bereziki ZIUetan.

Bestalde, Sailburuak Web bidezko hitzorduaz ere hitz egin du; pasa den martxoaren 1ean jarri zen abian. Nabarmendu du, hala, lehen lau asteotan 100.000 hitzordu baino gehiago eman direla, eta, ondorioz, ez dela “telefono-dei kopuru hori kudeatzeko lana egin behar izan”. Baina, Sagarduiren hitzen arabera, garrantzitsuena da egiaztatu dela, nahiz eta denbora bat daramagun joera hori ikusten, tresna horren bidez behera egin duela familia-medikuntzako langileetara zuzendutako kontsulta kopuruak eta gora erizaintzako langileetara zuzendutakoak. “Horrek esan nahi du eskaria kudeatzeko sistema ongi dabilela. Hau da, lortzen ari da hasieratik osasun-arretako eskaria dagokion lanbide-profilera bideratzea, kasu honetan erizaintzara, medikuntzatik igaro gabe”, esan du.

Zehazki, webeko tresna berriaren bidez emandako hitzorduetatik, osasun-motiboei dagozkienetatik, administrazioko izapide ez direnetatik, % 60ri familia-medikuntzako langileek ematen diete arreta, eta, 2019an, % 73ri; % 23 ingururi erizaintzako kontsultetan ematen zaie arreta, eta, 2019an, hitzorduen % 14 inguru bideratzen ziren espezialitate horretara.  Gainerakoak pediatriakoak dira; ez dira aldatu.

COVID-19ari aurre egiteko atzo indarrean sartu zen zaintza- eta kontrol-estrategia berriari dagokionez, Sagardui sailburuak aipatu duen nobedade nagusiena da, besteak beste, zaintza eta segimendua sintomatologia larriagoa duten pertsonetan, nagusien kolektiboan, kalteberen kolektiboan eta haiekin zuzenean harremanetan egoten direnetan zentratuko direla. “Deskribatutako kolektibo batekoak bagara edo COVIDekin lotura duten sintomak baditugu, Osakidetzaren inprimakia bete behar da, proba diagnostikoa egiteko, eta, bitartean, arretaz ibili behar dugu, maskara zuzen eta etengabe erabili eta elkarrekintza sozialak ahalik eta gehien murriztu”, esan du.

Egoera berri horretan, datu esanguratsuena osasungintza-sistemaren gaineko presioa izango da: asteko ospitalizazioak eta ospitaleetako eta ZIUetako oheen okupazioa, intzidentzia-tasa 60 urtetik gorakoetan.

Zehazki, 60 urtetik gorakoek eusten diote, une hauetan, biztanleria orokorrak baino bilakaera txarragoari.Sagarduik nabarmendu du intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 625 kasu metatukoa dela 14 egunean.“Tasa horrek goranzko joera erakusten du, piko moderatuarekin, baina goranzkoa. Bereziki adi egon behar dugu pandemiaren bilakaerarekin datozen egun eta asteotan adin-talde horretan, eta bilakaera horrek ospitalizazio berriei dagokionez duen inpaktuarekin", esan du.

“Beraz, ADI jarraitu behar dugu. Ez da eta amaitu, inolaz ere ez. Egoera epidemiologiko eta asistentzial guztia baldintzatuko duen aldagai berria agertzeak prebenitu beharreko aukera izaten jarraitzen duelako”, esan du, amaitzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak