Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Eusko Jaurlaritzaren ekimen bati saria eman diote Justiziako Jardunbide Egokien Sariketan

2011.eko urriak 09

Bulego Judizial eta Fiskalaren Zuzendaritzak eskainitako tutoretza pertsonalizatuak eta on line prestakuntza-ikastaroak saritu ditu Justizia Ministerioak

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailaren ekimen batek saria jaso du Justizia Ministerioak antolatutako Justiziako Jardunbide Egokien Sariketako lehenengo edizioan. 'Berrikuntza prestakuntzan eta ezagutzaren kudeaketan: tutoretza pertsonalizatuak lanpostuetan eta on line prestakuntza-ikastaroak' da antolamendu eta kudeaketaren arloko ekimenen kategorian saria jaso duen jardunbidearen izena.

Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburuordetzak martxan jarri duen esperientziak uste sendo bat du oinarri: erakunde batek kalitate-parametroekin funtziona dezan, eta zereginak eraginkortasunez bete ditzan, ezinbestekoak direla gaikuntza eta prestakuntza egokia. Hain zuzen ere, Bulego Judizial eta Fiskalaren Zuzendaritzak bi jarduera-ildo ireki ditu, batez ere bitarteko funtzionarioek prestakuntza praktikoa izan dezaten zereginak eraginkortasunez gauzatzeko gai izan daitezen: tutoretza pertsonalizatuak lanpostuetan eta on line prestakuntza-ikastaroak.

Tutoretzetan, lanpostuetako zereginetan eskarmentua duten langileek prestakuntza ematen diete ezagupen horiek ez dituzten lankideei. 20 orduko prestakuntza praktikoa izaten da, eta lanpostuan bertan ematen da, lan-ordutegitik kanpo.

On line ikastaroak, berriz, bertan kudeatzen dira (zerbitzua ez da kanpora ateratzen, zuzendaritzak berak hartzen du bere gain), eta e-learning plataforma batean ematen dira. Hilabetez egoten dira irekita, eta ikasleak lan-ordutegitik kanpo bakarrik sartu daitezke horietara. Matrikulazioa doan da, eta ikastaroa egiteak ikasleei ez dakarkie inolako ordutegi-konpentsaziorik.

Gaur egun, jurisdikzio zibileko eta zigor-arloko jurisdikzioko ikastaroak eskaintzen dira, eta Justizia Administrazioan eskarmenturik ez duten bitarteko langileei zuzenduta dagoen informazio orokorrari buruzko ikastaroa ere prest dago. Horiez gain, prestakuntza-fasean daude Merkataritza, Lan, Administrazioarekiko Auzi, Betearazpen Zibil eta Zigor Betearazpenaren arloko eta Fiskaltzan adingabeekin erabili beharreko prozedurari buruzko ikastaroak.

Ministerioaren sariketa honen helburua Justiziaren arloko jardunbide egokien aintzatespen eta hedapenean erreferente bihurtzea da, eta lehenengo edizio honetan Banco Español de Créditok, Murtziako Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalak eta REDINJUk (Justiziaren Modernizaziorako Informazio Judizialaren Sarea) aurkeztutako ekimenak ere saritu dituzte.

Iruzkin bat
  • @rafaela_romero
    2011.eko urriak 10

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Una iniciativa del Gobierno Vasco, galardonada en los Premios a las Buenas Prácticas en Justicia. http://t.co/WcyRJTJd

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan