Berriak Lehendakaritza

Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroaren osoko bilkurak 2022ko kudeaketa-plana onartu du  

2022-03-29
  •  Foro horrek bideratzen du 2030 Agendaren gobernantza partekatua erakundeen eta gizarte-eragileen artean
  • Lehendakariak aurkeztu du Foroaren Lehendakaritzaren bigarren Adierazpena, Ukrainaren inbasioak GJHetan duen eraginari buruzkoa
  • ”2030 Agenda mundu-mailako batasun- eta konpromiso-esparru bat da, basakeriarako eta izurako atzerakadari aurre egiteko”
  • “Ukrainaren inbasioa Garapen Jasangarriko Helburuek proiektatzen eta sustatzen dutenaren aurkakoa da erabat”
  • ”Batasuna, nazioarteko erakundeen irmotasunean eta diplomazian, bai eta eliza ortodoxo eta katolikoen aliantza ekumenikoan ere” 

Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroak bigarren osoko bilkura egin du gaur arratsaldean. Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, Gipuzkoako Teknologia Parkeko eraikin nagusian egin da bilera, Miramonen (Donostia). Foro horrek bideratzen du 2030 Agendaren gobernantza partekatua euskal erakundeen eta gizarte-eragileen artean. Eratzeko bilera azaroaren 9an egin zuen, Arabako Teknologia Parkearen eraikin nagusian, Miñaon. 

Lehendakariaz gain, honako hauek ere organo horretako kideak dira: Eusko Jaurlaritzako sailburu guztiak; hiru foru-aldundiak; EUDEL eta hiriburuetako udalak; hiru euskal unibertsitateetako errektoreak; Euskadiko hirugarren sektoreko erakundeen ordezkaritza bat Sareen Sarearen bitartez; bai eta lankidetza publiko-pribatuko ordezkariak ere, Basque Center for Climate Change (BC3), Basque Research and Technology Alliance (BRTA) partzuergo zientifiko-teknologikoa edo ACLIMA Basque Environment Cluster direlakoen bitartez. 

Foro horrek honako organo hauek ditu: Osoko Bilkura, Batzorde Iraunkorra eta bost lantalde: Gobernantza, Bultzatu 2050 Euskadiko Hiri Agenda, Eraldaketa Soziala, Eraldaketa Energetiko-klimatikoa eta Eraldaketa Ekonomiko-digitala. Guztiak eratu dira, behin baino gehiagotan bildu dira joan den azaroaren 9tik, eta beren lanei ekin diete.

Bigarren osoko bilkura honetan, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroaren 2022ko Kudeaketa Plana onartu da. Onetsitako agiriak legegintzaldiko lehentasunak, 2022rako lan helburuak eta aurtengo bileren egutegia zehaztu dizkio organo bakoitzari. Urteko kudeaketa planak onesteko metodologiak berarekin dakar urtero kudeaketa memoria bat prestatzea, ekitaldi bakoitzerako aurreikusitako helburuak betetzen diren ebaluatzeko. 

Osoko bilkura bakoitzak bere gai-zerrendako puntu bat eskaintzen dio Garapen Jasangarrirako 17 helburuetako bati. Gaurko bileran 11. Helburua: hiri eta komunitate jasangarriak delakoari heldu zaio. Hurrengo osoko bilkura urriaren 25ean izango da, Bilbon. 

Bileraren hasieran, Lehendakariak Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroaren Lehendakaritzaren bigarren adierazpena aurkeztu du. Oraingo honetan, Ukrainaren inbasioak Garapen Jasangarriko Helburuen proiekzioan eta aplikazioan duen eragina izan du ardatz. Adierazpenaren izenburuak edukia behar bezala argitzen du: "2030 Agenda mundu-mailako batasun- eta konpromiso-esparru bat da, basakeriarako eta izurako atzerakadari aurre egiteko". 

Lehendakariak adierazi duenez, pandemiaren ondoren, eragin globaleko gertaera berri batek agenda hori berriro irakurtzera bultzatzen gaitu. 2015ean, Nazio Batuek “gizateriarentzat garrantzi kritikoa duten bost esfera” zehaztu zituzten 2030 Agendarekin: pertsonak, planeta, oparotasuna, bakea eta itunak. Errusiar armadak Ukrainan izan duen inbasioak −azpimarratu du Lehendakariak−, nazioarteko zuzenbidearen urraketa onartezinaz gain, eraso zuzena egiten dio lehentasun neuralgiko horietako bakoitzari. 

Adierazpenaren edukiari jarraiki, Lehendakariak eraso horrek bost eremu hauetan zer dakarren aztertu du: 

Pertsonak. Gerrak ahulenen sufrimendua eta zigorra areagotzen ditu. Giza duintasunaren aurkako guztia irudikatzen du. 2030 Agendak, gaur egun, batasuna eta konpromiso humanitarioa esan nahi du Ukrainatik errefuxiatu eta lekualdatutako pertsonen harreran. Euskadi helburu horren alde ari da buru-belarri.

Planeta. Gerra kolapsoaren aliatua da. Dena jasanezina izatea eragiten du. Mehatxu bat da ekosistementzat eta gehien eragindako lurraldeen etorkizunarentzat. Dena jartzen da arriskuan, energiatik edo garraiotik hasi eta elikadura- edo hornidura-baliabideetara arte. Garapen Jasangarriko Helburuekiko batasuna eta konpromisoa energiaren eta klimaren eraldaketaren iparraldeari eusteko. Euskadin, Basque Geeen Deal. 

Oparotasuna. Gizakiek bizitza oparoaz eta aurrerapenaz gozatzeko aukera izan behar dute. 2030 Agendak ibilbide-orri bat zehazten du inor atzean ez uzteko. Batasuna eta konpromisoa pertsona, familia, enpresa eta sektore kalteberenei eta zailtasun handienak dituztenei laguntzeko. Euskadik elkartasunez eta neurri zehatzekin erantzungo du berriro, susperraldi ekonomikoaren eta enpleguaren alde eginez. 

Bakea. Gerra bidegabekeria galanta da, gaizkiaren, beldurraren eta kaosaren bidez abantaila lortzeko baliabidea. 2030 Agenda batasun- eta konpromiso-agenda bat da eraso hori gaitzesteko, biktima guztiekiko elkartasunerako eta giza eskubideekiko errespetua zalantzarik gabe defendatzeko, gizarte zibilizatu baten muga gaindiezin gisa. 

Aliantzak. Onura sozial, ekologiko eta ekonomiko partekatua lortzen laguntzea. Herrialde baten inbasio militarra nazioarteko legezkotasunaren alde bakarreko mespretxuaren adierazpen basatiena da. 2030 Agenda elkartasunean, nazioarteko lankidetzan eta multilateralismoan oinarritutako Munduko Aliantza batekiko batasuna eta konpromisoa da. Batasuna eta konpromisoa, bai irmotasunean, bai diplomazian. Alde horretatik, aliantzen beharra Nazio Batuei, EBri eta gobernuei dagokie. Bestalde, espero daiteke eta laguntzekoa izango litzateke eliza kristau ortodoxoaren zein katolikoaren aliantza ekumenikoak ekarpena egitea gerra berehala eteteko. 

Lehendakariak bere hitzaldian azpimarratu duenez, Ukrainaren inbasioa 2030 Agendak proiektatzen eta sustatzen duenaren guztiz kontrakoa da. Basakeriarako eta izurako atzerakadari aurre eginez, Garapen Jasangarrirako Helburuak mundu arduratsu, solidario eta zibilizatu baten batasunerako eta konpromisorako ibilbide-orri sozial, politiko, instituzional eta nazioartekoa dira. 

Esan du Ukrainaren inbasioari erantzuteak ez gaituela eraman behar geure borondate eta uste sendoagatik ezarri ditugun printzipio eta helburuetatik urruntzera. Nazioarteko batasuna eta konpromisoa bikoiztu, indartu eta sakondu behar dugu ezarri ditugun printzipio eta helburuetan. Erantzuna batasun eta nazioarteko konpromiso handiagoa da 2030 Agendak adierazten duen guztian. 

Adierazpenari amaiera emateko, Lehendakariak honela adierazi du konpromisoa: "Euskal Autonomia Erkidegoak apaltasunez hartzen du bere gain batasun eta konpromiso horri dagokion erantzukizuna eta ekarpena, bai nazioarteko eta alde anitzeko ahaleginak babestuz, bai bere lurraldean kokatuz, eta bere esku dagoen guztian, agenda horren garapena pertsonen, planetaren, oparotasunaren, bakearen eta aliantzen alde".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak