Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Pilar Unzalu: EcoEuskadi estrategiari esker, EAE Europako hegoaldeko aitzindari izateko bidean dago, iraunkortasunari dagokionez

2011.eko urriak 11

Horrez gain, sailburuak 2010-2014 Ekoeraginkortasun Programa Euskal Enpresan eta EAEko ur-arloko politika ere aurkeztuko ditu Bruselan

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Pilar Unzalu andreak gaur Bruselan adierazi duenez, EcoEuskadi 2020 Euskadiko Garapen Jasangarrirako Estrategiari esker "EAE Europako hegoaldeko aitzindari izateko bidean dago, iraunkortasunari dagokionez". Pilar Unzalu andreak EcoEuskadi 2020 estrategia aurkeztu die Janez Potocnik Ingurumeneko Europako komisarioari eta eskualdeetako ministroei; horrez gain, URA Uraren Euskal Agentziaren bitartez Sailak garatzen dituen EAEko ur-arloko politika eta 2010-2014 Ekoeraginkortasun Programa Euskal Enpresan programa ere aurkeztu dizkie.

EAEko sailburuak azaldu du EcoEuskadi estrategian politika sektorialak eraginpean hartzen dituen formula bat proposatu dela, administrazioek orain arte politika sektorialekin jardun duten aldetik. "EAEko gobernu eta Sail guztietan iraunkortasunaren ikuspegia txertatzea da xedea; hain zuzen ere, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren arloetako iraunkortasuna txertatzea politika sektorial guzti-guztietan", zehaztu du.

Era berean, EAEn "gizarteak, gazteek eta ekonomiaren eta enpresen sareak barneratuta dute iraunkorragoak izan behar dugula", eta gogorarazi duenez, "konpromiso kolektibo horren erakusgarri da, besteak beste, Gasteiz European Green Capital izendatu izana 2012rako".

Sailburuak behin eta berriz aipatu du EcoEuskadi 2020 estrategiaren alderdi positiboetako bat parte-hartze prozesua izan dela, gizarteak, enpresek eta erakundeek parte hartzeko prozesua, alegia; izan ere, 50 foro fisiko eta birtualen bidez 4.000 parte-hartzaile baino gehiago izan dira eta, bereziki, gazteen inplikazioa nabarmendu nahi izan du, ikastetxeen, Lanbide Heziketako zentroen eta Unibertsitatearen bitartez.

EcoEuskadi estrategiaren helburu zehatzak honako hauek dira, besteak beste: 20-64 urteko biztanleen enplegu-maila % 75era iristea (gaur egun % 68 da); ikerketan, garapenean eta berrikuntzan BPGaren % 3ko inbertsioa egitea (gaur egun % 2 da); berotegi-efektuko gas-isurpenak % 20 murriztea, 2005. urteko mailaren aldean, energia berriztagarrien iturrien ehunekoa handitzea, % 17raino eta eraginkortasun energetikoa, % 20raino; eskola-uztearen arazoa % 10etik behera murriztea (gaur egun % 12,6 da) eta goi-mailako irakaskuntza bukatzen duten 30-34 urteko biztanleen ehunekoari eustea % 40tik gora; pobrezia-atalaseen azpitik bizi direnen kopurua % 15etik behera murriztea (gaur egun % 19 da).

2010-2014 Ekoeraginkortasun Programa Euskal Enpresan

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Pilar Unzalu andreak 2010-2014 Ekoeraginkortasun Programa Euskal Enpresan programa aurkeztu die komisarioari eta eskualdeko ministroei; dagoeneko 210 enpresa baino gehiago eta 16 erakunde -publikoak nahiz enpresaburuenak- atxiki zaizkio programari eta, guztira, EAEko 2.000 enpresa txiki eta ertain baino gehiago biltzen dituzte. Horiek guztiek ingurumenaren aldagaia lehiakortasun-faktoretzat hartzen dute.

Unzaluren esanetan, "euskal enpresak merkatuaren eskakizun berrietara egokitzeko ahalmen handia du" eta, azaldu duenez, programa hori "alderdi publikoaren eta alderdi pribatuaren arteko erantzunkidetasun-eskemari jarraiki diseinatu da, betiere enpresek honako konpromisoa hauek hartzeko helburua izanik: beren produkzioko eta antolaketako prozesuetan ingurumen-hobekuntzak txertatzea, ekodiseinua bultzatzea edo produktu eta zerbitzu berdeak eskaintzea".

Programaren bitartez teknologia garbiagoak eskuratzeko pizgarriak ere ematen dira, baliabideen kontsumoa murriztearren eta Berotegi Efektua eragiten duten Gasen emisioa mugatzearren.

EAEko uraren arloko politika

Pilar Unzaluk, bestalde, EAEko ur-arloko politikaren berri eman du, baita EAEko plangintza hidrologikoaren berri ere, 2050. urtera arteko mugarekin.

Euskal Autonomia Erkidegoko barneko arroen Plan Hidrologikoa osatzeko eta Euskadin uholde-arriskua duten 100 eremu identifikatzeko buruturiko lanak aipatu ditu sailburuak eta, jarraian, Uholdeetarako Alerta Sistema Goiztiarra Sistema azaldu du, uholdeak baitira "EAEko arrisku natural handienak".

Ildo beretik, Herrizaingo Sailarekin batera "sistema baten ezarpena" aztertzen ari direla aipatu du; hain zuzen ere, euri-aurreikuspenak eremu geografiko oso zehatzetan, datu orografikoak eta ibaien portaera aurreikusten duten eredu informatikoak gurutzatzen dituen sistema, uholdeei aurrea hartu ahal izateko". "Horri esker, herritarrei lehenago ohartarazi ahal izango diegu eta kalte materialak eta, batik bat, pertsonalak saihestu ahal izango ditugu, gerta daitezkeen ur-goraldien aurrean", adierazi du.

Bestalde, URA agentziak esku hartzen duen lankidetza-proiektuen berri eman du; agentziak laguntza teknikoa eskaintzen du hego-hemisferioko hainbat herrialdetan, uraren kudeaketarekin loturik.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)