Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko Sailburua Jaume Giró Ekonomia eta Ogasuneko Consellerrarekin bildu da, testuinguru ekonomikoa eta Europako funtsen kudeaketa aztertzeko

2022-03-30

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eta Jaume Giró Kataluniako homologoak bilera egin dute gaur Bilbon, testuinguru ekonomikoa, Ukrainako gerraren eta pandemiaren ondorioak eta Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren Europako funtsen kudeaketa aztertzeko.

Pandemiaren ondoriozko arazoak bideratzen hasiak ziren eta eragile ekonomikoengana konfiantza itzultzen ari zen unean, Errusiak Ukraina inbaditu izanak erabat nahastu egin du 2022-2023 aldirako agertokia mundu osoan.

Bi kontseilariek bat etorri dira EAEko zein Kataluniako ekonomiei gerraren ondorioek eta Errusiari ezarritako zigorrek dagoeneko kalte handia egin dietela aitortzean.

Bilera hau, bi kontseilarien artean izandako horrelako lehenengoa, baliagarria izan da, era berean, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoarekin —BEMarekin— lotutako jarduera eta proiektuen kudeaketari eta jarraipenari buruzko esperientzia bateratzeko, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan. Ildo horretatik, biak bat etorri dira funtsen kudeaketa deszentralizatzeko beharrarekin, diseinu-fasean behintzat, Estatuak Europar Batasunari mailegutan 70.000 M €-ak eskatu behar dizkion une honetan.

Azpiazuk Euskadi Next programaren berri eman dio Giróri, eta azaldu dio Eusko Jaurlaritza programa horren kudeaketari ematen ari zaion ikuspegia, programa horretan sartuta dauden eraldaketa ekonomikoko proiektuetarako Europako ahalik eta baliabide gehien xurgatzeko. Era berean, eskualdeetako susperraldi eta eraldaketa ekonomikorako proiektu estrategikoen (SEEPE-en) planteamendua azaldu dio. Proiektu horiek planteatu dira autonomia-erkidegoetako espezializazio adimenduneko estrategien esparruetako proiektuak sustatzeko, horiek deialdietan zatitu beharrik gabe.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak