Berriak Hezkuntza

Hezkuntza Sailak 5,8 milioi euroan handituko du Ikasleentzako ordenagailuak eskuratzeko dirulaguntza deialdia (Gobernu Bilera 2022-3-29)

2022-03-29

 

  • Honela, ikasleentzat ordenagailu eramangarriak eskuratzeko itunpeko ikastetxeentzako deialdia 21,1 milioi eurokoa izango da

 Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta,  5.869.928,96 euroan handitzea 2021eko azaroaren 23ko Aginduari, zeinaren bidez dirulaguntzak ematen zaizkien itunpeko ikastetxeei, ikasleentzat ordenagailu eramangarriak eskuratu ditzaten. Diru-kopurua handituta, aipaturiko deialdiaren zenbateko osoa 21.169.928,96 eurokoa da. 

Gobernu Kontseiluan joan zen azaroaren 23an onarturik, laguntza hauek arautzen dituen deialdiak 15.300.000 euroko diru-kopurua aurreikusten zuen hastapenean, baina bere artikuluetan jasotzen du zenbateko hori handitzeko aukera ere, eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa aintzat hartuta. 

2021-2022 ikasturtean hezkuntza-ituna indarrean duten ikastetxeei zuzenduriko laguntza hauen helburua da, 2021 eta 2022 ekitaldietan ikastetxe hauek egin duten ordenagailu eramangarrien erosketa finantzatzen laguntzea. Ordenagailu hauek Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleek aurrez aurreko eskoletan erabil ditzaten izan beharko dute erosiak. 

Deialdi honen bidezko dirulaguntza jaso ahal izan dezaten, ordenenagailu hauek Hezkuntza Sailak sare publikorako eskuratu dituenen pareko ezaugarri teknikoak izan beharko dituzte. 

Hezkuntza Saila garatzen ari den Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Planak apustu irmoa egiten du teknologia digitalak hezkuntza-maila guztietan txertatzearen alde; hartara, teknologia hauek duten potentzialtasun guztia baliatuko baita irakaskuntza eta ikaskuntza-praktikak hobetzeko eta dibertsifikatzeko, bai eta konpetentzia digitalak garatzeko ere. 

Plan hau garatze aldera, Hezkuntza Sailaren asmoa da ordenagailu eramangarri bana ematea Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasle guztiei, hezkuntza-arloan erabil dezaten.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko